Familia Santu bat bitan aterpetua
A urtea 2019-12-29

Esan ohi da familia krisian dagoela. Elizaz ezkondutako bikoteak, baita herriz ezkonduak ere, gutxitzen ari dira nabarmenki; dibortzioak eta apartatzeak gehituz doaz. Zer mezu espero lezake Familia Santuaren egunean mezara joango den kristauak? Nolanahi ere, ezusteko handia jaso lezake.

Seme-alaba adinekoak eta guraso adin handikoak (1. irakurgaia: Sirak 3,3-7.14-17a)

Gauza bitxia: lehen irakurgaia ez zaie mintzo gurasoei, baizik eta seme-alabei. Baina ez seme-alaba txikiei, baizik eta pertsona adinekoei, ezkonduei, adin handiko gurasoekin bizi direnei (sarritako gauza zen hori 1. mende hartan). Jesus ben Siraken (Sirak liburuaren idazlea) testuak jakindakotzat ematen du seme-alaba horiek aski baliabide ekonomiko dutela eta, aldi berean, biziera erlijiosoa bizi dutela. Otoitz egiten duten pertsona dira eta Jainkoari beren bekatuen barkazioa eskatzen diotenak. Baina, Jesus ben Siraken ustez, arrakasta maila guztietan, gizatarrean eta erlijiosoan, adin handiko gurasoei ematen zaien tratuaren baitan dago. Segurtasun sozialik ez zegoen garai hartan, «aita eta ama ohoratzeak» berekin zuen gurasoei laguntza ekonomikoa eskaintzea. Baina ez hori bakarrik. Badakartza gaurkotasun handiko beste aholku batzuk ere: «Ene semea, izan zaitez iraunkor aita ohoratzen, ez bazter utzi hura bizi den bitartean; burua arindu bazaio ere, izan gupida, ez lotsarazi hura». Aitarekiko eta amarekiko begirune eta txerazko jarrera hau izango du bermea: egin dezan otoitza entzuna izango dela eta beraren bekatuak «antzigarra bezala urtuko direla».

Senarrak, emazteak, seme-alabak eta gurasoak (2. irakurgaia: Kolosarrei 3,12-21)

Kolosarrei egindako gutuna aholku-sail batekin hasi da; baliozkoak dira edozein kristau-elkarterentzat; hauek dira nabarmenenak: elkarrekiko maitasuna eta Jainkoarekiko esker ona. Testua, ordea, jai honetarako aukeratu bada, azkeneko aholku laburrengatik izan da aukeratua: emazteei, senarrei, seme-alabei eta gurasoei eskainiko aholkuengatik.

Gaur egungo kulturan, problematikoena emazteei doakiena da. Parekotasun-garai honetan lekuz kanpo dago esatea: «Emazteok, bizi zeuen senarren mende, Jaunari dagokionez». Baina Erromatar Inperioaren egoera hartan, 1. mendean, batez ere goi-mailako emakumeak beren independentziaz harro ageri eta beren bizitza senarrengandik bereiz antolatzen zutenean, ez zen izan harritzekoa gutunaren idazleak emazteei beste portaera hau aholkatzea. Senarrei emandako aholkuak, emaztea maitatzea eta harekin zakar ez izatea, indarrean jarraitzen du genero-indarkeria ugari den gure garaian. Gurasoei eta seme-alabei emandako azken aholkuek bien arteko harremanen ideala iradokitzen dute: gustura obeditzen duen semea edo alaba, garrasika eta irainka agintzen ez duen aita edo ama.

Aterpetuen eta emigranteen familia bat (ebanjelioa: Mateo 2,13-15.19-23)

Lehen bi irakurgaiak ondo ahokatzen dira Lehen Munduko familien egoeran. Ebanjelioak, berriz, mundu osoko aterpetuen eta kanporatuen milaka familiak dakarzkigu burura. Beren familiarekin eta beren ondasun apurrekin emigratzen diren gurasoak, ez Herodesen beldurrez, baizik eta gerragatik, bonbengatik edota goseagatik. Adierazi eta babesten ez dituen inolako aingerurik gabe. Mateoren kontaeran, Jose da protagonista nagusia. «Haurra eta honen ama» pertsonaia pasibo dira, gauez Egiptora eraman ditzan uzten die; azkenean Nazareten bertakotuko dira inork kontsultarik egingo ez dielarik. Norbaitek salatzen ahal du ebanjelio hau «patriarkaltzat», aita erdigune egitea egotziz. Baina ez da izan zeregin atsegina Joseri gomendatu zaiona: atzerriko lurralde batean babestea, semea erail ez diezaioten. Esanguratsua da istorioaren segida. Orain arte, obeditzera mugatu da Jose. Herodes hil denean, berak hartu du ekimena, eta egokiena deritzon moduan interpretatu du aingeruaren agindua. Arkelaoren beldurra sentitu du eta ez da itzuli Betleemera; iparralderago joatea erabaki du, herrixka kaxkar batera, «zeinetatik ez baita irten ezer onik», Nazaretera, alegia. Baina, berak jakin gabe, horrela beteko da profetek esana: «Nazaretarra deitu zela».

Lehen munduko ezkontza-bikoteak, hies egin eta emigratu beharrik izan ez badu ere, zer ikasi ona atera dezake ebanjelio honetatik. Beti dago zailtasunik, eta inor gutxik esan ahalko du ez duela izan ustekabeko egoerarik (gaixotasun, problema ekonomiko edo laneko, tirandura seme-alabekin…). Gutxitan, edota inoiz ez, bidali izango zuen Jainkoak aingeru bat zer egin behar den esatera. Gogoetak, otoitzak, elkarrizketak lagunduko zion jendeari erabakirik zuzenena hartzen. Eta giza ikuspegitik porrota izan denean, Nazaretera joatea bezala, orduan ere Jainkoaren borondatea bete ohi da.

