Familia Santuaren Jaia B 2020-12-27
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur esango litzateke, liturgiak gai nagusitzat Nazareteko familia eredutzat hartzera gonbidatzen gaituela, eta geure familian hura nola imitatuko saiatzera. Eta askotan horixe egin izan da gure elizetan, eta gaur berean ere bidaltzen dizkiguten idazkietan horixe da gai nagusia.

Baina liturgiak eskaini digun ebanjelioa kontuan harturik, ez da hori proposatzen diguna. Kontuan izan behar dugu Eguberrialdian gaudela, eta, horrenbestez, Jainkoa gizon eginaren misterioa proposatzen digula gogoeta egiteko. Jesus maitea —benetako gizon egina— gogoan dugula bizi beharko genuke Eguberrialdia.

Emaiogun begiratu bat gaurko ebanjelioari.

Batetik, lau bider ageri da formula hau: «Jaunaren Legean idatzia dagoenez». Esan nahi da, Jesusen gurasoek ardura handia dutela Jaunaren Legean agindua dagoena betetzeko. Esan nahi da, Jesusen gurasoak oso erlijiosoak zirela. Datu honek inportantzia handia du. Izan ere, Jesusen etsaiek esango dute, judu gaizto bat zela Jesus, Moisesen Legearen kontrakoa zela. Baina ez; familia erlijioso batean jaioa da.

Gaurko ebanjelioan ageri diren Simeon eta Ana adinekoak ere erlijioso-erlijiosoak dira. Jesusek ez du ikasi Testamentu Zaharreko jainkozaletasuna zapuzten.

Bada beste datu bat ere, oso garrantzizkoa. Lukas ebanjelariak dio, «Haurra haziz eta indartuz zihoan, jakinduriaz betetzen, eta berekin zuen Jainkoaren grazia». Horrek esan nahi du, Jesus benetako gizona zela. Ez zen jaio den-dena zekiela; hazi eta hezi beharra izan zuen; ikasi beharra izan zuen.

Hitz batean esateko, gaurko ebanjelioak, Jesus jaio berria adoratzera gonbidatzen gaitu. Jesus haur txiki, baina salbatzaile. Jesus da inportantea. Jose ez da aipatu ere egiten, izenaz behintzat. Mariari inportantzia handiagoa ematen dio ebanjelioak; baina hau ere, Simeon adinekoaren bedeinkazioa dela-eta. Eguberrialdian gaude; gizon egin den Jainkoaren misterio handia dugu gogoetagai.

Hitz gutxitan esateko, Jainkoa haur txiki egin da; familia baten beharra izan du. Familia batean joan da gizon egiten.

Eta gatozen, gaurko ebanjelioko gai xeheago batzuk ikustera.

Testamendu Zaharrean agindua zen; batetik, amak haurra izan eta berrogei egunera garbitu egin behar zuela, Tenplura joanez (Lebitarrak liburua 12,2-8); bestetik, seme zaharrena, jaio eta zortzi egunera, Tenpluan aurkeztua beharra zen: bera eskaini ordez, animaliaren bat eskainiz; haurra berreskuratze bat-edo zen (Irteera liburua 13,11-16). Aurkezte hori, Simeon adinekoarentzat, Jainkoa gizon-emakumeen artean presente dagoela adierazteko seinalea edo sinboloa izan zen.

Simeon eta Ana adin handikoak ageri dira. Esperoan dauden bi pertsonaia dira; gauza berri baten esperoan dagoen beste hainbat eta hainbat jende ordezkatzen dute; baita gu geu ere; gainera, Simeon, Espirituak eraginda, Tenplura doa, Jesusi harrera egiteko. Horra guretzat bi gonbit eta bi dei: Jesus Salbatzailearen esperoan bizi, Jesus Salbatzaileari harrera egitera joan. Nora? Tenplura? Tenplu bizi diren pobreengana?

Mariari, Simeonek bere bizitza zer izango duen iragarri dio: ezpatak bihotza zeharkatuko dizu. Bere ibilbidea, bere bizitza zein izango duen aurresan dio: konfiantzaz bizi behar du, baina gurutzea jasan beharko du.

Ez da erraza izaten, Jainkoaren egitasmoa zein den jakitea. Mariak ere ez du ulertu. Badira, ordea, hiru bide Jainkoarekin harremanetan sartu eta bizitzeko: a) bila ibiltzea, Jose eta Maria ibili diren bezala; b) Jesusekiko fedean eta konfiantzan haziz joatea, Mariak egin duen bezala; c) Jainkoaren Hitza entzun edo irakurri eta hausnartu Mariak egin duen bezala.

Bukatzeko, eta nire jardunaldi honen hasierako puntura itzuliz, Liturgia moldatu dutenak berak ere konturatu dira gaurko jai honen inguruan bizi izan den kontraesanaz: ez da kristau-familiaren jaia, baizik gizon egin den Jainkoaren Semearen jaia. Adibidez, orain arteko liturgian, lehen eta bigarren irakurgaiek familia zuten gai nagusia: familia nola osatu, familian nola bizi. Eta, gaur gure Mezan entzun ditugunez, beste irakurgai batzuk proposatu dizkigute. Biek ere, funtsean, Testamentu Zaharreko Abraham fededun handia jarri digute gogoeta gai. Neurri batean, esperoan nola bizi erakutsi diguna.

Bizi dezagun Eguberrialdi hau gure Jesus maiteari begira.
Dionisio Amundarain