GARIZUMAKO LEHEN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Jainkoak batasun egiten gizonarekin )
Etorki liburutik 9, 8-15

Uholde ondoan,
8 Jainkoak erran zioten Noeri eta haren semeeri:
9 “ Huna: batasuna egiten dut nik zuekin eta zure ondokoekin,
10 eta zuekin ditutzuen bizidun guziekin,
hegazti, abere eta lurreko ihiziekin,
untzitik atera eta lurrean bizi diren guziekin.
11 Nere batasuna egiten dut zuekin:
ez duela uholdeak berriz bizidunik hondatuko,
eta ez dela gehiago lurra suntsituko duen uholderik izanen.
12 Jainkoak erran zuen ere:
“ Hau da nere eta zuen artean, eta zuekin diren bizidunen artean,
gizaldiz gizaldi nik egiten dutan batasunaren ezaugarria:
13 Nere ortzadarra ezartzen dut hedoietan,
eta hura izanen da lurrarekin egin dutan batasunaren ezaugarri.
14 Hedoiak lurraren gainean biltzen ditudanean,
ortzadarra agertuko da hedoietan,
15 eta orroituko naiz zuekin eta bizidun guziekin dutan batasunaz,
eta ez da izanen gehiago bizidunak suntsituko dituen uholderik.”

Uholde famatu hortaz bi kontaera badira. Bat Bibliak kondatzen duena Krixto aitzineko 1000
eta 500 urte artean idatzia. Bertzea, 1600 urte gutienez Kristo aitzinekoa da, Babiloniarrek idatzia. Bi
kondairak berdintsuak dira.
Liferentziak hauek dira : Babiloniarren kondairan jainkoak aseak dira beren plazerrarentzat
kreatu zituzten gizakiez. Bibliaren arabera Jainkoak ez ditu gizakiak bere jostagailutako kreatu.
Beren bekatuen gatik ditu Jainkoak zigortzen. Noek du bakarrik Jainkoaren urrikalmendua ardietsiko.
Hemen gizona erresponsable den norbait bezala erakutsia da. Hobengabeak ez dira bertzekin batean
itoko.
Halaber, bertze kondairan ez bezala, Noe lur huntako gizon bat gelditzen da. Eta hunekin
Jainkoak bere batasuna erreberritzen du. Batasun hitza, hemen, bortzetan ekarria da. Jainkoak Adamentzat
eta Noerentzat hitz berak derabiltza :“ Egizue ume, ugaldu eta bete zazue lurra eta izan haren
nagusi..“ ( Has 1,28). Jainkoak dio batasun hori gizarte guziarentzat dela :“ Batasuna egiten dut nik
zuekin…eta zuekin dituzuen bizidun guziekin.“ Noe Abrahamen aintzinekoa da eta ez da judua.
Azpimarra dezagun ere ortzadarraren itxura, zerua eta lurra elkarri josten dituen itxura.

Salmoa 24

Leloa : Bideak, Jauna, denak dituzu
Egia eta urrikalmendu.

Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri:
Emazu ere xendren berri.
Zure egia igor zadazu aintzindari,
Dena bainago beti zuri.
Zer amodio duzun guretzat orroit, Jauna,
Zer sekulako bihotz ona.
Ez gogoan har nere gazteko bekatuak,
Nere gaitz ezin ukatuak.
Ona da ona eta zuzena Jainko Jauna:
Harek xuxentzen makur dena.
Apalak ditu zuzen zuzenik joanarazten,
Beren bidean ibil diten.
„Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri:
Emazu ere xendren berri.“

Hori dioena, segur, bekatoros bat da, bide xuxenean errexki egoiten ez dena.
Garizuma hor izanez, gure bihozberritzearen bideak zein diren Izai profetaren pasaia hunek
ederki adierazten du :“ Ez ote da hau maite dutan barura: zuzen-kontrako kateen haustea eta uztarriuhalen
laxatzea, zapalduen libratzea…gose denari zeure ogitik emaitea eta aterberik ez duen
behartsua etxean hartzea, biluzik dagona janztea eta zure gizakideari laguntzarik ez ukatzea.“ (Is 58,
6-8)
“Zer amodio duzun guretzat orroit, Jauna, zer sekulako bihotz ona…“ Jainkoa amodio dela,
testamendu zaharrak ere hori aldarrikatzen du. Orroit Jaunak zer erran zion Moisi : “Moisen
aitzinetik iragan zen oihu eginez: Jauna! Jauna! Jainko bihotzbera eta urrikalkorra, berant-haserre,
onginahiz eta leialtasunez betea…“ (Jal 34,6)

