Garizumako 4. igandea A (2017-03-26)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Beti izan da zaila jakitea zein mintzo den Jainkoaren izenean eta zein ez. Samuel profetaren garaian, K.a. 1000. urte inguruan, egoera oso gogorra zen. Lider baten bila dabil Israel herria. Saul hautatu dute errege, baina handi denbora gutxira tirano bihurtu da. Samuel profeta beste errege baten bila hasi da.
Jesus mundura etorri denean, nola adierazi jendeari Jesus hori dela Jainkoak hautatua? Baina jatorri apalekoa da Jesus, legea oso desberdin interpretatzen du. Jendeak ez daki zen pentsa.
Joanek gaurko ebanjelioan dakarrena drama teologiko bat da. Itsu bat sendatu du Jesusek. Nola egin lezake horrelakorik gizon batek? Gainera, lege guztien aurka egin du, larunbatean sendatu du, inor sendatzea zilegi ez den egun batean.
Itsu izandakoak aitortu du Jesus. Berak ere prozesu bat behar izan du horretarako. Lehenik eta behin, sinetsi dio Jesusi, joan da Siloeko putzura, Jesusek esan bezala, eta garbitu da, eta ikusten hasi da. Nola gertatu den galdetu diotenean, «gizon batek» izena eman dio Jesusi. Eta galdetu diotenean zer iritzi duen bera sendatu duenaz, «profeta bat dela» esan die; eta, azkenean, Jesusek Gizonaren Semeagan sinesten ote duen galdetu dionean, «Sinesten dut, Jauna» erantzun dio eta ahuspeztu egin da. Prozesua: gizon bat, profeta bat, Gizonaren Semea
Fariseuek, berriz, ez dute sinetsi nahi izan. Ikusten dutena ere ez dute ikusi nahi. Horra Espirituaren kontrako bekatua.
Aste honetan, beste gertakizun batzuen artean, hiru hartu ditut gogoan, gaurko ebanjelioarekin erlazionaturik.
BAT. Uste dut Armenian gertatu dela, baina ez nago seguru; gizon bat kartzelan egon da: edan egiten zuen, droga hartzen, jendeari kalte egiten. Kartzelan argia piztu zaio. Irtetean, egindako oker guztiengatik, ermitau bihurtzea erabaki du. Eta bere lurraldean ezaguna den harkaitz altu batean jarri da bizitzen. Baziren han kapera baten hondakinak, baina hasieran zerupean bizi izan da gau eta egun. Beraren jarreraz txunditurik, jendeak kapera eraberritu diote. Polea bidez janaria bidaltzen diote. Harrigarriena, harkaitzaren oinean, monje-elkarte bat sortu da. Gure ermitaua astean bitan jaisten da elkarte horrekin egotera. Jokabidea ez da imitagarria, nire ustez, baina bai miresgarria. Gaurko ebanjelioko fariseuek ez bezala, ermitau horrek jakin du kartzelan argi egin dion Espirituari ongietorria egiten. Senideok, kartzelan ere lanean ari da Jesusen Espiritua. Duela denbora asko, ama batek esan zidan: «gure semeak ez du joan nahi presoez hitz egiten den eliza horretara». Eta nik: «ba, Jesusen ebanjelioan askotan hitz egiten da presoez». Eta amak: «Euskal Herrikoez ere bai?» Neure artean pentsatu nuen: «emakume hau konturatu ote da sekula bere bihotzean hitz egiten dion Espirituaz?» Fatimako bi anai-arreba txikiak Aita Santuak laster santu deklaratuko dituela-eta Joan Paulo IIak Fatimako Andre Mariari egindako otoitza hartu eta errezatu dut. Bertan eskari batzuk egiten ditu azken aldera: halako bekatutik, ama, LIBRA GAITZAZU; beste bekatu hartatik, ama, LIBRA GAITZAZU, eta azkenekoan, Espiritu Santuaren kontrako bekatutik, LIBRA GAITZAZU, LIBRA GAITZAZU. Azken kasu honetan, bi aldiz «libra gaitzazu». Zein den Espiritu Santuaren kontrako bekatua: fariseuek agertu dutena, ikusten dutena ez ikusi nahi izatea.
BI. Frantzisko aita santuak aitorpen bikain bat egin du, Alemaniako aldizkari bateko idazleari erantzunez: «Hutsuneak bizi izan ditut, une espiritual ilunak, alegia. Ez dut neure burua inor ez bezalako pertsonatzat; bekatari bat naiz, ahal duena egin duen gizon bat, gizon arrunt bat. Ez didate zuzentasunik agertzen nire bizkar irudipenak sortuz. Puztu egiten dute nirekiko iritzia. Ez ezazue ahaztu, pertsona bat idealizatzea erasotze-forma fin bat dela, eta, idealizatzen nautenean, erasorik sentitzen naizela… Krisialdia, fedean haziz joateko aukera izaten da. Ezin joan gaitezke haziz krisialdirik gabe. Bizitzako zati bat da krisialdia eta, hazi ahal izateko krisialdirik ez duen fedea, eskuarki haur-fede gelditzen da». Aitorpen honetan, benetan ageri da bihotzean ari zaion Espirituari entzuten jakin duela.
HIRU. Hirugarren kasu ez dut ikusi hain baikor, hain positibo. Aste honetan Londresen bizi izan duten hilketa dela-eta «Ez digute irabaziko; geuk irabaziko diegu» oihua gelditu zait nabarmen. Zer pozik entzungo nukeen honelako aitorpen bat: «aztertu beharrean gara, zergatik gertatzen diren horrelako erasoak». Azken batean, behin eta berriz gertatzen ari den eraso-modua da. Nondik nora horrelako gorrotoa?

Espiritu Santua ez da nekatzen. Ez da mugatzen pertsona batzuengana. Guztion bihotzean ari zaigu zirika eta zirika. Jar gaitezen ahots hori entzutera. Izan gaitezen egiazale. Espiritu Santuaren kontrako bekatua da, ikusten dena ez ikusi nahi izatea, horrek konpromiso bat dakarrelako. Lagundu gaitzala Jesusek. Lagundu gaitzala Andre Mariak, Lagundu gaitzala gaurko ebanjelioko itsu sendatuak.

Dionisio Amundarain