Bi konbertsio desberdin eta antzeko (Joan 8,1-11)
Garizumako 5. igandea C 2019-04-07

Gaurko honen aurreko igandeetan, konbertsioaren gaia entzun dugu alde desberdinetatik harturik: bihotz-berritzen ez direnei azken tragikoarekin mehatxu egiteaz, baina, zoritxarrari alde egiteko, urtebeteko epea emanez (3. igandea); seme hondatzaileari harrera ona egiteaz, egoismo hutsaz konbertitu delarik ere, baina itzultzearekin aitari egundoko poza eman diolarik (4. igandea). Gaurko bosgarren igandea hau bihotz-berritzeko baliabiderik hobenaz mintzo zaigu: Jesusekiko hurbileko harremanaz, emakume adulteriogileak eta fariseu amorratu eta oldartsu batek agertua.

Zer egin emakume adulteriogileaz?

Ebanjelioa gertaera zehatz batetik abiatu da: emakume bat adulterioan harrapatu dute. Antzinako legedi guztietan eta Dekalogoan gaitzetsitako bekatua da. Adulteriogileaz zer egin da Jesusi aurkeztu dioten arazoa. Gai honetaz jardunak ziren antzinako legegileak. Hona segidan hiri irizpide.

Ito egin emakumea gizon adulteriogilearekin batean (Hammurabiren Kodea)

K.a. 1750. urte inguruan hil zen Babiloniako Hammurabi errege sonatuaren Kodearen erantzuna da. 129. paragrafoan ebatzi du: «Gizon baten emaztea beste gizon batekin etzana aurkitzen badute, lotu eta bota ditzatela biak urera [Eufrates ibaira]; senarrak emazteari bizia barkatzen badio, erregeak barkatuko dio bere menpekoari ere». Errepara dezagun, legea emakumea aipatuz hasten dela, baina biek merezi dute erailtzea, nahiz eta daitekeena den senarrak barkatzea.

Harrikatu dezagun (lege-maisuek eta fariseuek)

Hori da lege-maisuek eta fariseuek proposatzen dutena, Moisesen Legea aipatuz. Jokabiderik ohikoena da Biblian errudun bat erailtzeko. Gauza logikoa; Israelen ura ez baita ugaria Babilonian bezala, baina harriak bai. Halaz guztiz, lege-maisu eta fariseu hauek ez zuketen gaindituko Biblia-azterketa bat, bi arrazoirengatik.

1.-Moisesen Legeak, herio-zigorraz hitz egiteko, «harrikatu» aditza erruduna erailtzeko sarritan erabiltzen badu ere, ez du erabiltzen sekula adulteriogilearen aurka. Aipatzen ahal luketen testua Deuteronomio liburuko hau izango litzateke: «Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik, berarekin oheratzen bada, hiri-sarrerara aterako dituzte biak eta harrika emango hil arte: neska, hirian izanda ere, laguntza eske deiadar egin ez duelako, eta gizona, lagun hurkoaren emaztegaia bortxatu duelako» (Dt 22,23-24). Baina lege hau ez da mintzo adulterioaz, baizik eta neska bat bortxatzeaz (itxuraz, adostuaz).

2.-Moisesen Legea betetzeko halako ardura izan balute, Jesusengana ekarri beharko zuketen lehena gizonezkoa izango zatekeen, bera ere adulterioan harrapatu baitzuten eta bera aipatuz hasten baita legea («Norbait,… neska… aurkiturik, berarekin oheratzen bada,…»). Bada kasu bat, neska harrikatzea aipatzen duena, baina hura ere ez da adulterio-kasua, baizik eta, gurasoen etxean bizi delarik, birjintasuna galdu duen batena. Ezkondu denean, senarrak konturatu eta salatzen badu, salaketa egiazkoa bada, aitaren etxe-atarira atera eta herriko gizonek harrika emango diote, erail arte, Israelen aitaren etxean prostituzio-zitalkeria egin duelako (Dt 22,20-21).

Nolatan eror daiteke lege-maisu bat hain oinarrizko akatsetan, biblia-ikasketan hainbat urte eman ondoren? Ezjakinez? Legea ahalik era zorrotzenean interpretatzeko gogoagatik? Jesus estu hartu eta salatzeko, Joanek dioenez?

Barkatu egingo diogu (Jesusek)

Jesusek ez die erantzun zalapartaka. Iritzi bat eskatu diote («eta zuk, zer diozu?»), baina ez die erantzun eta zoruan idazten hasi da. Berek ez dute etsi. Azkenean, ordea, berek egin zuluan berak erori. «Zuetarik bekatutik libre denak bota diezaiola lehen harria». Lege-maisuen eta fariseuen bekatu nagusia ez da ezjakintasuna, ezta zorrozkeria ere, baizik eta hipokresia. Alde egin dutenean, Jesus eta emakumea bakarrik gelditu dira, emakumea erdian zutik. Zirrara handiko irudia, pelikularik hoberenerako gaia. Emakumearen zorionerako, Jesus ez da modu zaharkituko aitor-entzule bat. Ez dio galdetu Jesusek adulterioa zenbat bider egin duen, ez zeinekin, ez non, ez noiz egin duen. Bi galdera labur egitera mugatu da («non dira?, ez zaitu inork gaitzetsi?»), eta azkenean barkamena eman dio: «Nik ere ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin gehiago bekaturik».

