EGUBERRI EGUNA (A) 2016-12-25
(eguneko meza)
SARRERA

Senideok, jai handia ospatzen dugu gaur. Jainkoa gizon egina, gure artera etorri da. Jainkoa-gurekin. Jada ez da urruneko Jainkoa. Gure ondoan bizi da. Haragi egin da. Gizon egin da. Jainkoaren aspaldiko misterio da, Jainkoaren aspaldiko asmoa gauzatu da, bete da. Gu bezalako egin den Jainko Gizon batek agertu digu posible dela Jainkoarekin hitz egitea, posible dela Jainkoaren nahia betetzea. Jesus da gizon hori.
Antzina beste modu batean hitz egin nahi zuen Jainkoak gizakiarekin: patriarka handien bidez, profeten bide, jakintsuen bidez. Gaurtik aurrera, gizon egin den Jesusen bidez hitz egingo digu
Eta gure artean jarraitzen du: bihotzera bidali digun Espirituaren bidez, Elizan utzi digun hitzaren bidez, sakramentuen bidez, elkartearen bidez, pobreen eta gaixoen bidez, erbestetuen eta presoen bidez.
Gogoratzen al zarete, Jesusek behin batean non eta norengan ikusi zuen bere zeruko Aita? Bai, badakizu. Bekatuan harrapatu eta juduek hil egin nahi zuten emakume harengan ikusi zuen Jesusek zeruko bere Aita. Bekatari hura ere Aitak bere alaba zuela ikusi zuen.
Mila seinaleren bide hitz egiten digu, eta agertzen zaigu. Eman diezagula Jesusen Espiritu horrek buru argia, seinale edo arrasto horietan Jainkoa bera ikusi ahal izateko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (52,7-10)

Isaiasen liburuak hiru zati handi ditu. Segidako pasarte hau da bigarren zatiaren gai nagusia: Babiloniako erbestetik askatuko du Jainkoak israeldar herria, eta erbestean diren asko beren herrira itzuliko dira.
Giro horretan datoz gaurko pasarteko erregu hauek: «esna zaitez, esnatu, Jerusalem». Oihu hau egin die: Badator zuen askapena. Eta dei eta iragarpen horiek bete direla ikusi du herriak. Hargatik, pozik bizitzera dei egiten diote herriko guztiek elkarri: «Ekin kantuari, egigun kantu guztiok batean; kantatu, Jerusalem, kantatu hiri hondatu horrek».
Gaur-gaurkoa dugu hau guztia: askapena ekartzera dator Jesus; guztioi askapena ekartzera. Guztioi on egitera dator. Bizitzan pozik eta bakean senti gaitezen nahi du. Pozik kantatu behar dugu. Pozik bizi behar dugu; beti; baina bereziki jai hauetan.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (1,1-6)

Hebrearrei egindako idazkiaren hasiera irakurriko dugu gaur. Hain zuzen, Jesus etorri izanaren berri handia gogorarazten digu idazleak. Aspaldi hartan, Jainkoak modu askotan hitz egin zion gizakiari. Gaur, ordea, bere Semearen bidez hitz egin dio. Eta gizon egin den horri, hauxe esan dio zeruko Aitak: «Ene semea zara zu». Eta Jesusi esatean, gutako bakoitzari esan dio gauza bera: «Ene semea / alaba zara zu».
Konturako ahal gara geu ere geure zoriaren handitasunaz: Jesus bera dugu geure irakaslea, geure bakea, geure bidea, geure bizia, geure bide-erakuslea… Ondo eta sakon samar pentsatzen jarriz gero, pozik zoratzekoa dugu hori guztia. Esan dezagun bihotzez poz horren indarrez: «Zatoz, Jesus Jauna, zatoz gu askatzera, zatoz gu salbatzera, zatoz gure adiskide izatera».

EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,1-18)

Segidan, Joanen ebanjelioaren hasiera entzungo dugu. Ebanjelio osoaren laburpena-edo da pasarte hau. «Logos edo Hitza» esapideaz mintzo da pasarte hau. Grekozko «logos» horrek gure «hitza edo berba» esan nahi du. Jesu Kristo Jainkoaren Logos edo Hitza da. Jainkoa zer den argitzen duen Hitza.
«Hitz egin» era askotakoa hitz egin ohi dugu: mihiaz hitz egiten dugu; baina baita begien keinuaz ere, aurpegieraz, belauniko egiteaz, eskuaz Aitaren egiteaz, idatziaz ere …; zerbait adierazten edo esaten dugu keinu horien bidez ere; zerbait jakitera emateko keinuak dira. Hori guztia eta gehiago da hitza. Oso aberatsa da «hitza». Hori guztia da hitza. Hitzaren bidez agertzen dugu geure barrua: zer garen, zer nahi dugun, zer opa dugun, zer egin dugun, zer uste dugun, zer sinesten… Hori guztia eta gehiago agertzen dugu hitzaren bidez.
Ba, kontuan har dezagun: benetako «hitza», hau da, hitz osoa, Jesu Kristo da: Jainkoa zer den, zer egin duen, zer asmo duen, nola maite gaituen etab. agertu digu Jesusek gizon egin denean; bere bizitzako pasadizoez: jaioberria, tenpluan galdua, Joan Bataiatzaileak bataiatua, basamortuan tentatua izan denean; batez ere, on eginez bizi izanik.
Hitz hori haragi egin da, gizon egin da; baina, zoritxarrez, gizaki askok ez du onartu Hitz hori. Alabaina, onartu duten guztiei, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman die. Ba ote zori handiagorik gizakiarentzat!? Senideok, Jainkoaren seme / alaba gara. Bata bestearen anaia / arreba / ahizpa / neba gara.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: izan gaitezela gai, Jainkoak bidean utzi dizkigun seinaleetan eta arrastoetan, Jainkoaren maitasunari antzemateko; batez ere, behar gorrienean direnengan Jesus bera ikusteko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gaur familia inguruan elkartuko den jende guztiaren alde: beren jatorria, beren oinarriak sendotzeko aukera izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gaur, ez beren etxean, ez beren herrian izango ez diren guztien alde: beste etxe batekoen, beste herri batekoen onginahia sumatu eta bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde, geure familiartekoen eta adiskideen alde: jai hauetan geure fedea pixka bat sendoago egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.