GARIZUMAKO 5. IGANDEA A 2017-04-02

SARRERA

Senideok, Garizumako bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Erramu Igandea ospatuko dugu.
Jesus, gaur, munduaren bizi bezala ageri zaigu, munduarentzat bizi-emaile bezala. «Ni naiz bizia eta piztuera» esan digu Jesusek.
Seme edo alaba batek, aitari eta amari bizia eman izana pozik eta esker onez aitortzen die. Arrazoi osoaz. Baina gurasoengandik hartu dugun bizi horrek berak badu bere barruan kontuan hartu beharreko gauza bat: batetik, bizitza hori mugatua da; bestetik, nork emango dit beti bizi ahal izatea?
Kezka eta betikotasunaren antsia honi erantzun nahi dio Jesusek. «Ni naiz bizia eta piztuera». Ez da, ordea, gero, noizbait, izango dugun bizia bakarrik. Oraingo gure bizitza honi bizia izatea eman dio Jesusek. Oraingo bizitza honetaz gozatzeko aukera demaigu. Eskerrak zuri, Jauna, Lazaro bizitzara itzultzean, niri eta mundu osoari Lazarori ez bezalako bizia, betiko bizia eman nahi diguzula agertu diguzulako. Martak egin zuen bezala, aurreko fede koxkorra utzi, eta jo dezagun Jesusengan bizi-bizi sinestera: ez dugu sinesten egun batean izango dugun bizian bakarrik; dagoeneko bizi hori, funtsean, hazi batean bezala, geurekin dugu: poza, zoriona, bakea, esperantza, maitasuna… ekarri digu Jesusk.
Bizi-emaile den Jesusekin, bihur gaitezen geu ere: bihur gaitezen egiazko biziaren mezulari eta berri-emaile. Beti bizia, eguneroko bizitzari Jesusen hatsa eta arnasa ematean datza, eguneroko gauzei Jesusen zainetan isuri zebilen izerdia eranstean. Jesus maitea, egin gaitzazu Marta bezain sentibera, zure hitza entzutean zu bizia eta piztuera zarela sinesteko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik

Ezekiel profetak ikuskari handi bat ikusi du: lautada edo ordeka handi bat hezurrez betea ikusi du. Eta barruak esan dio: uste al duzu hezur hauek bizirik izango dutela?
Ondoren, Ezekielek ikuskari horrek zer esan nahi duen argitu digu. Hezurren egoera horrek Israel herriaren egoera adierazten du: herria jota dago, esperantzarik gabe. Baina esperantza guztien kontra, lautadako hezur iharrak haragiz betetzen hasi dira, arnasten, bizitzen.
Horixe gertatuko zaio Israel herriari. Espirituaz inguratzen hasiko da. Biziko da. Esperantza etorriko zaio.
Horra senideok, garai guztietako balio duen mezua. Esperantzarik gabeko mezuen eta ahotsen gainetik, Jesusen esperantza bizi dugu.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (8,8-11)

Paulok, beste askotan bezala, Espiritua eta haragia kontrajartzen ditu pasarte honetan. Kontuan har dezagun, ordea, espirituaz eta haragiaz hitz egitean, Paulo ez dela ari pertsonaren bi elementuez; ez da ari arimaz eta gorputzaz. Bi jarrerez ari da Paulo; elkarren kontra ari diren bi indarrez.
Haragiak, gizakiaren bihotzean ari ohi diren desio egoistak ordezkatzen ditu. Espirituak, berriz, desio onak eta jatorrak.
Horregatik, kristauak Espirituaren arabera bizi behar du: ebanjelizatzailea izatera eragiten dionaren arabera, ondradutasuna eta zuzentasuna bizitzera eragiten dionaren arabera. Espirituaren arabera.

EBANJELIOA San Joanen arabera (11,1-45)

Entzungo dugun pasarte honekin, Joanek Jesusen pazko-misterioa agertu nahi digu, aldez aurretik, egiaz gertatu haurretik: azken hitza ez da heriotzarena, ez; gizakia beti bizitzeko egina da.
Zeharka, Jesusez beraz mintzo da pasartea; Jesusen heriotzaz eta piztueraz. Hiru baieztapen handi egin ditu Jesusek. Lehenengoa: «Neu naiz Piztuera eta Bizia». Bigarrena: «Nigan sinesten duena, hiltzen bada ere, biziko da». Hirugarrena: «Eta bizi den oro eta nigan sinesten, ez da betiko hilko». Senideok, Jesusen hitz horiei erantzun diezaiegun Martaren hitzez: «Bai, Jauna, sinesten dut Mesias zarela zu, Jainkoaren Semea».
Jesus Martari agertu zaio. Eta Martak Jesus zer eta nor den agertu digu, beretzat eta guretzat zer eta nor den..

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan, edozein lekutan, bataioa hartzeko prestatzen ari diren guztien alde: Jesusen Espirituaz jantzi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau ez diren beste erlijioetako guztiez: judu, musulman, budista, hinduista… Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Era duinean bizitzekorik ez dutenen alde. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gaur hemen elkartu garenon alde: Ebanjelioaren fedea eta esperantza sakontzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.