EGUBERRI B 2014-12-25

SARRERA

Anai-arrebok, Jainkoak, azkenean, gizon-emakumeekin bizi-bizi hitz egin nahi izan du; baina hitz egin, ez ahoz, baizik bere izate guztiaz, gizon eta Jainko bezala. Ez du aski izan ahoak esaten duen eta haizeak eramaten duen hitza esatea. Jainkoa gizon egin da: haragi, odol, hezur, historia, denbora, kultura, lantu, barre… egin da. Gure arteko bat. Jainkoa bera ikusi dugu Jesusengan. Hau guztia poz handi baterako bide izan da, da eta izango da gizon-emakume guztientzat.
Jainkoak gurekin bizi nahi izan dituen harreman hauek, guk geure artean gauza bera bizitzera gonbidatzen gaituzte: anai-arreba, adiskide, maitasun, solidaritate, bake-harremanak bizitzera geure artean ere.
Saia gaitezen egia bihurtzen Jesusek lurrean bizi izan zituen asmoak: bekatarien ardura, premian direnen ardura, presoen ardura, guztien ardura.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (52,7-10)

Segidan entzungo dugun pasarteak pozik bizitzera gonbidatzen gaitu. Jauna badatorrelako. Horixe da albiste handia. Badator Jaunaren kontsolamendua, badator Jaunaren bakea. Burua gora ukaiteko deia da, lur joa den jendearentzat eta guztientzat. Israeldarrak Egiptoko esklabutzatik atera ziren bezala, geroago Babiloniako gatibualditik libre gelditu ziren bezala, geu ere esklabutza orotatik ateratzera gonbidatzen gaitu: zuzengabekeria politikotik, ekonomikotik, sozialetik, kulturaletik, kontsumismoaren zuzengabekeriatik. Jesus da gure poza.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (1,1-6)

Ezezaguna da gaurko pasarte honen egilea. Jainkoak, hasieratik beretik, gizakiari nola hitz egin dion adierazten digu. Mila moduz egin izan du hori Jainkoak aspaldidanik. Baina gizakiak kasurik ez, eta Jainkoa ez dago konforme hitz egiteko era horrekin. Hala, modu gizatarragoan agertu nahi zaio gizakiari, modu maitekorragoan, biziagoan. Eta ez zaio burura etorri hau besterik: bere Semea bidaltzea, gizon eginik, beste edozein gizaki bezala. Jesusengan agertu zaigu Jainkoa, guretzat zer den agerian ipiniz.
Senideok, bai gauza harrigarria! Bai maitasun handia! Senideok, gure handitasuna eta harrotasuna ez ditugu geure baitan, baizik eta Jainkoagan beragan ditugu. Poztu gaitezen eta eman eskerrak Jainkoari. Harrotzeko gure arrazoi bakarra, Jainkoak gu aintzat hartu izana da; gu zerbait baino gehiago garela pentsatu izana. Nola ez sentitu mirespen eta harridura handia Jainkoa horrelakoa dela sumatzean?

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (2,1-14: Gabon Gaueko Mezakoa)

«Gaur Salbatzailea jaio zaizue, Mesias, Jauna». Ez da Augusto erromatar enperadorearen, mundua dominatzen duen haren, semea, ez; ez da mendekoek, beren inozokerian, salbatzailetzat eta bakearen ekarletzat gurtzen zuten enperadore haren semea; enperadoreak soldadu-multzoaren bidez dominatzen zuen mundua. Horrelako gizon boteretsu baten jaiotza ez da albiste ona; batez ere, jende ahula abusu-mota guztien biktima denean.
Jesus haurra besterik da. Erromatar inperioaren mende dagoen herrixka batean jaio da. Halere, Jesus ez da erromatar hiritarra. Inork ez du espero haren jaiotza Erroman. Baina guztiek behar genuen Salbatzailea da. Ez da jarriko Zesarren zerbitzura, ezta inongo beste enperadore baten zerbitzura ere. Soilik, Jainkoaren erreinua nola gauzatuko saiatuko du. Gizon-emakume guztien bizitza gizatasun handiagoz nola kutsatuko biziko da. Harengan aurkituko du mundu zuzengabe honek Jainkoaren salbazioa.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Euskal Herriko pobre, gaixo, presoentzat: bere bizitzan Jesus salbatzaile eta askatzaile dela suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan, anai-arreba artean, gizatasun handiagoko sentimenduak sor daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan, gaurko lehen irakurgaiko profeta bezalako hots egileak sor daitezen, gizon-emakumeei Jauna etorri dela agertzeko: bakea, kontsolamendua, adiskidetasuna dakarren Jauna. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Une askotan bakearen gozorik ezin sentitu izan duen gure bihotzarentzat: biziaren iturritik edaten jakin dezagun, bakearen gozotasun hori bizi ahal izateko. Eska diezaiogun Jaunari.