EPIFANIA (C) 2016-01-06

SARRERA

Senideok, Epifania ospatzen dugu gaur, Jesus mundu osoarentzat agertu izana. Kontuan hartzeko detailea da hau: Lukasek lehentasuna Jesus haurra artzainei agertu izanari ematen dio; Mateok, berriz, hau nabarmentzen du: pagano batzuk, Ekialdeko mago batzuk (ez dira erregeak) izan direla lehenak Jesusi harrera egiten.
Berez, Ekialdeko Elizan Eguberriari ematen zioten Epifania izena. Mendebaldeko Elizan, erromatarrean alegia, Epifania jaia 5garren mendean hasi ziren ospatzen. Azken batean, Eguberri jaiaren ezaugarrietako bat da Epifania hau: Jesus munduan gizon-emakume guztien argi bezala agertu da. Hona zer dioen Hipolito santuak (+235): «Hasiera batean Aitarentzat bakarrik ikusgarri zen hura (Hitza, alegia) munduarentzat ere ikusgarri egin zen; mundu honek, hura kontenplatuz, salbazioa iritsi zezan».
Bestalde, Jainkoaren Errukiaren Urte Santua ospatzen ari gara; hona urte horren helburuak: batetik, fededunok Jainkoaren errukizko aurpegi hori distira-distiratsu ikusten saiatzea, geure burua konbentzitzea Jainkoak errukitsu begiratzen digula; bestetik, gizon-emakume guztiei Jainkoaren errukizko aurpegi hori agertzea.
Nahi dezala Jaunak, magoek ikusi eta bisitatu duten argi horren aurrean guk ere begiak zabal-zabal izatea, eta Jesusen bizitza errukitsua xalo-xalo, apal-apal hausnartzen jakitea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (60,1-6)

Isaiasen liburuak hiru zati handi ditu; aro desberdinekoak dira hirurak. Gaurko pasarte hau hirugarren zatikoa da. Babilonian erbesteraturik diren israeldarrak Palestinara itzuli dira. Baina Babilonian egin zitzaizkien promesak ez direla bete ikusi dute: Palestina hautsirik dago, Jerusalem lurrean.
Autoreak esan nahi die etorriko dela Jerusalemera argi handi bat. Eta Jerusalem hori hiri ikusgarri gertatuko dela, ez bakarrik israeldarrentzat, baita gizadi osoarentzat ere; honela mintzo zaie: zugana etorriko dira, Jerusalem, herri guztiak; iritsiko da Jaunaren egunsentia; zugan agertuko da Jaunaren aintza.
Jakina, profeta baten hitzak dira. Argi horrekin zerbait berezia adierazi nahi du. Guretzat argi hori Jesus da. Baina kontuan har dezagun hau: Jerusalem hori hiri sinbolikoa da; hain juxtu, profetak aipatzen duen Jerusalem hori ez da izango Jerusalem hiria bera, baizik Betleem. Jesus ez da agertu Jerusalem hirian, baizik Betleemen. Honekin esan nahi da, ebanjelioko gauza asko era sinbolikoan hartu behar direla. Jerusalem bezala, izarra agertzea, magoak etortzea, urrea eta mirra eskaintzea, magoak beste bide batetik itzuli izana. Hori guztia era sinbolikoan hartzen ikasi beharra dugu.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (3,2-3a.5-6)

Gutun honetan hainbat gai harrotzen da. Besteak beste, Jainkoaren Semea gizon egin izanarekin estu lotua dagoen hau: kristauen bizitza espiritualismo hutsa izateko arriskua («Jauna, Jauna» esanez bakarrik bizitzeko arriskua, alegia), Elizak triunfalismo harroa izateko arriskua; bitartean, badakigu, Jesus ez dela etorri «Jauna, Jauna» esanez bizitzera, baizik eta konprometitu egin dela; bestetik, badakigu Jesus ahul eta makal etorri dela eta ez harro.
Baina gaurko Epifania jai honekin oso lotua den mezu hau azpimarratu nahi du idazleak: israeldar ez direnak ere, paganoak alegia, Jainkoaren erreinura deituak direla. Gure kasuan, hau esan beharko genuke: ofizialki eliztar ez direnek ere argi, bizi eta salbatzaile dutela Jesus.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (2,1-12)

Pasarte honetako esaldi guztiak banaka eta hitzez hitz hartuko bagenitu, ez genuke ezer ulertuko.
Jesus Betleemen jaio zela sinbolo hutsa da. Mateok adierazi nahi du David berria dela Jesus, eta, Daviden jatorria Betleem zelako, Jesus ere hor jaio zela dio. Inportantzia, ordea, Jesus David berria izateari eman nahi dio.
Magoak hitza ere sinbolo bat da: Itun Zaharrean esana da ezen atzerriko jende guztia etorriko dela Mesias adoratzera. Magoak etorri direla esatean, ez da esan nahi, ez jakintsuak direnik, ez erregeak direnik; hauxe bakarrik: atzerritarrek ere gurtu dutela Jesus, atzerritarrak ere bila eta bila dabiltzala.
Izarra ere gauza sinbolikoa da. Profetek esana zuten, izarrek argituko zutela Jerusalem. Baina Mateok dio, Jerusalemera iristean, izarra itzali egin dela, eta handik irtetean berriro agertu dela. Jerusalem handitik ez, baizik Betleem koxkorretik etorriko da argia.
Mateok mezu xume hau eman zien bere garaiko juduei, baita guri ere: argia agertu zaiela paganoei ere. Eta judu askok ukatu dutena, pagano askok onartu dutela.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gizon-emakume guztien alde: beren bihotzera begiratu eta han duten argia ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kontsumismoari emana dagoen gure gizartearen alde: bizitza xumeak eta besteei laguntzeari emanak zoriontsuago egiten gaituela kontura dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Eliztarren alde: guztiok osatzen dugun Eliza hau handi-mandi, harro eta nagusi agertzeari emanik bizi ez dadin, baizik eta, Jesus bezala, pobre eta pobreen laguntzaile egiten eta agertzen saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduak bazterturik dituen herrien alde, batez ere Afrikaren alde: beren burua zutik edukitzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.