Kondenatua den lekukoaren kasua
Garizumako 4. igandea A (2017-03-26)

«Nire semeari lekuko izateko dei egin zioten, bi ordutik gora egin zioten galdaketa eta erruduntzat kondenatu zuten azkenean». Honetaz kexatzen ahal ziren jaiotzetik itsua zenaren gurasoak, ahots apal, fariseuen beldur. Baina okerra izango litzateke dena gurasoen kexura mugatzea; izan ere, itsuak oso alai bukatu zuen.

Ezbai itxuragabea

Ikasleen arteko eztabaida zoro batengatik hasi zen den-dena, itsuarekin topo egin zutenean: norena zen hura itsu izatearen errua?, berarena ala gurasoena? Ezekiel profeta irakurri izan balute, jakingo zuketen inork ez duela nozitzen bere gurasoen errua. Eta jakin izan balute, itsua jaiotzez zela itsu, ezin jo izango zuketen bera ere errudun. Jesusek zirt eta zart ebatzi du auzia: ez bera, ez gurasoak. Haren itsutasuna Jainkoaren egintza eta Jesus munduaren argia dela agerian ipintzeko izan da.

Sendatzeko era bitxi bat

Joanen ebanjelioan, sinoptikoetan bezala, ahaltsua da Jesusen hitza. Zerbait geroxeago frogatuko du Lazaro bere agindu soil batez berpiztuz: «irten kanpora». Halere, itsua sendatzeko beste metodo desberdin eta korapilatsu batera jo du. Txistuaz lohia egin, harekin begiak igurtzi eta Siloeko ur-putzura bidali du.Volteriano batek esaten ahal luke ezin dela agertu ideia txarragorik: begiak lohiaz estali dizkio are gutxiago ikus dezan, eta aldapan behera bidali; sendatu baino gehiago hil egiten ahal litzateke.
Zer irakatsi nahi digu ebanjelariak? Ez da erraza jakitea. San Ireneok, II. mendean, lehen zatiari erreparatuz, Adamen kreazioarekin erlazionatu zuen lohia: Jainkoak lehen gizakia kreatu du eta Jesusek lehen kristaua; baina honek ez du argitzen txistua erabiltzearena, ezta Siloeko ur-putzura bidaltzearena ere. San Agustinek, azkenari erreparatuz, ur-putzuan garbitzea bataioarekin erlazionatu zuen; honek ere ez ditu argitzen xehetasun guztiak.
Gauza bat dago, gutxienez, garbi: itsuaren obedientzia. Ez du ulertu Jesusek egin duena, baina berehala bete du eman dion agindua. Ez du jokatu siriar Naamanek bezala; Jordan ibaian zazpi aldiz garbitzeko Eliseok eman zion aginduaren kontra jarri zen Naaman. Abraham fededuna bezala, itsua bere fedeaz ezaguna duen mundutik irten eta mundu berri baterantz irten da.

Aproposko anakronismo bat

Itsuaren antitesia fariseuek ordezkatu dute. Ebanjelariak errealitate historikoa desitxuratu egin du beren garaiko egoerari egokitzeko. Jesusen garaian fariseuek ezin zuten inor kanporatu sinagogatik; Jerusalem erromatarren mendean erori ondoren (K.o. 70) lortu zuten ahalmen hori, apaizek beren indarra galdu eta fariseuak aginte erlijiosoaz jabetu zirenean. Lehen mendearen azken aldean, Jesus hil eta aski denbora luzera hasi ziren fariseuak gogorki kristauen aurka, herejetzat emanez eta sinagogatik kanporatuz.

Beldurra eta ausardia

Joanen kontaerak oso ondo islatzen du, itsuaren gurasoak direla medio, judu jainkozale askok sentitzen zuen ikara, hereje deklaratuak izatekoa, kristau egitea eragotziz.
Semea, berriz, gero eta ausartago ageri da. Sendatua izan ondoren, emakume samariarrak bezala, bere irudia eratu du Jesusez: «profeta da»; profeta, izan ere, profeta ez da gauza ezkutuak dakizkiena bakarrik, baizik eta mirari harrigarriak ere egiten ditu. Jesus bekatari izateaz akusatu diotenean, itsuak ez du defenditu argudio teologikoz, baizik jarrera praktikoaz: «Bekatari den ala ez, ez dakit; dakidana da, ni itsu nintzela eta orain ikusten dudala». Ondoren ez du beldurrik izan ironiaz ere baliatzeko, berek ere Jesusen ikasle bihurtu nahi duten galdetu baitie fariseuei. Eta azkenean defentsa beroa egin du Jesusez: «hau Jainkoagandik ez baletor, ez luke inolako ahalmenik izango».

Benetako ikusmena eta benetako argia

Artean, sendatu duena Jesus deritzana bakarrik daki itsuak. Profetatzat dauka. Konbentziturik dago ez dela bekataria eta Jainkoagandik etorria izan behar duela. Ikusten hasi da itsua. Baina benetako ikusmena azken eszenan lortu du; berriro Jesusekin topo egin duenean, harengan sinetsi du eta haren oinetan ahuspeztu da. Garrantzizko gauza ez da pertsonak ikustea, arbolak, hodeiak, murruak, etxeak, eguzkia, ilargia… ikustea. Benetako ikusmena Jesus aurkitzean datza eta harengan sinestean. Hartarako, beharrezkoa da Jesusek, munduaren argia den horrek, itsua argitzea, aurrean jarriz, argi bizi bat proiektatuz, gainerako gauzak itzaliz eta ezkutatuz, atentzio guztia argi horretan, Jesusengan, ardaztu dadin.

Ez da ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik

Fariseuek kontrako muturra ordezkatzen dute. Haientzat, Jainkoak bidali duen bakarra Moises da. Jesusi dagokionez, gehienera ere israeldar otoizlaritzat jo dezakete, are maisu ontzat, baldin eta Moisesen Legea hertsiki gordetzen badu. Baina argi dago, Jesusi ez zaio axola Legea, ezta hain agindu santua den larunbata ere. Gainera, inork ez daki nondik datorren. Laugarren ebanjelioko gai tipiko baten oihartzuna da hau: nondik dator Jesus? Galdera anbiguoa, ez baita ari leku fisiko batez (ez Nazaretez, nondik ezin etorri baita ezer onik, Natanaelenen ustez; ez Betleemez, nondik etorriko dela Mesias uste baitute batzuek), baizik eta Jainkoaz ari da galdera hori. Jainkoak bidalia da Jesus, Jainkoagandik dator. Eta hau fariseuek ezin onartu dute. Horregatik hartu dute bekataritzat, seinale harrigarri bat egin duen arren. Jainkoa ezin atera da berek ezartzen dituzten kanon hertsietatik. Berek dute argia, konbentziturik daude zuzen ikusten dutela. Eta konbentzimendu honek eragin die bekatuan jarraitzera, Jesusek azkenean esan dien bezala.

Emakume samariarra eta gaurko ebanjelioko itsua

Antzekotasun handi bat dago Joanen ebanjelioko bi historia hain desberdin hauetan. Bietan, Jesus bera gero eta gehiago ezagutzen doaz protagonista biak. Eta kasu bietan, aurkikuntzak ekintzara eragin die. Emakume samariarrak bere herrian zabaldu du albistea. Itsuak bere ezagunen artean eta, nagusiki, fariseuen artean. Azken kasu honetan, ez da izan fedearen hedapen patxadatsu eta alai bat, baizik eta defentsa sutsu bat izan da Jesus, larunbata ez gordetzeagatik, bekatari salatzen dutenen aurka.

José Luis Sicre