Garizumako 1. igandea C 2019-03-10

HOMILIA

Lehen irakurgaian, berriz, Moisesek, Jainkoagan konfiantza aitortzeko eskatu dio herriari. Gaurko mezako salmoan ere (Sal 90) konfiantza hori aitortu du salmogileak: «Zu zara ene Jainkoa eta zugan jarri dut ene konfiantza». Eta Paulok bigarren irakurgaian (Erm 10,8-13): konfiantza jarri digu salbaziorako bide. Ebanjelioan Jesusek konfiantza guztia Jainko Aitagan duela agertu digu: «Zeure Jainko Jauna gurtuko duzu» erantzun dio Satanasi.

Baina, ai gure mundua. Gero eta handiagoa da konfiantza-falta munduan. Dirua eta ustelkeria. «Diruak usteldu egiten du bihotza, botereak burua eta plazerak gogoa» aitortu du negozio txiki bat duen gizon batek. Eta jarraitzen du: «Lehenik Jainkoa, pobre baina ondradu bizitzea. Urdekeria hori guztia, Jainkoaz ahaztu garelako da. Jainkoa ez dago jende askoren bihotzean. Bestela, nolatan horrenbeste barrabaskeria?»

Idolatria. Jainkoari uko egiten dionak idolo berri baten irudia edo eskultura zizelkatzen du bere bihotzean. Beti makurtzen da gizakia, Jainkoaren aurrean ez bada, berak eratu duen idolo baten aurrean: dirua dela, boterea dela, estatua dela, plazera dela, futbola dela, pilota dela, feminismoa dela, sexua dela…

Idolatriaren bidez, gizakiak bere burua jartzen du munduko zentro. Jainkoa aipatzen badu ere, kutun hutsa da hura, medaila hutsa, eskapulario hutsa, irudi hutsa. Jainkoa idolo hutsa.

«Zuretzat emango dizut hau dena» esan dio deabruak Jesusi. Gizakia liluratu egiten da munduan ikusten duenarekin. Eta zilegi jotzen du edozer gauza, liluratu duen hori lortzekotan. Dena zilegi: jendea zapaltzea, lapurreta egitea, pobreak esklabo edukitzea, etxeak eta etxeak pilatzea, prezioak itxuragabe handitzea. Diru-goseak dena ematen du zilegi. Okerrena da, horretara jotzen duenaren bihotza ez dela konturatzen.

«Bihur daitezela harri hauek ogi», esan dio deabruak Jesusi. Zuzengabekeria ez bada, egoismoa da. Izan dezadala nik eroso eta lasai bizitzeko behar dudan guztia. Gozatzeko behar dudan guztia. Besteak hor konpon. Pobreak? Nahi dutelako dira pobre. Ongizatea bai. Baina niretzat bakarrik. Horra aurrerapena idolo bihurturik. Hainbesteraino aurreratu da gure herria, gure nazioa, entzuten dugu. Baina aurrerapen horretan, pertsona batek milioi bat duenean, beste batek euro bat du. Bai aurrerapen xelebrea. Gure agintariek, gure ekonomialarik horrela hitz egiten dute aurrerapenaz. Batez bestekoa. Idolo bihurtutako irizpidea eta printzipioa. Bizitzekorik ez duenarentzat nolako amorrua esapide hori entzutea!

«Bota ezazu zeure burua teilatu-hegaletik, eta Jainkoak aingeruak bidaliko ditu, zure oinek estropezu egin ez dezaten», esan dio deabruak Jesusi. Jainkoa manipulatu nahia. Geure burua ontzat eta zuzentzat eman, eta Jainkoa manipulatu nahi, geure kultuaz, geure otoitzez. Baina Jainkoaren nahiari erreparatu gabe. Ama alarguna zahar-etxean aparkatu, eta gu oporretara. «Ama, lasai, e! Deituko dizugu». Eta egunean lau aldiz ere bai telefonoz: «Zer moduz zaude, ama?» Eta oporretara joatean, ez dira gai izan «gurekin etorri nahi duzu?» esateko. Jainkoa engainatu. Ama engainatu. Jainkoa eta ama idolo bihurtu. Jainkoa ez da bihotza betetzen dizun Aita. Ama ez da bihotza pozez betetzen dizun ama.

***

Gaur, garizumako lehen igande honetan, Kristok, tentazioei emandako erantzunarekin, Jainkoaren sorkari garela konbentzimenduz bizitzera gonbidatu gaitu. Zoriontasuna, geure bizitza Kristoren eta gizon-emakumeekin partekatzean datza. Konfiantzaz Jainkoari Aita deitzera gonbidatu gaitu. Lagun-hurkoari adiskide bezala deitzera.

Kontua ez da harriak ogi bihurtzeko ahalmena. Dugun ogia banatzea da konfiantzaz. bizitzea.

Kontua ez da nork bere burua teilatu-hegaletik botatzea. Kontua ez da Elizak hau eta bestea eta bestea egiten du esan eta esanez Eliza hori justifikatu nahi izatea. Kontua ez da Jainkoari froga handi bat eskatzea, jendeak sinets dezan. Froga hori eskatu zion egarri bizi zegoen aberatsak Lazaro pobrearekin zegoen Abrahami: bidal ezazu Lazaro nire anaiengana, haiek ere sufrimendu honetara etor ez daitezen. Eta Abrahamenek: Moisesi eta profetei sinesten ez badiete, hildako bat joanda ere ez dute sinetsiko. Froga handiak ez, baizik Jesusen jarraitzaile eta irudi bizi izatea du bidea Elizak. Eta horixe gutako bakoitzak ere.

Kontua ez da munduko aberastasunak eta boterea eta fama lortzea. Jesus ez da erori deabruaren tranpa horretan. Jesus ez da belaunikatu lortu dituen milioiak kontatzen hasteko. Ez tentatu Jainkoa. Gurtu ezazu zeure Jainkoa, gurtu zeure Jauna.

Jainkoa gurtzeak edo adoratzeak, haren sorkari garela aitortzea da. Ez, noski, hura Jaun eta Jabe dugula pentsatuz. Baizik eta gure kreatzaile maitekor eta Aita bihotz samur dugulako konbentzimendua biziz. Nola hitz egiten dio haurtxo batek aitari, nola amari? Horixe dugu geure adorazioa.

Dionisio Amundarain