BELDURRA ELIZAN (Mateo 17,1-9)
Garizuma 2. Igandea A 2020-03-08

Segur aski, beldurra da Jesusi leial jarraitzean, kristauak gehienik gerarazten dituena. Gaur egungo Elizan bada bekaturik eta ahuldaderik, baina nagusiki arriskuarekiko beldurra dago. Hirugarren milurtekoa kristau-fedearen bizipena berritzeko ausardiarik gabe hasi dugu. Ez da zaila beldur horietakorik seinalatzea.

Beldurra diogu berri den edozeri, «iraganari eusteak». Ebanjelioari leial izatea automatikoki bermatuko balu bezala. Egia da, Vatikano II.a kontzilioak biribil baieztatu zuela Elizan «eten gabe bizi behar dela erreforma», giza erakunde denez etenik gabe behar baitu hori. Halaz guztiz, ez da egia txikiagoa, Eliza une hauetan mugiarazten duena, berrikuntza-espiritua baino gehiago, iraupen-sena dela.

Beldurra diogu Ebanjelioari leial izan nahiak berekin dituen tirandura eta gatazka geure egiteari. Mutu gelditzen gara hitz egin behar genukeenean; iskin egiten diogu parte hartzeari. Debekatu egiten da arazo garrantzizkoen eztabaida, kezkagarri gerta daitezkeen planteamenduak saihesteko; nahiago izaten dugu hierarkiari arazorik eta atsekaberik eragiten ez dion ohitura hutseko atxikimendua.

Beldurra diogu ikerketa teologiko kreatzaileari. Beldurra fedearen ospatze bizia faboratzen ez duten erritu eta hizkuntza liturgikoak berrikusteari. Beldurra Elizaren baitan «giza eskubideez» hitz egiteari. Beldurra emakumeari Jesusen espirituarekin adosago den lekua aitortzeari.

Beldurra diogu ororen aurretik errukia ipintzeari, ahaztuz, Elizak ez duela hartu «auziaren eta kondenaren ministeriorik, baizik eta «adiskidetzearen ministerioa» hartu duela. Beldurra diogu bekatariei, Jesusek egiten zien bezala, harrera egiteari. Nekez esango da Elizaz gaur egun «bekatarien adiskide» dela, beraren Maisuaz esan ohi zen gisan.

Ebanjelioaren kontaerak dioenez, ikasleak lurrera erori dira, «beldurrak jota», ahots bat entzutean, esan diena: «Ene Seme maitea da hau… entzun iezaiozue». Beldurra eman die Jesusi bakarrik entzuteak. Jesus bera da hurbildu, ukitu eta esan diena: «Jaiki, ez beldur izan». Kristorekin bizi dugun harreman biziak bakarrik liberatuko gaitu horrenbeste beldurretatik.

Jose Antonio Pagola