Bigarren irakurgaia

( Bataioko urak bekatutik salbatzen )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 3, 18-22

Haurrideak,
18 Kristo bekatuengatik hil zen, behin betiko,
hobengabea hobendunengatik,
zuek Jainkoarenganat eremaiteko.
Bere gorputzean hil zuten, izpirituan bizirat itzuli zen.
19 Hola joan zen bere mezuaren hots egitera preso zaudeneri.
20 Horiek lehen sinesgogor izan ziren,
Jainkoak pazientzia luze zuen garaian,
Noek untzia egin zuenean.
Untzi hortan batzu bakarrik, zortzi lagun orotarat,
izan ziren urean barna salbatuak.
21 Delako ura, orai zuek salbatzen zaituzten bataioaren itxura zen.
Bataioa ez da gorputzeko zikinaren garbitzea,
bainan Jainkoari bere hitzaren emaitea kontzientzia garbi batekin,
Jesu Kristoren pizteari esker.
22 Hura, zerurat iganik, Jainkoaren eskuinean dago,
aingeru eta zeruko indar guziak baino gorago.

„ Kristo bekatuengatik hil zen…zuek Jainkoaren ganat eremaiteko.“ Eta nola, zein bidetarik?
Bataioaren bidez, dio Petrik.
Uholdea aipatuz, apostoluak dio : „delako ura, orai zuek salbatzen zaituzten bataioaren itxura
zen.“ Eta zer da bataioa ? „Jainkoari bere hitzaren emaitea kontzientzia garbi batekin.“
„Noek untzia egin zuenean…Untzi hortan, batzu bakarrik, zortzi lagun orotarat, izan ziren
urean barna salbatuak.“ Zortzi zenbakia kreazione berriaren zinboloa zen testamendu zaharrean bai
eta ere salbamendua gizarte guziarentzat zela erran nahi zuen. ( Zortzi horiek zirelarik Noe eta haren
emaztea eta haukien hiru haurren bikoteak).
Bataio harriak, ainitzetan, zortzi alderditakoak dira, eta hor ikusten da zer erran nahi duen
horrek.
Ahatik kreazione berria ez da Noerekin hasten bainan bai Kristoren piztearekin.

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza!

Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
Bainan Jainkoaren ahotik jalitzen den hitz oroz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 12-15

Jesusek Joanesen bataioa hartua zuen.
12 Berehala, Izpirituak basamorturat joanarazi zuen.
13 Eta berrogoi egunez egon zen basamortuan,
Satanek tentatzen zuela.
Basabereen artean bizi zen, eta aingeruak zituen zerbitzari.
14 Joanes Bataiatzailea preso sartua izan zelarik,
Jesus Galilearat joan zen,
Jainkoaren Berri Ona hots egiten zuela, erranez:
15 “ Betea da denbora, eta hurbildua Jainkoaren erreinua.

Bihozberri zaitezte, eta sinets Berri Ona.”
Urte guziez, garizumako lehen igandean, Jesusen tentazioneen ebanjelioa irakurtzen da.
Hemen Markek ez dauku salatzen zer zen Jesusen tentazione hori.
Pentsatzeko da ahatik, Jesus gizon izanez, haukien tentazionen antzako zerbait zitaikela. Jesus
gizon bat zen eta misione bat bazuen betetzeko, bere Aitak eman misionea. Jainkoaren asmoak ez
gizonen asmoen idurikoak izanez, bere Aitari leial egoiteko Jesusek behar izan zuen bere bizian
gizoneri ihardoki.
Bere bizi publikoa hasi zuenetik, bere etxekoak izan ditu traba.“ Jesus etxerat itzuli zen.
Berriz ere halako jendaldea bildu zen nun jateko arterik ere ez baitzuten Jesusek eta dizipuluek. Hori
jakitearekin, Jesusen etxekoak hartaz jabetzerat etorri ziren,erraiten zuten“ez da bere baitan“. (Mk
3, 21-22)
Bere apostolueri erraiten diotenean haren bizia nola bururatuko den, Petri jazartzen zaio
erranez ez dela holakorik gertatuko. Apostoluak ez zauden gisa hortako Mesias baten beha, bainan
Izrael erromatarren aztaparretarik libratuko zuen Mesias bat zuten beren esperantza.
Azpimarratzeko da ere nola Jesusek nahi izan duen gibelka egin sofrikarioaren aitzinean
“ Ahal bada nitarik urrunt kalitza hori, Aita!“
Jesusi ere gosta zaio bere Aitaren nahia egitea.