Jakinduria eta Hitza

Eguberri ondoko 2. igandea (2020-01-05)

Homilia problematiko bat

Aurten, 2020an, Eguberri ondoko bigarren igande honetan predikatzea erronka bat da. Fededunik gehienek Erregeen kabalkada izango dute gogoan, arratsaldean egingo dena, egin edo hartuko dituzten erregaluak. Meza arratsean bada, ez da izango jada igandekoa, baizik eta Epifania bezperakoa. Eta ebanjelioa San Joanen hitzaurrea izango da, Eguberri egunean irakurri zena bera, Joan Bataiatzaileari dagozkion zatiak kentzen ahalko direlarik.

Ihesbide on bat (Efesoarrei 1,3-6.15-18)

Apaizak jo dezake bigarren irakurgaira, babes bila. Oso erraza ez den arren, garrantzizko ideiak dakartza, ulerterrazak, eta bete beharrekoak: Jainkoa bedeinkatu, eman dizkigun ondasun guztiengatik, partikularki seme-alaba gaituelako; eskerrak eman, lagundu diguten pertsona on guztiengatik eta laguntzen jarraitzen dutelako beren etsenpluaz eta fedeaz; eskatu, beraren seme Jesu Kristo egunetik egunera gehiago ezagutu ahal dezagun. Horrenbestez, ase-aserik itzultzen ahal litzateke jendea etxera. Baina ez genuke ezer esango, ez lehen irakurgaiaz, ez ebanjelioaz. Abenduaren 25erako bidali nuen iruzkinean Joanen Hitzaurreaz jardun nintzen. Orain predikatzeko ideia errazagoak dakarzkit lehen irakurgaiarekin konparatuz.

Lehen irakurgaiaren ikuskera baikorra (Sirak 24,1-4.12-16)

Alexandro Handiaren konkistek, K.a. IV. mendearen azken aldean, greziar kulturaren zabalkundea eragin zuten. Judean, beste alde guztietan bezala, grekoek eragin handia izan zuten: gero eta gehiago hitz egiten zen haien hizkuntza, gero eta gehiago imitatzen haiek ohiturak, haien estiloari jarraituz eraikitzen ziren eraikinak, gimnasioak irekitzen ziren, haien filosofoen doktrina irakasten zen. Juduak, goi-mailakoak behintzat, liluraturik zeuden Greziako jakinduriaz. Halere, judu idazle batzuek ez zuten partekatzen gogo-berotasun hori. Hauentzat, greziar jakinduria ekoizpen berria zen, giza gogoaren obra, eta paraje pagano batean zuen bere tenplua, Atenasen. Zinezko jakinduria, berriz, betidanikoa da, Jainkoagandik dator, eta Jerusalemen du bere egoitza. Hori da Jesus ben Sirakek dioena, Sirak liburuaren egileak, ohikoaz gaindiko baikortasunez.

Jakinduria hasieratik existitzen da, Jainkoak kreatua da mendeak baino lehen; Goi-goikoaren batzarrean du bere egoitza, guztiek goratzen, miresten eta bedeinkatzen dutelarik. Orduan Jainkoak Jerusalemera leku-aldatzea erabaki du, hiri santu eta hautatura, eta Jaunaren zatian bota ditu zainak. Hodei batek ere ez du lausotzen horizontea. Betidaniko Jakinduriaren eta Israel herriaren arteko erlazioa bete-betekoa da.

Ebanjelioaren ikuskera ezkorra / baikorra (Joan 1,1-18)

Hasiera hartako Elizak Jainkoaren Jakinduriarekin identifikatu zuen Jesus; halere, laugarren ebanjelioaren idazleak nahiago izan zuen Hitza terminoa (garaiko juduen teologian oso ohikoa, Jaunaren hitza hartu eta aldarrikatu zuten antzinako profetei argi eta garbi aipu eginez). (Ez dut batere gogoko gaur egungo liturgiaren aldaketa, Hitz ordez Verbo erabiltzen baitu [gaztelaniazko arazoa]).

Ebanjelio hau Ben Sirak bezain baikor hitz eginez hasi da Hitz horretaz: hasieratik zen, Jainkoaren ondoan zegoen, Jainko zen, beraren bidez egina da den-dena, bizia zuen bere baitan eta gizon-emakumeen argia zen.

Baina, Jainkoak Hitza mundu honetara etortzea erabaki duenean, «munduak ez du ezagutu». Ezta Israelek ere, bere herriak, alegia. «Bere etxera etorri zen eta bereek ez zuten onartu». Ben Sirak liburuak aipatzen zuen Jakinduria onartu eta goretsiaren antipodatan gaude.

Erabateko porrota? Ez. Batzuk prest daude Hitza onartzeko, Jainkoaren seme-alaba bihurtu dira eta haren aintza kontenplatzen dute, graziaz eta egiaz betea.

Jainkoaren erregalurik handiena da Jesus, Erregeen Bezperan oso ondo ahokatzen den ideia. Tamalez, askok ez du preziatu erregalu hori eta uko egin dio. Onartu dugunok, ordea, sobera arrazoi dugu «Aitaren Seme bakar hori, graziaz eta egiaz betea» etorri izana eskertzeko.

José Luis Sicre