Fedea bizitzan koronabirusaren aldian (Joan 11,1-45)

Garizumako 5. igandea A (2020-03-29)

Migel Unamunok esan zuen: «Arrazoiz, arrazoi gabe edo beraren aurka, gertatzen da ez dudala hiltzeko gogorik». Jenderik gehiena egongo litzake prest hitz horiek sinatzeko, batez ere pandemiaren garai honetan. Baita laugarren ebanjelioa ere, nahiz eta beronen idazlea ez duen heriotzak obsesionatzen, baizik eta biziak.

Hitzaurrean Jesus agertu digu, Jainkoaren Hitza, biziaren nagusi bezala. Geroago, hitzaldi programatikoan, Lazaroren piztuera aurreratuz, esan du Jesusek: «Egiaz diotsuet, badator ordua, iritsi ere iritsi da, zeinetan hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo baitute, eta entzungo dutenak biziko baitira» (Joan 5,25). Eta bukatzeko, ebanjelioak dio: «Gauza hauek idatzi dira, sinets dezazuen, Jesus dela Mesias, Jainkoaren Semea, eta, hori sinetsiz, bizia izan dezazuen beraren bidez» (Joan 20,31). Biziarekiko obsesio honek ebanjelioaren erdian datorren (11-21 kapituluak) Lazaroren piztuerarekin jo du gailurra.

Jerusalemgo gure berriemaileagandik

Zirrara handia eragin du agintariek aldarrikatutako aginduak: Jesus non dabilen dakienak sala dezala berehala, atxilotu ahal izateko. Arrazoia ez da jaiotzetik itsu zena ustez larunbatean sendatu duela, baizik eta leporatzen zaion beste mirari bat, are harrigarriagoa oraingoan: Lazaro izeneko gizon bat, jatorriz Betaniakoa, piztu izana, hiriburutik hamabost estadiora. Diotenez, lau egun zeramatzan hilik jada Jesusek hilobitik irtenarazi zuenean eta bizitza itzuli zionean. Elias eta Eliseo profetek egina baino zerbait handiagoa. Nahiz eta oraingo egintza honi buruz iritzi desberdinak badiren; fariseuek oso arriskutsutzat jotzen dute gizon honen fama zabaltzea, nagusiki Pazko jaia gainean dugun honetan, Erromaren aurkako manifestazioen arriskuagatik. Dena den, orain arte ez du salatu inork ere non dabilen eta askok uste du alde egin duela Jerusalemdik.

Jesusen bost alderdi

Lazaroren piztuerarena beste kontaera eder baten adibidea da; azken lehor bezain ustekabea du, eta Jesusen beraren alderdi desberdinak azaltzen ditua.

Adiskide gaizto bat?

Betaniako Lazaroz eta beronen bi arrebez hitz eginez hasi da kontaera. Ez da Jesusen nolanahiko ezagun bat. Jesusek «maite duen» bat da, bi ahizpek gogoratzen dutenez. Halaz guztiz, Jesusen erreakzioak, albistea jasotzean, ez du ageri adiskide baten enpatiarik; aitzitik, itxuraz, teologo baten erreakzio hotz bat da: «Gaixotasun honek ez du eragingo heriotzarik, baizik eta Jainkoa aintzatzea, Jainkoaren semea aintzatzea». Jaiotzetiko itsua sendatu aurreko erreakzioa bera: «Hau ez da itsu jaio bere edo beraren gurasoen erru batengatik, baizik eta beragan Jainkoaren egintza ager dadin». Ebanjelioak berehala gehitu du ez dela hoztasun-kontu bat. «Jesusek maite zituen Marka, beronen ahizpa eta Lazaro». Halere, ez du presarik hura sendatzera joateko.

Adiskide ausart eta arriskatua

Lau egunen buruan, Jerusalemera igotzea erabaki du Jesusek. Erabaki arriskutsua, apur bat lehenago harrikatu egin nahi izan baitute. Ikasleen oharpenak ez du aldarazi: Lazaro esnatzera joan beharra du. Adierazpen nahasgarria, da hori, berehala argitu ekarri baitio: Lazaro hil da. Hura piztea pentsatu du Jesusek; Tomasek, aldiz, erabat bestela pentsatzen du: ez du inor piztuko; aitzitik, bera hilko da. Tomasek guztien izenean hitz egin du: «Goazen geu ere eta hil gaitezen berarekin».

Jesus eta Marta: teologoa

Betaniara iritsi direnean, Jesus ez da joan zuzenean etxera, herri-sarreran gelditu da. Beraren xelebrekerietako bat gehiago? Ez. Han, jendetzagandik urrun emango dizkie doluminak bi ahizpei, han hitz egingo du bakarka Martarekin eta emango dio mezua, funtsezkoa gu guztiontzat; han agertuko du Martaren bere erreakzioa Jesusen hitzen aurrean. Marta bide da ahizpa zaharrena, berari eman baitiote albistea, Jesus iritsi dela.

