Jesusen Jaiotza
Hiru Meza egun berean (2020-12-25)

Eguberri egunean hiru meza ospatzeko ohitura oso antzinakoa bide da; esaterako, Oilar-mezarena, gauerdian, V. menderaino iristen da. Egunsentiko Mezak jarraitzen dio, eta eguneko Mezarekin bukatzen. Hiruretako bakoitzak bere irakurgaiak ditu, berak hiru urteetan (A, B, C). Ez da arrunta jendea hiruretara joatea. Horregatik, labur adieraziko dut hiru ebanjelioen mezu globala.

Oilar-mezako ebanjelioa oso pobre jaio den haurraz mintzo da, gaur egungo inongo pobrek inbidiarik ez dion pobretasunaz jaioaz, alegia. Baina berehala, aingeru batek Salbatzaile, Mesias eta Jaun aurkezten digu haur hori bera.

Egunsentiko Mezakoak hainbat erreakzio agertzen dizkigu haur horrez: artzainak korrika doazkio bisitan eta Jainkoa goratuz eta berari eskerrak emanez itzuli dira; bertaratuak zur eta lur ageri dira; Mariak bihotzean hausnartzen du entzuten ari den guztia.

Eguneko Mezako ebanjelioak, Joanen Hitzaurreak, aingeruek artzainei esana baino zerbait handiagoa dio haurraz: Jainkoaren Hitza da, Jainkoak hasieratik lagun duena, kreazioaren aurretik. Eta munduak ezikusia egin zion arren eta bere herriak uko, haragi egin zen, gure artean egin zen bizilagun eta Jainkoaren anai-arreba izateko ahala eman digu.

Abenduaren 25a

Jesus zein egunetan eta zein ordutan jaio zen ez dakigun arren, uste dut, Jakinduria liburuko hitz hauek eragingo zutela jaiotza hori gauerdian jartzera: «Isiltasun bareak inguratzen zuen dena eta, gaua bere ibilbidearen erdian zegoela, zure hitz ahalguztiduna atera zen zeruko tronutik» (Jakinduria 18,14-15).

Nolanahi den, Sixto III. aita santuak (K. o. V. mendean) ezarri zuen ohitura, Erroman, Eguberritan gaubeila ospatzekoa, gauerdian, «oilarrak jo orduko», Santa Maria Nagusia Basilikako aldare nagusiaren ondoko otoiztegi txiki batean. Erromatarrek egunaren hasiera, gauerdian, Oilar Kanta deitzen zutenez, Oilar Meza izena eman zitzaion ordu horretan ospatzen zenari.

Liturgia, hiru irakurgai eder eta aberatsez, erronka handia da, goitik behera ez bada ere, entzuleei komentatu nahi dizkienarentzat.

Gauerdiko Meza

Pozerako hiru arrazoi (Isaias 9,2-7)

Bigarren Mundu Gerratean girotutako Danubio Gorria pelikulan, Eguberri Gaua, hotz eta elurretan, soldaduen eta aterpetuen talde handi bat eguberri-kanta bat abesten hasi da: «Jesus jaio den Gabona!» («Noche de Dios»). Hau da giro egokia lehen irakurgaia ulertzeko. Ilunpean ibili dabilen herri bati mintzo zaio profeta, mende oso bat asiriar inperioaren zapalkuntza jasan duen herri bati, eta aldaketa miresgarri bat iragarri dio: argia eta poza biziko duen mundu bat. Hiru arrazoirengatik:

●zapaltzailearen azkena, asiriar inperioarena, Israel herria uztarriz eta akuiluz zapaldu baitu, animalia zamari bailitzan; garaitu egingo dute, Gedeonen garaian madiandarrak garaitu zituzten bezala;

●gerlaren bukaera, sinbolizatua, ez lantzak eta ezpatak ezkutatzeaz, baizik eta horiek baino arrisku txikiagoko soldaduaren elementuak galtzeaz: botak eta tunika eta haur baten jaiotza;

