ARGIARI ERANTZUN (Mateo 2,1-12)
Epifania A (2017-01-06)

Paul Tillich teologo handiaren arabera, gizaki modernoaren tragedia handia sakontasunaren alderdia galdu izanean datza. Gizakia jada ez da gai nondik datorren eta nora doan galdetzeko. Ez daki galdetzen zer egiten duen eta bere buruaz zer egin behar duen, bere jaiotzaren eta bere heriotzaren arteko tarte labur honetan.

Galdera hauei gaur egungo gizon-emakume askok ez die jada erantzunik ematen. Are gehiago, planteatu ere ez ditu egiten «sakontasunaren alderdi hori» jada galdua duelako. Gaur egungo belaunaldiek ez dute jada adorerik arazo hauek planteatzeko, iraganeko belaunaldiek planteatu izan dituzten seriotasun eta sakontasunez. Nahiago dute ilunpean ibiltzen segi.

Horregatik, geure garai honetan berriro gogora ekarri beharra dugu hau: fededun izatea, beste ezer baino lehen, sutsuki galdera egitea dela geure bizitzaren zentzuaz eta erantzunari irekirik egotea, nahiz ez ikusi artean argi eta zehatz.

Magoen kontakizuna, Eliz Gurasoen ustetan, pertsona batzuek eman diguten etsenplu handia izan da; hain zuzen, paganismoaren lainopean bizirik ere, federa dei egiten zien argiari leial erantzuteko gai izan ziren. Beren jardueraz, Kristoganako bideari leial ekiteko deia entzutera estu gonbidatzen gaituzten pertsonak dira.

Geure bizitza eskuarki existentziaren azalean gauzatu ohi dugu. Zeregin, harreman, arazo, topaketa, askotariko betebeharrek harat-honat garabiltzate, eta bizitza aurrera doakigu une bakoitza egin, esan, ikusi edo antolatu beharreko zerbaitez betez.

Horrela, arriskua izan ohi dugu geure nortasuna bera ere galtzeko, beste gauza askoren arten gauza bat gehiago izateko eta norantz jo jakin gabe bide eginez bizitzeko. Ba ote da gure bizitza norabidetzeko gai den argirik? Ba ote da gure gurari eta ametsik sakon-sakonentzako erantzunik? Kristau-fedea bizitzetik, bada erantzun bat. Argi horrek distira dagi jada Betleemen jaiotako Haur horrengan.

Garrantzizko gauza, ilunpean bizi garela konturatzea da, galdua dugula bizitzaren oinarrizko zentzua. Hau aitortzen duena ez dagoke jada urrun bide zuzenaren bila hastetik.

Oxala, geure egunerokotasunean galdua ez bagenu irekirik bizitzeko gaitasuna, dela gure bizitza argitzen ahal lukeen edozein argiri, dela gure bizitzari sakontasuna ematen ahal liokeen edozein deiri.

Jose Antonio Pagola.