GAUR EGUNGO ELIZAREN TENTAZIOAK (Mateo 4,1-12)
Garizuma 1. Igandea A 2020-03-01

Lehen tentazioa «basamortuan» gertatu da

Baraualdi luze baten ondoren, Jainkoarekin topo egitera emanik, gosea sentitu du Jesusek. Orduantxe iradoki dio tentatzaileak zer egin, bere buruan pentsatuz eta Aitaren egitasmoa alde batera utziz: «Jainkoaren Semea bazara, esazu harri hauek ogi bihur daitezen». Jesusek, ahuldurik baina Jainkoaren Espirituaz beterik, erantzun dio: «Gizakia ez da bizi ogiz bakarrik, baizik eta Jainkoagandik datorren hitz guztiez». Jesusek ez dio emango bere probetxu propioa bilatzeari. Ez da izango Mesias egoista. Ogiak ugalduko ditu pobreak goserik ikusiko dituenean. Bera, berriz, Jainkoaren Hitz biziaz elikatuko da.

Eliza, bere probetxu propioaren bila hasten denean, Jainkoaren erreinuaren egitasmoaz ahazturik, aldendu egiten da Jesusengandik. Kristauok, geure ongizatea azkenak direnen premien gainetik ipintzen ditugunean, aldendu egiten gara Jesusengandik.

Bigarren tentazioa «tenpluan» gertatu da

Tentatzaileak proposatu dio Jesusi, egin dezala bere garaipen-sarrera hiri santuan, goitik Mesias aintzatsu gisa jaitsiz. Segurtatua du Jainkoaren babesa. Aitaren aingeruek «zainduko dute» bera. Arin erreakzionatu du Jesusek: «Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa». Ez da izango Mesias garaile. Ez du bihurtuko Jainkoa beraren aintzaren zerbitzari. Ez du egingo «zeruko miraririk». Soilik, seinale batzuk gaixoak sendatzeko.

Eliza, Jainkoa bere aintza propioaren zerbitzura ipini eta bere duintasun propioa azaldu nahiz «goitik jaisten den» bakoitzean, aldendu egiten da Jesusengandik. Jesusen jarraitzaileok, «on egiteaz» baino gehiago, jendearen aurrean «ondo gelditzeaz» arduratzen garenean, aldendu egiten gara Jesusengandik./p>

Hirugarren tentazioa «mendi garai-garai batean» gertatu da

Munduko erreinu guztiak ikusten dira handik. Deabruaren esku daude guztiak, eta eskaintza zoragarri hau egin dio Jesusi: botere guztia emango dio munduaz. Soilik, baldintza bat: «Ahuspeztu eta gurtzen banauzu». Bortizki erreakzionatu du Jesusek: «Alde hemendik, Satanas». «Jauna zeure Jainkoa bakarrik gurtuko duzu». Jainkoak ez dio dei egin mundua dominatzera, Erromako enperadoreak dagien bezala, baizik eta inperioan beronek zapaldurik bizi direnen zerbitzari izatera. Jainkoaren erreinua ez da ezartzen botereaz, maitasunez da eskaintzen.

Elizak, gaur egun, botere, aintza edo dominazio-tentazio guztiak uxatu beharra du, Jesusek bezala aldarrikatuz: «Alde hemendik, Satanas». Mundutar boterea deabru-eskaintza da. Kristauok, haren bila hasten garenean, aldendu egiten gara Jesusengandik.

Jose Antonio Pagola