●haur bat agertzea, printze baten jaiotzetzat eta tronuratzetzat har daitekeena. Egiptoar erritualaren eraginez, mantu bat ezartzen zaio bizkarrean, boterearen sinbolo, eta hainbat izen ezartzen zaizkio; Egipton bost ziren, hemen lau: gobernari batengan nabari litezkeen kualitateak adierazten dituzte: aholkatzen jakitea, defendatzeko gai izatea, menpekoekin aita bezala jokatuko duena eta, jarrera osoki juduz, bake-erreinua ekarriko duena. Azkenik, egiptoarren joera utzirik eta jarrera osoki juduz, haur hau Davidekin erlazionatzen da. Eta beraren bake, zuzentasun eta eskubide-lana, itxuraz ezinezkoa, Jainkoaren irrikaren obra izango da.

Bi arrazoi konpromisorako (Titori gutuna 2,11-14)

Idazleak batu egin du Jesusen lehen etorrera («Jainkoaren onginahia agertu da») bigarren eta behin betikoarekin («Jainko handi eta gure Salbatzailearen, Jesu Kristoren, agerpen aintzatsuarekin»). Pozteko arrazoiak? Dudarik gabe. Baina bi etorrera hauek konpromisorako arrazoi dira aldi berean. Maitasunak maitasuna zor. Uko egin behar zaie erlijiorik gabeko bizitzari eta mundutar ametsei; bizitza soil eta ondradu bat egiteko, Jaunaren itzuleraren zain bizitzeko, egintza onak egiteari eusteko.

Haur pobre bat ala pertsonaia miresgarri bat? (Lukas 2,1-14)

Gau honetako ebanjelioa bi eszenak osatzen dute, biak desberdinak errotik, baina bata bestearen osagarri.

Haur pobre baten jaiotza

Lehen eszena lurrean bakarrik garatzen da, boteretsuen eta ahulen arteko kontrastea markatzen du. Mendeko guztiei agintzeko boterea duen Augusto enperadoreaz hitz eginez hasten da; orobat mintzo da Siriako Zirino gobernariaz ere; honek jendea nor bere probintzian, nor bere hirian, erroldatzeko agindua eman du, horrek jendeari sortuko dion nekeaz arduratu gabe.

Boteretsuen aurrez aurre, jende ahula dago, familia oso soil batek ordezkatua, zeini obeditzea bakarrik gelditzen baitzaio, emazteak, haurdun, Nazaret eta Betleem arteko 150 km egin beharko dituelarik. Lukasen arabera, beren helmugara iritsi direnean, ezin izan dute ostaturik aurkitu eta egun batzuk etxabe batean egin beharko dituzte, animalien inguruan. Pobreak dira, eta («ostatuko») goiko solairuetan ez dute lekurik izango.

Gaur egun elizetan, etxe partikularretan, eratzen diren «jaiotzek» jaiotza polit eta garbiak aurkezten dizkigute. Lukasek oso bestelako bat du buruan, arestian animalia baten ganbela izandako bat, haurra etzateko presaka atondua.

Pobretasun eta umilazio-eszena da. Aski da Jose gogora ekartzea, emazteari eta semeari eskaintzeko beste ezer ez duen aita. Eszenak ez du bide ematen komentario erromantikoak egiteko, baizik eta galdera zorrotz-zorrotzak: zergatik ez dio esan Gabrielek egia osoa Mariari? Zergatik iragarri zion beraren semea Israelen errege izango zela, aberastasunik eta botererik ez zuela izango adieraziz? Zergatik hautatu ohi du Jainkoak pobretasunaren eta umilazioaren bidea? Zergatik egiten diogu uko kristauok gugana iristeko hegazkin edo itsasontzi-txartel bat ordaindu ezin duenari? Zergatik ez dugu imajinatzen Jainkoa bera jaio daitekeena txabola ziztrin batean, oliba biltzen diharduen familia behartsu batean? Espero al daiteke ezer etorkin-seme edo alaba honengandik, kulturarik eta hezkuntzarik ez duen honengandik?

