Garizumako 3. igandea C (2019-03-24)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Zein da gaurko hiru irakurgaien gai nagusia? Bihotz-berritu zaitezte ala Jainkoa errukitsua da. Gaurko salmoa kontuan hartuko bagenu, balantzak bigarren aukerara joko luke: «Jainkoa gupidatsua da eta errukiorra». Halere, ondo-ondotik jarraitzen dio bigarrenak: «bihotz-berritzen ez bazarete, galduko zarete; Jainkoaren errukiaren ondorioa da gizakiaren bihotz-berritzea. Jainkoak maite gaituelako gara gu maitatzeko gai.

Baina zertan ageri da Jainkoa gupidatsua eta errukiorra dela? Eta zertan datza bihotz berritzea?

Lehenik eta behin, zertan ageri da Jainkoaren errukia? Hona.

Lehenengo irakurgaian, Jainkoak esan dio Moisesi: «Nire herria Egipton jasaten ari den zapalketa ikusi dut… eta hura egiptoarren mendetik libratzera nator». Jainkoak, hain ona izanik, ezin jasan du gizakiak gizakia mendean hartzea. Eta ez da gelditzen sentimendu hutsean. Libratu egin nahi du.

Bigarren irakurgaian, Jainkoak Israel herriari basamortuan eman zion laguntzaz mintzo da Paulo: guztiek edan zuten arroka espiritualari zerion ura, eta arroka hura Kristo zen.

Ebanjelioan, berriz, argi eta garbi agertu nahi izan die Jesusek, Pilatok hil dituenen albistearekin etorri direnei, heriotza gogor hori ez dela Jainkoaren zigorra. Jainkoak ez duela zigortzen bekataria. Eta gehiago esaten die mahastiaren parabolarekin: mahastiaren jabe sentitzen denak mahastian dagoen pikondoa atera egin nahi duela; baina benetako mahastizainak pikondoari luzatu egin diola fruitua emateko epea. Bistan dago esanahia: Jainkoari lekua kendu nahi dion bekatariak garbitu egin nahi izaten du bekataria; benetako jabeak, ordea, Jainkoak alegia, pazientzia du. Jainkoa errukitsua da

Eta zer da bihotz-berritzea? Jainko gupidatsu eta errukitsu horrek zer eskatzen dio gizakiari?

Lehenengo irakurgaian ikusi dugu. Jainkoak Moisesen beharra agertu du bere asmoa betetzeko. Zoaz, esan dio, nire herria askatzera. Halere, hitza eman dio: zeurekin izango nauzu. Bai. Jainkoa salbatzaile eta askatzaile da. Baina gizakiaz baliatzen da horretarako. Erosotasuna uzteko eskatzen dio Jainkoak gizakiari. Joateko eskatzen dio mendean dagoena libratzera. Horra bihotz-berritzea: Jainkoaren esku eta hanka eta buru eta mihi… izatea, munduan haren asmoa betetzeko-

Bigarren irakurgaian, Paulok gizakiaren portaera gaiztoa aipatzen du. Jainkoak hainbeste mesede egin, eta herriak idoloetara jo du. Hor ageri da gure jarreraren kaxkarkeria. Zein dira, gaur egun, gure idoloak?

Ebanjelioan, Jesusek ez du azaldu munduan bizi dugun gaitzaren misterioa: zergatik, nondik nora… sortzen da gaitza? Baina jakinaren gainean jarri gaitu: bekatuak zoriona galtzea dakar: Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete modu berean.

Senideok, gauza bat da, Pilatok hil zituen galilear haiek bezala hiltzea; beste bat da, dorreak zapaldu zituen haiek bezala hiltzea; oso bestelakoa da, bihotz-berritu nahi ez duzulako hiltzea.

Alabaina, gure bekatua eta guzti, Jainkoa Jainko da, ez da gu bezalako. Gupidatsua da, errukiorra. onbera. Beti zain-zain, etengabe zai-zain dugun Aita / Ama da.

Eska diezaiogun Jesusen Espirituari, Jainkoaren onberatasun hori sumatzeko, ikusteko, kontenplatzeko argia eta gaitasuna.

***

Gaurko ebanjelioan, hiru hiltzeko era ageri dira. Bizitzeko eta salbatzeko modu bakarra.

Hiru hiltzeko modu: 1) Orduko eta gaur egungo Pilatok erailik; 2) orduko dorreak eta gaurko ezbeharren batek erailik; 3) orduan bezala, gaur egun bihotz-berritzeari uko eginez.

Pilatok norbait zuzengabeki hiltzen badu, ez da Jainkoaren zigorra; ez da hildakoak egin duen bekatu batengatik Jainkoak ezarritako zigorra. Dorreak azpian harrapaturik edo zoritzar batek hiltzea ez da Jainkoaren zigorra. Bihotz-berritzeari uko egiteagatik hiltzea, ez da Jainkoaren zigorra.

Jainkoa ez da zigortzaile. Jainkoa errukitsua da, gupidatsua, maitalea da. Berak eginak gara. Berarekin bizi gaitezen nahi du.

Gure egitekoa, Jainkoaren maitasun horri bai esatea da. Jesusek aldatutako pikondo gara. Zer fruitu ari gara ematen?

Maila pertsonaletik jauzi edo salto bat eginez, zer fruitu ari da ematen Europa, adibidez? Europa honek hainbat eta hainba mesede hartu izan ditu. Aste honetan, besteak beste, San Benito eguna ospatu dugu. San Benitok fundatutako ordenak, milaka eta milaka monje eman ditu; ehunka monasterio eman ditu. Beren mugak, akatsak eta guzti, hainbat eta hainbat mesede egin dizkiote, batez ere, Europari. Zer erantzun ematen die gaurko Europak mesede horiei guztiei? Garai batean, Afrika iparraldea kristautasunaren eredu eta bizigarri izan zen. Gaur egun, indar gutxi du han kristautasunak. Ez ote zaio gertatuko horrelako zerbait Europari ere?

Kontuan izan dezagun, bizitzeko eta salbatzeko modu bakarra bihotz-berritzea dugula. Otoitz egiogun Jesusen Espirituari guztiok argitu gaitzan.

Dionisio Amundarain