OHARRA: 1998ko irailaren 29an, kamioi batek, Andoaingo bihurgune batean, bere karriletik kontrako karrilera igaroz, gure biloba garbitu zituen: Joanita Amundarain eta Joan Mari Mendizabal, senar-emazteak.

Joanitari eta Joan Mireni
gutuna

Kaixo, ene iloba maite-maiteak!

Hasteko, Joan Mari, ez iezadak galdetu NOLATANik, beste behin, aspaldi batean, ezkontza-aurreko hitzaldiak ematen ari ginela, galdetu hidan bezala: «Nondik nora dakizu zuk, ezkongabea izanik, ezkonduen bizitzako berririk»? Mesedez, ez iezadak NOLATANik galdetu, ez; nire erantzuna askotan «EZ ZEKIAT» izango duk. Hori argiturik.

Zuek elkarrekiko agertu zenuten maitasuna, txundigarria gertatu zitzaidaa/nan beti, harrigarria, kutsagarria, zoragarria. Zer ote nekien nik zuen maitasunaz? Ez iezadazue galdetu. Ez zekiat. Ez zekinat. Sumatu, barruntatu, «ikusi» egiten ninan. Poz handia ematen zenidaten. Eskerrik asko.

Zuek alabekiko agertu zenuten maitasunak zoro batzuena ematen zia/nan. Burutik joanak bazinete bezala agertu zenuten zeuen txera. Hiru alabetan zein maite zenuten gehiena? Galdera zentzugabe iruditzen zaidak/n. Une batean, beharrik handiena zuenaren gain makurturik ikusi zintuztedan. Zergatik? Bistakoa: hanka batean min dudanean, hanka horri ardura bereziagoa eskaini ohi zioat/zionat. Zertan nabari izan nuen alabekiko maitasuna hura? Ez iezadazue galdetu. Ez zekiat, ez zekinat. Bizi-bizi «ikusi» nian/ninan. Norbaitek bihotzean begi zorrotzak emanak dizkinat.

Andoaingo zuen gertaera hura, erdiragarri izan nian/nan. Ezin sinetsi. Oraindik ere, hainbeste urteren ondoren, leku hartatik igarotzen naizenean, MODU BEREZIAN gogoratzen nauk/n gertakizun hartaz. ZERGATIK? Beste zenbat horrelako ez duk/n gertatzen munduan? Denak dizkiat/nat –egia-egia diotsuet− erdiragarri, baina zuena bestelakoa izan huen. Pena handia, ikaragarria! Zergatik? Ez iezadazue galdetu. Barne-barneko kontua duk. Neuk nola eta noiz jakin gabe, Norbaitek ezarria, txertatua.

Zuena ez huen bukatu Andoainen. Zeruan ikusten zaituztet orain. Zeruko Aitaren altzoan, Nazareteko Jesusen lepoan, Jesusen eta gure ama Andre Mariaren ondoan, zuen eta gure gurasoen… ondoan. Nondik dakidan? Ez iezadazue galdetu. Neure gurasoek, neure familiakoen bizierak, beste askoren jokabideak, bizitzan lagun izan ditudan beneditarrek, beste askok eta askok hazia erein diate/dinate ene bihotzean. Norbaitek, sumatu eta «ikusi» diat/ dinat, hazi horri bizi berezi bat eman diola. Ez zekiat/nat nola. Baina poz handia ematen didan hazi bizi gertatu duk/n. Maite dudan bizia duk/n. Zuengan beterik ikusten dudan bizia. Neuretzat eta beste asko eta askorentzat – gizon-emakume guzti-guztientzat?− espero dudan bizia.

Zuen oraingo bizia «ikusten» diat/nat. Ez iezadazue galdetu NOLA. Ez zekiat/nat NOLA. Baina barne-begiez ikusten diat/nat. «Ikusten» diat/nat, zeuen mundualdian agertu zenuten maitasuna bizi duzuela beste era batean, beteagoan: elkarrekiko, alabekiko, idazten ari zaizuen txoro honekiko, beste askorekiko. «Ikusten» diat/nat ez dela maitasun erromantikoa. «Ikusten» diat/nat benetan arduratzen zaretela maite dituzuenez. Kanako ezteietan Andre Mariak egin zion eskaera egiten diozuela Jesusi: «ardorik ez dute»; «ikusten» diat/nat bero-bero eskatzen diozuela –jakina, eskatu bakarrik ez, goratu ere egiten duzuela, eskerrak eman ere ematen dizkiozuela−: «Jesus maitea eta errukitsua, emaiezu fedea, esperantza eta maitasuna; emaiezu adorea, emaiezu…». Ez iezadazue galdetu nola «ikusten» dudan. Ez dakit. Sumatzen dut, bizia eman didan Aita, ni salbatzera etorri dena, Aitak eta Semeak nire bihotzean txertatu duten Espiritua ez daudela lo, ez daudela eskuak gurutzaturik…

Joan Miren eta Joanita, barkatu luzeegi jardun banaiz. Zatar eta baldar hitz egin badizuet. Badakizue, bihotz-bihotzez egin dizuedala. Badakizue, laster izango dudala orain ditudanak ez bezalako begiez zuek eta beste asko eta asko ikusteko parada. Eskutitz hau hartzean, izan ezazue aukera berezi bat hain maite dudan Jesusi agur bero bat eskaintzeko nire partetik. Baita eskutitz hau irakurriko duten lurreko beste batzuen partetik ere. ZORIONAK: zuena ez zen bukatu Andoainen.

Lazkao, 2016-09-28
Dionisio