BEGI BERRIAK (Joan 9,1-41)

Garizumako 4. igandea A 2020-03-22

Siloeko itsuaren kontaeraren egiturak kontraste bortitz bat du giltzarri. Dena dakitela uste dute fariseuek. Ez dute ezeren dudarik. Beren egia ezarri ohi dute. Itsu izandako gizajoa sinagogatik kanporatzeraino iritsi dira: «Guk badakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola». «Badakigu sendatu zaituen gizon horrek ez duela larunbata gordetzen». «Badakigu bekatari dela».

Aitzitik, Jesusek sendatu duen eskaleak ez daki ezer. Soilik, bere esperientzia kontatzen die aditu nahi diotenei: «Soilik dakit itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala». «Gizon horrek begiak landu zizkidan eta ikusten hasi nintzen». Kontaera Jesusen azken oharpen honekin bukatzen da: «Ni etorri naiz, ikusten ez dutenek ikus dezaten, eta ikusten dutenak itsu geldi daitezen».

Jesusek beldurra dio, lege-maisuek, Jainkoaren Hitza agintari bezala maneiatuz, seguru eta harro defenditzen duten erlijioari, besteri ezartzeko, armatzat erabiltzeko edo, are, beste pentsaera bat dutenak eskumikatzeko erabiltzen duten erlijioari. Beldurra die lege-maisuei, arduratsuago direnei «larunbata gordetzeaz» eskale gaixoak «sendatzeaz» baino. Tragedia bat iruditzen zaio «gidari itsuak» dituen erlijioa, eta argiro adierazi du: «Itsuak itsua badu itsuaurreko, biak joango dira zulora».

Teologo, predikari, katekista eta hezitzaileok: agian, Jesusek berak argitu gaitzan utzi gabe, besteen «gidari» izan nahi dugunok, ez ote dugu entzungo interpelazio hori? Aspertu gabe geure irakaspena errepikatuz jarraitu behar ote dugu, begiak eta bihotza irekitzen ahal dizkigun Jesusekiko esperientzia pertsonal bat bizi gabe?

Gure Elizak ez du elizak hitzez beteko dituzten predikarien beharrik, baizik eta, era apalean bada ere, ebanjelioaz izan duten beren esperientzia kutsatuko duten lekukoak behar ditu. Ez dugu «egiak» agintari gisa eta hizkuntza hutsalez, topikoen eta esaldi sakatuen ehunduraz defenditzen dituzten fanatikoen beharrik. Egiaz sinestedun direnen beharra dugu, biziaz arduratsu eta jendearen problemez sentibera direnen beharra; Jainkoaren bilatzaile izanik, sufritzen ari diren, bila dabiltzan eta era gizatiarrago eta sinestunago batean nola bizi asmatzen ez duten hainbat eta hainbat gizon-emakumeri begirunez entzun eta lagun egiteko gain direnen beharra dugu.

Jose Antonio Pagola