Hiru eranskin: Arkelaori beldurra, Nazaret eta Nazaretarra

1.-Zertan oinarritu du Mateok Joseren beldurra? Ez du adierazi. Imajina genezake ordea, Flavio Josefok kontatzen duen hartan oinarriturik. Lehenik eta behin, Herodesen heriotzaren ondoren gertatu ziren iskanbilengatik. Hasieran, honetara mugatu zen jendea iskanbila: tasak jaisteko, zergak baliogabetzeko, presoak askatzeko eta Herodesen kutunak zigortzeko eskatzera (Gerla II 4-7). Laster, ordea, Arkelao Erroman delarik, eskatzetik armetara jo zuten. Mendekoste egunean matxinada bat gertatu zen Jerusalemen, hildako asko utzi zituena (Gerla II 39-54).

Bigarren, Arkelaoren jokabide tiranotar eta krudelagatik. Herodes Handiaren eta Maltaceren seme hau etnarka izendatu zuen Zesar Augustok, «hitzemanik, errege-tituluaz ohoratuko zuela, duintasun honen merezidun zela azaltzen bazuen». Baina hamar urtez bakarrik gobernatu zuen (K.a. 4tik K.o. 6ra); hain juxtu, mendekoekin agertu zuen krudelkeriagatik. «Arkelaoren hamargarren gobernu-urtean, juduetako eta samariarretako handikiek, haren krudelkeria eta tirania gehiago ezin jasanik, Zesarri salatu zioten, nagusiki Zesarren aginduen aurka ari zela uste zutelako, zeinak jendea neurritsu tratatzeko agindu baitzion». Zesarrek, salaketa entzun orduko, Erromara joateko agindu zion, gaitzetsi eta Viennera (Galian) erbesteratu zuen, ondasun guztiak konfiskatuz. Mateo 2,22an desegoki deitzen zaio «Judako errege» Arkelaori. Zesarrek etnarka titulua bakarrik eman zion.

2.-Nazaret. Gaur egungo turistari zail gertatzen zaio Jesusen garaiko Nazaret hura nolakoa zen jakitea. Gaur egun hirurogeita hamar mila biztanle baino gehiago ditu, mendixka askoren goi-beheak hartzen ditu, bisitarien etengabeko joan-etorriek animatzen dutelarik. Jesusen garaiko Nazaret hura oso bestelako zen. Tiberiades aintziratik etortzean, Genesareteko eta Bet Netofako lautada ederrak kontenplatu ondoren, hasiera hartako testuinguru lehor eta basatiak zirrara eragiten dizu. Hiru mendixkaren artean hesiturik, haietako baten oinean, horizonterik ez zuen. Esdrelongo edo Tabor mendiko hurbileko lautada bera ere ez zen ikusten, nahiz eta posible zen ikustea hego-ekialdeko mendi garai batetik. Herrixka hora halakotzat ezagutu, dela frantziskotarren lan arkeologiko bikainagatik ezagutzen dugu: berrehunen bat biztanle, aldapa arinean zulatutako etxeetan, Granadako edota Guadixko Sacromonte gogoratzen dutelarik. Nazaret ez da aipatzen behin ere Itun Zaharrean, ezta Galilea oso ondo ezagutzen zuen Flavio Joseforen obretan ere. Ez zen gutxitan gertatu beraren Kanako auzokoek mespretxuz esatea: «Nazaretetik ezer onik irten al daiteke, ba?» Nazareten eman zuen bere bizitza urte askotan Jesusek.

3.-Nazoreo eta nazaretarra. Nazareten aterpetu izanaren ideia Mateorena da. San Lukasen arabera, Jesusen familia herrixka horretakoa zen jatorriz. Baina Mateok hemen ikusi du hainbat profetak (pluralean!) iragarritako profezia bete izana: «nazoreo» (Nazwrai/oj klhqh,seta) deituko da.

«Jesus nazoreo» (Vlhsou/j o´ Nazzwra/oj) izena eman diote Lk 18.37k eta Eginak 6,14k; gurutzean ageri den tituluan (Jn 19,19), baita berak bere buruari eman diona Paulori agertzean (Eginak 22,8). Eskuarki «nazaretar» itzuli ohi da, Markosengan (1,24; 10,47, 14,67; 16,6) eta Lukas 4,34 eta 24,19an ageri denaren baliokidetzat hartuz; baina profezia bakar batek ere ez dio Mesias Nazaretekoa izango denik. Beste batzuek Sansomekin erlazionatu dute: «Jainkoari sagaratua» (nazirai/on) (Epaileak 13,5,7). Egokiagoa izango litzateke, hebreerazko testuari atxikiz, eta ez grekozkoari, Is 11,1aren aiputzat ematea: «Kimu bat aterako da Jeseren zuhaitz-ondotik, adaxka bat erneko haren sustraietatik (nëcer)». Nola nahi den, Esd 9,10k eta gehiagok Itun Zaharreko inongo liburutan ageri ez den hainbat profetaren profeziaren aipua egin dute.

Eranskin hauek liburu honetatik hartuak dira: J.L. Sicre, El evangelio de Mateo. Un drama con final feliz. Verbo Divino, Lizarra 2019, 63-65 or.

José Luis Sicre