Salbatzailea, Mesias, Jauna

Bigarren eszena zeruan eta lurrean garatzen da. Honetan ere boteretsuak eta ahulak ageri dira, aingeruak eta artzainak. Artzaintza, batzuei Israelgo antzinago patriarkak gogoraziko die arren, garaiko jendea mespretxatu eta gorrotatuenaren lanbidea zen, batez ere landa-jendearena. Garaiko gizarte-eskalan, artzainek azken aurreko postua zuten, klase ez-garbiena, lapurrekin parekatzen baitzituzten. Eta gaua zerupean ematea, artaldea zainduz, ez zen zeregin atsegina. Aingeruak halakoengana jo izanak agerian uzten du Jainkoaren «politika okerra». Mesiasen jaiotzaren iragarpen handia ez zaio egin, ez Jerusalemgo Apaiz Nagusiari, ez apaizei eta levitarrei, ezta fariseu otoizlariei ere.

Bestetik, iragarpenak goitik behera aldatzen du honen aurreko eszenaren irudia. Jaioberri den haurra ez da haur pobre arrunt bat. Bera jaiotzeak poz handia dakarkio herri guztiari, Salbatzailea, Mesias eta Jauna delako. Aingeru anonimo hau oso hitz labur da. Ez du komentatzen hiru tituluetatik bat ere. Baina Gabriel baino egiatiago da. Ez du ezkutatu, haurra, bere handitasuna eta guzti, oihaletan bildua eta ganbela batean etzana dagoela.

Zorionez, artzainak ez dira adituak Biblian, ezta teologo ere. Hala izan balira, berehala galdegingo zuten zertatik eta zeinengandik salbatuko zituen; mesias-errege ote zen, David bezala, edota mesias-apaiz, Aaron bezala; beraren jauntasuna Jainkoarena bezalakoa ote zen edo Zesarrena bezalakoa; oihalena eta ganbelarena era errealean hartu behar ote zen ala era sinbolikoan… eta nola bateratzen ahal ziren «herriarentzat poz handi izatea» eta geroago, urte batzuen ondoren, herriak Kalbariotik alde egin izana, bularra joz. Izatez, artzainek ez dute astirik ezer galdetzeko, zeren eta, bat batean, zerutar gudarostearen legio bat agertu baita Jainkoa goratuz eta bakea aldarrikatuz.

Artzainek zer egingo duten? Jakin nahi duenak, Egunsentiko Mezako ebanjelioan aurkituko du erantzuna.

Dena den, ebanjelioaren irakurlea jar daiteke artzainen larruan eta Lukasek proposatutako mezuaz jabetuko da. Jesusen bizitza bi era oso desberdinetan interpreta daiteke: ikuspegi gizatar hutsez edota fedez. Lehenengoa desharagitua eta gogorra gertatuko da. Bigarrena xaloa irudi dakiguke; sorginkeria edo aingeruen kontua bezala ez bada. Lehenengoari eusten badiozu, Jesus pertsonaia arriskutsutzat hartzera iritsiko zara, eta beraren erailketa zuzentzat ematera. Bigarrena onartzen baduzu, duda-muda guztiak gorabehera, bera Salbatzailetzat hartzera iritsiko zara.

Abenduaren 25a
Egunsentiko Meza

Oilar-mezako ebanjelioak duda batekin utzi gaitu: zer egingo dute artzainek aingeruari eta zerutzar abesbatzari entzun ondoren? Ez dute jaso inolako agindurik, soilik berri on bat. Lukas ez da mugatu beraien erreakzioa kontatzera.

Hiru erreakzio albistearen aurrean (Lukas 2,15-20)

Ebanjelioa artzainekin hasi eta bukatu da: Betleemera korrika joan dira eta Jainkoa goratuz eta aintza abestuz itzuli dira. Jende hau, gizartean hain mespretxatua, Jesusengana doa korrika, uste du oihaletan bildua eta ganbela batean etzana dagoen haur bat etorkizun salbatzaile izan daitekeela, berek inolako onurarik izango ez badute ere, zeren eta, haur hori haziko denerako, hilak izango baitira berak. Artzainen bisitak Jesusek geroago esango duen hau sinbolizatzen du: «Goresten zaitut, Aita, gauza hauek jakintsuei eta adituei ezkutatu eta jende xumeari agertu dizkiozulako».