Kexa txiki bat eginez hasi zaio Marta («Hemen izan bazina ez zen hilko nire neba»), baina berehala gehitu du bere ziurtasuna: Jainkoari eskatuko dion edozer gauza emango diola. Emango dio Jainkoak. Zer du, ordea, buruan Martak? Jesusek Jainkoari eskatu eta honek emango diola? Beraren nebak bizia berreskuratuko duela? Eliasek piztu zuen Sareptako alargunaren semeak bezala, edota Eliseok birbiziarazi zuen emakume xunemdarraren mutikoak bezala?

Ematen du, Jesusen erantzuna («Piztuko da zure neba») ez duela izan Martak gogo beteko. Piztueraren ideia juduen artean oso zabaldua ez bazen ere, Danielek profetizatu zuen bezala, historiaren bukaeran piztuera izango dela sinesten duen taldekoa da Marta. Baina hori ez du kontsolamendu kinka honetan. Ez du entzun nahi geroko piztueraz hitz egin diezaioten, oraingo biziaz baizik.

Eta horixe da Jesusek komunikatu diona kontaeraren une giltzarrian: «Neu naiz piztuera eta bizia. Nigan sinesten duena, hila bada ere, piztuko da». Eta ez da betiko hilko nigan bizi eta sinesten duen inor». Jesus geroko piztuera da eta oraingo bizia beragan sinesten dutenentzat. Hilak direnak, piztuko dira. Bizi direnak, ez dira betiko hilko. Gauza korapilatsua, oso tipikoa laugarren ebanjelioan, baina puntu bat argi utzi duena: Jesusengan sinetsi eta sinesten duenak segurtatuak ditu betiko bizia eta oraingoa. Fedearen baitan dago dena. Horregatik, galdegin dio Martari azkenean: «Sinesten al duzu hori?»

Harrigarria da Martaren erantzuna, ez baitu zerikusirik Jesusen galderarekin: «Bai, Jauna. Nik sinetsi dut zu Mesias zarela, mundura etorri den Jainkoaren semea». Galderaren eta erantzunaren arteko lotura-falta horrek garrantzizko mezua gorde lezake guretzat. Piztueraren eta hilezkortasunaren ideiak eragin lezake dudarik, baitan kristau on batengan ere. Agian, ez da ausartuko ziurtasun osoaz adieraztera. Baina aitor lezake Martarekin: «Bai, Jauna. Nik sinetsi dut zu Mesias zarela, mundura etorri den Jainkoaren semea».

Jesus eta Maria: adiskide sakon gizatiarra

Eszena honek kontraste handia du beronen aurrekoarekin. Jesusen eta Mariaren topo egitea ez da izan bien artekoa bakarrik. Doluminak ematera joan zaizkion guztiekin etorri da Maria Jesusengana, eta Jesusen erreakzioaren lekuko izango dira. Martaren kexa leun bera agertu dio Mariak Jesusi («Hemen izan bazina, ez zen hilko nire neba»). Baina ez du gehitu inolako eskaririk, eta Jesusek ere ez dio ezer erakutsi. Ebanjelariak Jesusen sentimenduak ditu muin. Dio, izan ere, Jesusek, Maria eta bertaratuak negarrez ikustean: «zirrara sentitu zuen» (evnebrimh,sato), «hunkitu egin zen» (evta,raxen) eta «negar egin zuen» (evda,kruxen). Harritzekoa da Jesusen sentimenduei eskainitako arreta hau, ebanjelioak oso soil izan ohi baitira alde honetatik.

Eskuarki, antzinako Elizetan hedatzen hasiak ziren joera gnostikoen aurreko erreakziotzat eman ohi da arreta hori, gnostiko haien arabera Jainko bakarrik baitzen Jesus eta, ondorioz, sentimendurik gabeko. Horregatik azpimarratzen du laugarren ebanjelioak ezen Jesusek ahalmen osoa zuela heriotzaren gainean, baina aldi berean benetako gizon zela, gizon-emakumeen oinazearekin oinazea jasaten zuena. Jesusek, Lazaroz negar egitean, bizitza honetan ezin berpiztu izango dituen guztiez egiten du negar. Aldi berean, geroko bizitzan partaide izateko kontsolamendua eskaintzen die.

Jesus eta Lazaro: Jainkoak bidali duenaren aintza

Hilobira iristean, Martak azaldu du ezen, esan berri duena eta guzti, ez duela uste bere neba piztuko den. Badira jada lau egun, hobe hilobia ez irekitzea. Jesusek berriro ere: «Ez al dizut esan, sinesten baduzu, ikusiko duzula Jainkoaren aintza?»

