EGUBERRI EGUNA (A) 2019-12-25
(eguneko meza)
SARRERA

Senideok, jai handia ospatzen dugu gaur. Jainkoa gizon egina, gure artera etorri da. Jainkoa-gurekin. Jada ez da urruneko Jainkoa. Gure ondoan bizi da. Haragi egin da. Gizon egin da. Jainkoaren aspaldiko misterio da, Jainkoaren aspaldiko asmoa, gauzatu da, bete da. Gu bezalako egin da Aitaren Semea eta agertu digu posible dela Jainkoarekin hitz egitea, posible dela Jainkoaren nahia betetzea. Jesus da gizon hori.
Antzina beste modu batean hitz egin nahi zuen Jainkoak gizakiarekin: patriarka handien bidez, profeten bidez, jakintsuen bidez. Gaurtik aurrera, gizon egin den Jesusen bidez hitz egingo digu. Eta gure artean jarraitzen du.
Gogoratzen al zarete, Jesusek behin batean non eta norengan ikusi zuen bere zeruko Aita? Bai, badakizu. Bekatuan harrapatu eta juduek hil egin nahi zuten emakume harengan ikusi zuen Jesusek zeruko bere Aita. Bekatari hura ere Aitak bere alaba zuela ikusi zuen.
Horrelako edo antzeko mila seinale utzi dizkigu, seinale edo arrasto horietan Jainkoa bera ikusi ahal izateko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (52,7-10)

Isaiasen liburuak hiru zati handi ditu. Segidako pasarte hau da bigarren zatiaren gai nagusia: Babiloniako erbestetik askatuko du Jainkoak Israel herria, eta erbestean diren asko beren herrira itzuliko dira.
Giro horretan datoz gaurko pasarteko profetaren erregu hauek: «esna zaitez, esnatu, Jerusalem». Oihu hau egin die / digu: Badator zuen askapena. Eta dei eta iragarpen horiek bete direla ikusi du herriak. Hargatik, pozik bizitzera dei egiten diote herriko guztiek elkarri.
Gaur-gaurkoa dugu hau guztia: askapena ekartzera dator Jesus; guztioi askapena ekartzera. Guztioi on egitera dator. Bizitzan pozik eta bakean senti gaitezen nahi du. Pozik bizi behar dugu; beti; baina bereziki jai hauetan.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (1,1-6)

Hebrearrei egindako idazkiaren hasiera irakurriko dugu gaur. Jesus gure artera etortzea berri handia dugu. Horixe gogorarazten digu idazleak. Aspaldi hartan, Jainkoak modu askotan hitz egin zion gizakiari. Gaur, ordea, bere Semearen bidez hitz egin dio.
Konturako ahal gara benetan geure zoriaren handaz: Jesus bera dugu geure irakaslea, geure bakea, geure bidea, geure bizia, geure bide-erakuslea…. Esan dezagun bihotzez poz horren indarrez: «Zatoz, Jesus Jauna, zatoz gu askatzera, zatoz gu salbatzera, zatoz gure adiskide izatera».

EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,1-18)

Segidan, Joanen ebanjelioaren hasiera entzungo dugu. Ebanjelio osoaren laburpena-edo da pasarte hau. «Logos edo Hitza» esapideaz mintzo da pasarte hau. Grekozko «logos» horrek gure «hitza edo berba» esan nahi du. Jesu Kristo Jainkoaren Logos edo Hitza da. Jainkoa zer den argitzen duen Hitza.
«Hitz egin» era askotan hitz egin ohi dugu: mihiaz hitz egiten dugu; baina baita begien keinuaz ere, aurpegieraz, belauniko egiteaz, eskuaz Aitaren egiteaz, idatziaz ere… Hori guztia eta gehiago da hitza. Oso aberatsa da «hitza». Hitzaren bidez agertzen dugu geure barrua: zer garen, zer nahi dugun, zer opa dugun, zer egin dugun, zer uste dugun, zer sinesten… Hori guztia eta gehiago agertzen dugu hitzaren bidez.
Ba, kontuan har dezagun: benetako «hitza», hau da, hitz osoa, Jesu Kristo da: Jainkoa zer den, zer egin duen, zer asmo duen, nola maite gaituen etab. agertu digu Jesusek gizon egin denean. Zoritxarrez, gizaki askok ez du onartu Hitz hori. Alabaina, onartu duten guztiei, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman digu. Ba ote zori handiagorik gizakiarentzat!? Senideok, Jainkoaren seme / alaba gara. Bata bestearen anaia / arreba / ahizpa / neba gara.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: izan gaitezela gai, Jainkoak bidean utzi dizkigun seinaleetan eta arrastoetan, Jainkoaren maitasunari antzemateko; batez ere, behar gorrienean direnengan Jesus bera ikusteko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gaur familia inguruan elkartuko den jende guztiaren alde: beren jatorria, beren oinarriak, sendotzeko aukera izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gaur, ez beren etxean, ez beren herrian izango ez diren guztien alde: beste etxe batekoen, beste herri batekoen onginahia sumatu eta bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde, geure familiartekoen eta adiskideen alde: jai hauetan geure fedea pixka bat sendoago egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.