GARIZUMAKO 3. IGANDEA B 2018-03-04

SARRERA

Senideok, Garizumako orain arteko hiru igande hauetan, Jainkoak egindako hitzarmenez hitz egin digu lehenengo irakurgaiak: lehenengo igandean, Noerekin egindako hitzarmenaz; bigarrenean, Abrahamekin egindakoaz; hirugarren honetan, gaur, Moisesekin egindakoaz.
Dena den, hitzarmen-arazo hori Jainkoaz hitz egiteko modu bat da. Maitasun hutsa da Jainkoa; baldintzarik gabe eskaini digu Jainkoak bere maitasuna Jesusengan. Jesus ez da joan bekatariengana eta pobreengana, berarekin hitzarmen bat egin nahi duten galdezka. Zuzenean eskaini die bere maitasuna, bere barkazioa. ┬źBetiko adiskidetasuna┬╗. Guk geuk ezer egin gabe, Jainkoa erabat eta osorik eman zaigu, baldintzarik eta eskakizunik gabe. Jesusek agertu digun Jainkoagan ez dago hitzarmenik, ez dago itunik. Hau da gugandik espero duen gauza bakarra: batetik, aurki dezagula bera maitasun huts dela; bestetik, joka dezagula besteekin hark gurekin jokatu duen bezala.
Gaurko ebanjelioan Jesusek agertu duen jokabideak hari horri jarraitzen dio. Jesus jabetu da, Jerusalemgo Tenpluan eskaintzen duten kultua ez dela zuzena: Jainkoa erosi nahia ageri da kultu horretan; konturatu da, Jainkoaren izaeraren kontra doala kultu hori, birao huts dela. Jainkoak, izan ere, ez du oparien beharrik gizon-emakumeak maitatu ahal izateko. Senideok, saia gaitezen geure buruari eta elkarri behin eta berriz esaten: Jainkoak maite nau, Jainkoak maite nau, naizen bezala maite nau.

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (20,1-17)

Irakurgai honetan Dekalogoa entzungo dugu, hau da, Hamar Aginduen bertsio bat. Itun Zaharrean, bi bertsio ageri dira: bata laburragoa eta bestea luzeagoa; bata Irteera liburuan eta bestea Deuteromio liburuan. Gaurko hau laburrena da.
Bi alde nabari dira hamar agindu horietan: batetik, Jainkoarekin zein harreman izan agertzen digute; bestetik, gizon-emakumeen artean zein harreman izan. Berez ez da hitzarmen bat; soil-soilik, gure biziera nolakoa izan agertu nahi digu.
Jainkoa borondate hutsa da. Maitasun hutsa. Jainkoa ez dago gizakiak berari grazia eta maitasuna eskatu zain; onginahi eta maitasun huts-hutsa. Ez du inolako baldintzarik. Jainkoa jario hutsa da, dohain hutsa, eskaintza hutsa.

BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei (1,22-25)

Bi jakinduria kontrajarri hauez mintzo da Paulo: faltsuaz eta egiazkoaz. Batetik, hitz-jario handiaz baliatzen den jendea dago; bestetik, Jesu Kristo mintzagai izan ohi duen jendea.
Gaurko honetan, Jainkoaren jakinduriaz ari da Paulo. Jainkoak gizadia salbatzeko betidanik izan duen asmoaz. Asmo edo egitasmo hori Jesusen heriotzaz eta piztueraz bete da osoki. Jesusen heriotza hori eskandalu izan da juduentzat eta zorakeria jentilentzat. Juduak esango du: Nolatan onartu, bere burua gurutzetik defenditzeko eta libratzeko gai ez den Mesias bat? Eta greziarrak esango du: Nolatan sinetsi gurutzean hil den bat piztuko dela? Zorakeria hutsa da hori; ez da arrazoizko gauza; ez du inolako zentzurik.
Halere, Paulok zindo eutsi dio bere fedeari: Jainkoaren maitasuna nolakoa den agertu du Jesusek gurutzean hiltzean. Bestetik, giza arrazoi hutsaren gainetik dago Jainkoaren bizia.
Eta guretzat? Eta niretzat? Benetan salbazioa al da niretzat gurutzean hil den Jesus? Pentsatzen al dut, neure salbazioa lortzeko, heriotzatik pasatu beharra dudala?

EBANJELIOA San Joanen liburutik (2,13,25)

Pazkoaldi batean gertatu da gaurko pasadizo hau. Jende asko da Tenpluaren atarian. Merkatu bihurturik daukate Tenplua. Alde batetik, bertan opari eskaini beharreko animalien salerosketan hari dira. Bestetik, atzerrian bizi diren eta Pazkozkoa egitera etorri diren juduentzat, han dira diru-trukatzaileak ere; garai hartako talde finantzario dira.
Jesusek ekintza profetiko bat baino zerbait egin nahi izan du. Ez da saltzaileak eta animaliak kanpo botatze hutsa. Ez da trukatzaileen mahaiak iraultze hutsa.
Askotan esan izan da, Jesusek Tenpluaren garbitze bat egin nahi izan duela. Baina, egiaz, askoz ere inportanteagoa den ekintza da. Bere burua eman nahi du egiazko tenplutzat: beraren heriotza eta piztuera izango dira egiazko oparia. Joera handia izaten dugu gauza ikusgarriekin gelditzeko. Ikusgarri ez den misterio handi horretara eraman nahi gaitu ebanjelio honek: bere heriotzaz eta piztueraz salbatu gaitu Jesusek. Bera da tenplua berria, bera da opari berria.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Jainkoa Aita dela aitortzen du Eliza elkarteak. Eska dezagun, ager dezagula: Tenplua ez dela harrizko eraikin bat; baizik Jesus bera dela Tenplua, eta gizon-emakumeok garela Tenplu horren harri; modu berezi-berezian, sufritzen ari diren gizon-emakumeak direla Tenplu horren harri. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Fededun guztion alde: erne eta azti bizi gaitezela, Jainkoak egunero eskaintzen dizkigun seinaleei antzeman eta lan egin ahal dezagun, Jainkoaren Erreinua eraikitzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Hezitzaile guztien alde: guraso, irakasle, katekista guztien alde: geure haurrei eta gazteei Jesusen jakinduria, jende baztertua maiteago zuen hura, ezagutzen eta bizitzen laguntzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Gure inguruko parrokia-elkarteentzat: Jainko Aitak digun Maitasuna jendeari, beti eta baldintzarik gabe, kutsatzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.