Kontakizun hau Jairoren alabaren eta Naingo alargunaren semearen piztuerekin alderatzen denean, alde interesgarri bat nabari da. Beste bi kasu horietan, Jesusek ez du otoitzik egin; ez du zertan jo Aitagana laguntza eske, Eliasek eta Eliseok egin zuten bezala. Aitzitik, laugarren ebanjelioak era solemnean tartekatu du Jesusen otoitz hau: «Aita, eskerrak ematen dizkizut entzun nauzulako. Badakit nik beti didazula entzuten. Baina inguruan dudan jendearengatik diot, sinets dezaten zuk bidalia naizela». Otoitz honek ez du Jesusen ahalmena beheratzeko asmorik. Laugarren ebanjelioaren ildoan sartzen da, biok azpimarratzen baititu: Jesusek Aitarekin dituen harremanak eta Aitak bidalia delako ideia. Izatez, miraria Jesusen agindu zorrotz honekin gauzatu da: «Lazaro, irten kanpora!»

Era harrigarrian bukatu da kontaera. Ez da kontatzen bi ahizpen erreakziorik, ezta jendearen harridurarik eta ikasleen txundidurarik. Ez da ageri Lazaro, bere bendetatik aske, Jesusi eskerrak ematen bizira itzuli duelako. Dena amets hutsa izan bailitzan eta, azkenean, ziurtasun honekin bakarrik gelditu gara: Lazaro berpiztu zela, guztiok berpiztuko garena egun batean, orain ez dugun arren geure pertsona maiteak ikusi eta besarkatzeko pozik.

Oharra piztuera sinesteaz

Beste bizi batera pizteko ideia ez zegoen oso zabaldua juduen artean. Salmo eta testu profetiko batzuetan argi baieztatzen da ezen, heriotzaren ondoren, Leizera (sheol) jaisten dela gizakia, non itzal bat bezala biziko baita, Jainkoarekin harremanik gabe, eta inolako gozamen-arrastorik gabe. Kristo aurreko II. mendean, Antioko IV.a Epifanes siriar erregeak burututako pertsekuzioen karietara, hasiko da zabaltzen geroko sari eder baten esperantza, beren bizia fedeagatik eman dutenentzat. Hari honi atxiki zaizkio fariseuak, saduzearrak (goi-mailako apaizak) oso gogor kontra dituztelarik. Herriak, ikasleek bezala, piztueraz entzuten duenean, ez du ezer ulertzen, eta hildakoen artetik pizte hori zer den galdezka dihardu.

Kristauek bat egingo dute fariseuekin piztueraren ziurtasunean. Baina guztiek ez. Korintoko kristau-elkartean, arraroa dirudien arren (San Paulo bera ere harriturik zegoen), batzuek ukatu egiten zuten piztuera. Horregatik, ez da harritzekoa Joanen ebanjelioak gai hori azpimarratu izana. Nahiz ez duen bere berezitasuna geroko bizia baieztatze soila, baizik eta bizi hori Jesusekiko fedeari esker lortzen dugula esatea duen bere berezitasuna. «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duena, hila izan arren, biziko da; eta bizi eta nigan sinesten duena ez da betiko hilko».

Biziaren gaiari dagokionez, laugarren ebanjelioak azalpen bat eskatzen du. «Betiko bizia» ez dagokio heriotzaren ondoko biziari bakarrik. Orain jada gertatzen arin den zerbait da, bere betean. Izan ere, Jesusek bere agur-hitzaldian dioenez, «honetan datza betiko bizia: zu, Jainko bakar hori, eta zure bidalia, Jesus, Mesias, ezagutzean» (Joan 17,3).

Lehenengo irakurgaia: Ezekiel 37,12-14

Lehenengo irakurgaia, Ezekiel profetaren liburutik hartua, bi hauen arteko erlazioagatik hautatu dute: alde batetik, herriaren hilobiak ireki eta bizia berriro emateko Jainkoaren promesaren eta, bestetik, Lazaroren hilobia irekitzeko Jesusek agindu eta berriro bizia eman izanaren arteko erlazioagatik. Kontaera biak, Jainkoaganako (Ezekiel) eta Jesusenganako (Joan) fede-egintza banakin bukatu dira. Baina komeni da kontuan hartzea, Ezekielen testua ez dela ari gizaki baten piztuera fisikoaz. Herriak, Babilonian erbesteraturik, hildakotzat du bere burua herri gisa. Babilonia du bere hilobia, eta hilobi horretatik aterako du Jainkoak, Israelen lurraldean berriro biziarazteko.

José Luis Sicre