GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN (Markos 1,12-15)
Garizumako 1. igandea B (2018-02-18)

Jesusen jarduera profetikoa kontatzen hasi aurretik, Markosek diosku, Espirituak basamortura eragin ziola. Han gelditu zen berrogei egunez, Satanasi bera tentatu zezan utziz; piztia artean bizi zen, eta aingeruak zerbitzari zituen. Gurutzean hil zuten bitarte guztian Jesusek bizi izandako tentazioen edo proben laburpen dira lerro hauek.

Jesusek ez du bizi izan bizitza erraz eta lasairik. Espirituaren eraginpean bizi izan da, baina bere haragian berean sentitu ditu gaizkiaren indarrak. Bere burua Jainkoaren egitasmoari estu eskaini izanak gatazkak eta tirandurak urratutako bizitza bizitzera eraman dute. Harengandik behar dugu ikasi haren jarraitzaileok probaldian nola bizi.

«Espirituak basamortura eragin dio Jesusi»

Ez du gidatu bizitza erosora. Proben, arriskuen eta tentazioen bidean jarri du. Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren bila ibiltzera, Jainkoa faltsutu gabe hots egitera, mundua gizatarrago izan dadin saiatzera: arriskutsua da hori guztia beti. Hala izan zen Jesusentzat eta hala izango da haren jarraitzaileentzat.

«Basamortuan berrogei egun egin zuen»

Basamortua izango da Jesus biziko den parajea. Leku babesgabe eta arrotz hau probaren eta zailtasunen sinbolo da. Funtsezkoaz bizitzen ikasteko lekurik hoberena; aldi berean, arriskutsuena bere indar propio hutsen arabera bizitzera galdua denarentzat.

«Satanasek tentatua»

«Arerioa» esan nahi du Satanasek, Jainkoaren eta erreinuaren alde saiatu nahi dutenen kontra dagoen indarra. Tentaldikoan argitzen da zer den, gu baitan, egiatik edo gezurretik, argitik edo ilunetik, Jainkoari leial izatetik eta injustizian kide izatetik.

Bere bizitza osoan, Jesus adi biziko da «Satanas» agerian jartzeko gorabehera espero gabekoenetan. Behin batean Pedrori egingo dio uko hitz hauekin: «Aldendu hadi nigandik, Satanas; hire pentsaera ez duk Jainkoarena-eta». Jesusek bezala bizi behar dugu probaldia, erne eta azti Jainkoagandik aparta gaitzakeen zernahiri.

«Piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari»

Piztia horiek, lurrean bortitzenak diren izaki horiek, Jesus mehatxatuko duten arriskuak iradokitzen dituzte. Aingeruek, berriz, kreazioko hoberenak diren izaki horiek, Jesus bedeinkatzen, zaintzen eta babesten duen Jainkoaren hurbiltasuna iradokitzen dute. Honela biziko da Jesus: «azeri» izena eman dion Antipasengandik bere burua defendituz eta gaueko otoitzean Aitaren indarra bilatuz.

Geure aldi zail hauek, begiak Jesusengan ditugula bizi behar ditugu. Jainkoaren Espirituak digu eragiten basamortura. Krisialdi honetatik, Eliza apalago bat eta Jaunari leialagoa den bat aterako da egunen batean.

Jose Antonio Pagola