EGUBERRI EGUNA (2014-12-25)

Homilia (Lukas 2,1-14)

Senideok! Eguberri eguna. Jesusen Jaiotza eguna. Jainkoa bera gizon den eguna.

Arriskua dugu beti, Jesusen jaiotzaren ebanjelio-pasartea entzun, eta kronika historikoa balitz bezala hartzeko. Lukasen pasarte hau ez da Jesusen jaiotzaren kronika; ez digu esan nahi nola gertatu zen Jesusen jaiotza; ez digu esan nahi zer gauza gertatu ziren Jesusen jaiotzaren inguruan.

Arriskua dugu, egiazkoa dena eta historikoa dena sinonimoak direla pentsatzeko. Jainkoaren errealitatea, Jainkoaren bizitza ez dago lotua, ez leku jakin bati, ez egun edo ordu jakin bati. Halere, Jainkoa beti hor dago, nonahi eta beti. Alegia, Jainkoa ez da errealitate historikoa, bai, ordea, egiazko errealitatea da.

Hau da gaurko ebanjelio honen garrantzia: Jainkoak bere burua agertu nahi izan du munduan. Hitz egin nahi izan digu gizon-emakumeoi.
–Lukasek garbi adierazi digu: Jesus munduaren historian bete-betean sartu da, txertatu da.
–Leku jakin batean eta egun jakin batean jaio da.

Lukas ebanjelariak burubide edo mentalitate helenista (greziarra) du. Lukasentzat, Jainkoa, berez zeruan dago; gizon-emakumeen artean egon nahi badu, JAITSI beharra du. Pobreekin egotera dator. Pobreen biziera egitera dator.

Orduz gero, salbazioa behean eta behetik egingo edo gauzatuko da; jendearen artean, gizon-emakumeon artean. Baina salbazio bila dabiltzanek bakarrik aurkituko dute, bidean dabiltzanek bakarrik.

Hitz batean esateko, Berri ona ekartzera etorri da Jesus.

Horrekin guztiarekin, bere teologiaren oinarriak jartzen ari da Lukas. Ez da hasi historia bat edo kronika bat idazten. Teologia egin nahi du. Eta teologiak hau esan nahi du: Jainkoak zer asmo duen munduaz eta asmo hori nola gauzatu nahi duen.

Kronologia baten ikuspegian jarriko bagina, hau esan beharko genuke: Jesusen jaiotzaz ez dakigula ezer ere; bakar-bakarrik, beste edozein haur bezala jaio dela Jesus. Ez Andre Maria, ez Jose, ez beste inor konturatu zen gertatzen ari zenaz. Esaterako, Jesus, 30 urteko zela, jendaurrean hitz egiten hasi zenean, Nazareteko jendeak hau esaten zuen: ez al, ba, hau, Joseren eta Mariaren semea?

Halere, jaiotza hura, gertatuko zen guztiaren hasiera izan zen. Jaiotza hartan hasi zuen Jesusek, inor konturatu gabe, bere bizitza: Jainkoa gizon-emakumeen aurrean agirian jartzen. Jesusen bizitza osoa, haren hitzak, haren egintzak, haren mirariak ezagutu eta haren piztueraren berri jakin ondoren hasi zen Lukas Jesusen jaiotza interpretatzen. Eta hitz batekin definituko du Jesus: Jainkoaren maitasunaren agerpena da; Jainkoak gizon-emakumeak maite ditu.

Senideok, Jesusen Jaiotza dugu gaur. Jesusen Jaiotza bizi behar dugu gaur. Jainkoaren maitasuna agertu behar diogu gaur elkarri. Hona hona agertzen duen Kalkutako Teresak Eguberri eguna:
«Eguberria da, zeure anai-arreba bati irribarre egin eta eskua luzatzen diozun bakoitzean» (Kalkutako Teresa).
«Eguberria da, beste bati entzuteko isilik zauden bakoitzean» (Kalkutako Teresa).
«Eguberri da, jende zapaldua zokora bidaltzen duten burubideei uko egiten diezun bakoitzean» (Kalkutako Teresa).

Eta Pio aita kaputxinoak:
«Eguberri da, mugatua eta ahula zarela apal-apal aitortzen duzun bakoitzean» (San Pio aita kaputxinoak).