Batzuetan oso arin hitz egiten da Jesusek bekatariekin bizi izan duen jarreraz, besarkatu eta beraien biziera onetsiko balu bezala. Gaurko emakumeari ez dio esan: «Ez kezkatu, ez dio axola; badakizu norengana jo hurrengo batean». Hau da esan diona: «ez gehiago bekaturik egin». Beraren onerako esan dio, eta ez harrikatu izateko duen arriskuagatik. Kasu honi, generoarena aldatuz, Bibliako esaera zahar hau aplika dakioke: «Adulteriogilea gizon zentzugabea da, bortxatzaileak bere burua izorratzen du» (Esaera Zaharrak 6,32). Horixe da Jesusek gura ez duena, emakumeak bere burua izorratzea.

Lege-maisuen eta fariseuen etsenplu ona

Beren hipokresia eta asmo gaiztoa eta guzti, aitortu behar zaie zerbait onik: pixkana alde eginez joan dira, zeharrenetarik hasita. Gaur egun, ordea, askok ezagutzen dugu Jesusen irizpidea, baina geure burua ontzat emanez jarraitzen dugu eta biktimatzat aukeratu duguna harrikatzen jarraitzen dugu (harrika baino gehiago hitzez eta juzku gaitzeslez).

Oharra: Testu eskandalagarri bat

Ebanjelioko testu hau nahasgarrienetako bat da berezilarientzat. Joanen ebanjeliko pasartea da, baina ez da ageri eskuizkriburik, kodizerik eta irakurgai-libururik hoberenetan; beste batzuek Joan ebanjelioaren bukaeran jarri dute, eta beste batzuek Lukasen ebanjeliora lekualdatu dute (21,38 eta hur. edo 24,53.aren segidan). Orri bakan izango balitz bezala jardun dute, asko sartu ala ez dudan ibili dira, eta beste batzuek non sartu ez dakitela.

Ez da harritzekoa pasarte honek zailtasunak harrotu izana. «Zuetarik bekatutik libre denak bota diezaiola lehen harria» delako irizpidea itsu-itsuan onartuko bagenu, aske gelditzen ahal lirateke, bai Isis-eko terroristak, bai esku leuneko lapurrik handienak. Jakina, ez da hori Jesusen asmoa. Emakumeari esan dizkion azken hitzek, «ez gehiago bekaturik egin», argi asko utzi dute ez duela buruan mundu bat zeinetan bakoitzak nahi lukeena egingo bailuke.

Fariseu erradikal eta bortitzaren konbertsioa (2. irakurgaia: Filipoarrei 3,8-14)

Paulok Filipoarrei egindako gutuneko pasarteak ez du kontatzen beraren konbertsioa; halere, konbertsio horren aurreko eta ondorego bizieren konparazioa dakar. Lehenago israeldar peto-petoa izateaz harrotu ohi zen, Benjaminen tribukoa izateaz (zortzi euskal deitura!), zortzi egunera erdaindua izateaz, Legea estu-estu betetzeaz, kristauen pertsegitzaile izateaz. Horrez guztiaz handiro harrotu zen, Kristo aurkitu zuen arte. Ordudanik, erabat aldatu zen Pauloren biziera. Aurreko hura guztia zabortzat jotzen du. Nola salbatuko itsu bizi zen; orain, ordea, badaki, Moisesen Legeak ezin salbatu duela, soilik Kristoganako fedeak, konfiantzak, salbatuko duela. Horregatik, balio duen gauza bakarra Kristo gero eta hobeto ezagutzea da, haren sufrimendua partekatzea, harekin berpiztea. Paulok lasterketa bitxi bezala dakusa bere bizitza. Eman dio jada Jaunak lehen saria, baina korri egiten jarraitu beharra du helmugaraino, atzera begira gelditu gabe.

Emakume adulteriogilea eta fariseua

Aldeak alde, bada gauza komunik bi pertsona hauen konbertsioan: Jesusekiko harreman hurbila. Hori berritasun handia da aurreko igandeetako mezuarekin konparatuz. Oraingo hauetan konbertsioa eragin duena ez da izan, ez beldurra, ez gosea, baizik eta Jaunarekin izandako harreman pertsonala. Harreman horretara bide oso desberdinetatik iritsi dira biak: adulteriogilearen kasuan, beraren arerioek eraman duten Jesusen aurrera; Pauloren kasuan, Jesus irten zaio bidera. Harreman pertsonal hau da berme bakarra konbertsio jator eta iraunkor bat izateko.

Irteera zaharra eta modernoa (1. irakurgaia: Isaias 43,16-21)

Lehen irakurgaiak Salbamen Historiako unerik nagusienak gogorazten jarraitzen du: Abraham, Moises, Josue. Gaurkoan biak kontrajartzen dira: Egiptotik irtetea, faraoiaren gudarostearen kontrako garaipenaz, eta Babiloniatik egindako irteera berria, zeinetan Jainkoak babestuko baitu bere herria basamortuan zeharreko ibileran. Israeldarren arriskua, zahar harekin amets egiten jarraitzekoa da. Eta profetak dio: «utzi antzinakoari begira egoteari; erreparatu egitera noan gauza berriari». Gauza bitxia: bat dator hori Paulok bigarren irakurgaian esan digunarekin: «atzera gelditu denaz ahazturik, aurrean dudanera jo dut».

José Luis Sicre