Eguberri ondoko 2. igandea c (2016-01-03)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Eguberri-misterioa hausnartzen eta bizitzen jarraitzen dugu. Misterio horren beste alderdi bat proposatzen digu gaurko ebanjelioak. Jainkoa, sortu zuenetik gizadiari hitz egin dion Jainkoa da, eta egiten dion Jainkoa. 147. salmoak ere hala esaten digu: «Jaunak bere hitza lurrera bidali, eta arin lehiatzen da bere helburura… Bere hitza iragartzen dio Jakoben herriari…».

Bai. Jainkoak etapaka hitz egin dio gizadiari. Hitz horrek historia luzea du munduan. Gizadiaren historia bezain luzea.

Lehenik, naturaren bidez hitz egin dio. Naturaren edertasunaz, naturaren handitasunaz. Baita naturaren zakartasunaz ere. Esaterako, artean ikasle zela, Martin Luterori goitik behera aldarazi zion bere bizitza naturaren zakartasunak 1505ean. Jakina, Luteroren hori ezin hartuko dugu jarraibidetzat; ez da bidezkoa bizitza osorako erabaki bat hartzea izualdi batean, Lutero egin zuen bezala. Baina gizadiaren historian horrelako kasu bat baino gehiago gertatu izan da. San Pedrorena ere hor dugu: Jesus zela entzun, eta urera salto egin, eta hondoratzen hasi zenean: «Salba nazazu, Jauna», hasi zen esaten. Batez ere, naturaren alde baikorra miresten ikasi beharko genuke. Nolanahi ere, naturak bere osotasunean gidatzen gaitu Jainkoagana. Modu zabalean harturik, gizakiari hitz egiteko, Jainkoaren erabili dituen bideetako bat da. Zein ez da noizbait liluraturik eta zoraturik gertatu itsaso zabal handia ikustean? Edota eguraldi zoragarri batekin Txindoki puntan gertatzean?

Bigarren, patriarken eta profeten bidez hitz egin digu. Zenbat orrialde bikain hausnar daitezkeen Itun Zaharra irakurtzean? Irakurtzean: ez, noski, jakin-min hutsez, baizik hausnartzeko nola joan den gizakia bere ibilbidea egiten, gizatasun handiagoko bihurtuz; beti ere, Jainkoaren argipean dabilela pentsatuz eta aitortuz!

Hirugarren, eta batez ere, bere Semearen bidez, Kristoren bidez hitz egin digu.

Bai, Jainkoa gizadiari hitz eta hitz ari zaio. Bere ametsa zer eta zein duen agertu nahi dio Jainkoak gizakiari. Horrek guztiak, ordea, barne-entzumena adi eta erne ukaitea eskatzen du, Andre Mariak bezala: entzuteko, bihotzean gordetzeko, hausnartzeko.

Jainkoaren betiko hitza da Jesus. Jainkoak bere buruaz gizakiari egin dion agerpena da Jesus. Jainkoak gizakiari berau zer den egin dion agerpena da Jesus. Jesusen baitan Jainkoa zer den eta gizakia zer den ikus dezakegu. Izan ere, benetako gizakia da Jesus; bere betera iritsi den gizona. Aldi berean, Jainko da, Aita bezala.

Batzuek onartu dute Jesus. harrera ona egin diote. Beste batzuek ez, mementoz bederen. Egun batean guztiek egingo diote harrera ona, Jesusek emango dien argi berezi eta distiratsua dela medio.

Izan ere, Hitz honek atea jo eta atea jo jarraitzen du. Ez du bete nahi bere gogoa magikoki. Sorginkeriaz. Indarkeriaz. Ez. Geure ondoan dugunaren aurpegia erakusten digu; ondokoaren aurpegian ikus dezake bera ate joka: batzuetan poz-pozik, askotan sufritzen.

Zer egin dezakegun Jainkoaren Hitz honekin? Andre Mariak egin duena: bihotz barruan hartu, hausnartu, bat egin beraren egitekoarekin. Harrera hori egiten diotenak Jainkoaren seme eta alaba bihurtzen ditu.

DIONISIO AMUNDARAIN