KULTUA DIRUARI (Joan 2,13-25)
Garizumako 3. igandea B (2018-03-04)

Bada zerbait asaldagarri gure gizartean, sekula salatuko ez duguna behar beste. Zibilizazio batean bizi gara, zeinetan pentsamenduaren eta jarduera-irizpidearen ardatza ezkutuko konbentzimendu hau baita: uste izatea, garrantzizkoa eta erabakitzailea ez dela norbera den hura, baizik eta norberak daukan hura (Miguel Delibes). Eta izatez, gehienak dira beren burua diruari mendean jartzen diotenak eta beren bizitza osoa opari eskaintzen.

John K. Galbraith-ek, kapitalismo modernoaren teoriko handiak, honela deskribatzen du diruaren boterea bere La sociedad opulenta liburuan: diruak «berekin dakartza hiru abantaila funtsezko: lehenik, gizakiari eskaintzen dion boterearen gozamena; bigarren, diruaz eros daitezkeen gauza guztien egiazko jabetza; hirugarren, aberatsak, bere aberastasunei esker, gozatu ohi duen ospea edo errespetua.

Zenbat jendek uste duen, aitortzera ausartu gabe, bere bizitzan, maila batean edo bestean, gauza erabakitzailea, inportantea eta behin betikoa, dirua irabaztea dela, ongizate material bat lortzea, izen ekonomiko bat eskuratzea!

Honetan datza, dudarik gabe, gure zibilizazio honetako porrot larrienetako bat. Mendebaleko gizakia, hein handian, materialista bihurtu da eta, askatasunaz, zuzentasunaz edo solidaritateaz egiten dituen aldarrikapen handiak eta guzti, nekez sinesten du dirua ez den beste ezertan.

Eta, halere, jende gutxi bizi da zoriontsu. Diruaz molda dezakezu etxebizitza atsegin bat, baina ez sutondo bero bat. Diruaz eros dezakezu ohe eroso bat, baina ez lo lasai bat. Diruaz lor ditzakezu harreman berriak, baina egiazko adiskidetasun bat iratzarri ez. Diruaz eros dezakezu plazer bat, baina zoriona ez. Halere, fededunok beste zerbait gehiago ere hartu behar dugu gogoan. Diruak ate guztiak zabaltzen ditu, baina ez dio irekitzen sekula Jainkoari gure bihotzaren atea.

Kristauok ez gaude ohituak jendea jotzen ariko litzatekeen Mesias baten indarkeriazko irudira. Halere, horixe izan da Jesusen erreakzioa, negozioa besterik, Tenpluan berean ere, bilatzen ez duen jendearen aurrean.

Tenpluak galdu egiten du Aitarekin topo egiteko leku-izaera, gure bizitza merkatu bihurtzen denean, non diruari bakarrik eskaintzen baitzaio kultua. Eta ezin izango duzu Aitarekin seme-alaben harremanik, gainerakoekin dituzun harremanetan bitarteko bakarra dirua duzunean. Ezin ulertuko duzu ezer ere Jainkoaren maitasunaz, samurtasunaz eta harreraz, zeure ongizatearen bila bakarrik zabiltzanean. Ezin izan zara Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari.

Jose Antonio Pagola