Bertan dago, orobat, talde anonimo bat ere; ostatuko gainerako jendeari egindako aipamentzat har daiteke hori, baina, segur aski, kristau guztiok ordezkatzen gaitu, artzainek kontatzen dutenaz harriturik.

Azkenik, pertsonaia garrantzizkoena, Maria dago, entzundakoa gorde eta hausnartzen duena. Haurtzaroko kontakizunetan, Lukasek bi irudi oso desberdin eskaintzen dizkigu Mariaz. Iragarpenekoan, Gabrielek adierazi dio Mesiasen ama izango dela, eta berak Magnificat-en Jainkoak beragan egin dituen gauza miresgarriak kantatuz bukatu du. Alabaina, Jesus jaio denean, era oso desberdin batean mintzo da Lukas Mariaz. Une horretatik aurrera, Jesusekin zerikusia duen guztia berri eta nahasbide gertatzen zaio Mariari: artzainek diotena, Simeonek esango duena, Jesusek. hamabi urteko, Jerusalemen gelditu denean esango diona. Inguruabar horietan, Mariak ez du errepikatzen: «handiesten du nire arimak Jaunaren handitasuna». Isilik gelditzera eta hausnartzera mugatu da, Jesusen jendaurreko bizitza guztian egingo duen bezala.

Hiru jarrera hauek elkar osatzen dute: harridurak hausnartzera darama eta Jainkoa goretsiz bukatzen da.

Lukasek irakurlearekin jolas dagi, erronka botatzen dio. Zer salbatzaile jaio zaie artzainei? Zer-nolako seinale harrigarri izan daiteke oihaletan bildua eta ganbela batean etzana den haur bat? Biharamunean, artzainak beren artaldearekin egongo dira, hotzaren hotzez zaintzen. Baina aldatu egin da beraien bizitza, eta beren bizimodu garratzak ez die eragozten Jainkoa goratu eta aintzatzea. Horrenbestez, etsenplu bikain bilakatu dira kristauontzat.

Albiste on bat Jerusalementzat eta Elizarentzat (Isaias 62,11-12)

Pasarte labur honek Babiloniako erbestealdiko irudi tipiko bat jaso du: Jerusalem emazte eta ama. Emazte den aldetik, bere senarrak, Jaunak, bertan behera utzi du; ama den aldetik, bere seme-alabak galdu ditu, despopulaturik gelditu da Jerusalem. Profetak, ordea, errotiko aldaketa iragarri dio: senarra itzuliko zaio, salbatzaile, bere seme-alabak lagun dituela.

Liturgiak iragarpen hau Jesusen jaiotzari aplikatu dio, salbatzaile baten etorrera gisa. Eta artzainengan «herri santu» hori eta «Jaunak salbatu dituenak» ikusten ahal ditugu. Eguberriak ospatzen dituen milioika kristau gogoan hartzeak antzinako profezia hori nola betetzen den dakusagu.

Albiste on bat guretzat (Titori gutuna 3,4-7)

Ebanjelioak Jesusen jaiotzaren aurrean hiru erreakzio aipatzen ditu. Pauloren gutunak, berriz, Jainkoa eta gu geu gaitu erdigune.

Lehenik eta behin, gertatu dena Jainkoaren onberatasunaren eta gizon-emakumeekiko duen maitasunaren agerpena da. Laugarren ebanjelioak dioena: «Hartaraino maite du Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman baitio» (Joan 3,16). Jendea artzainek esaten zutenaz harritu bazen, era berean miretsi beharko genuke geuk ere Jainkoaren maitasunaren froga hau. Batez ere, gogoan izanik, ez dela guk geure merezimenduez irabazi eta merezi izan duguna.

Gainera, orduan gauzatu zen salbazioa eguneratu egin da gure bataiokoan, berriro jaiotzea eman digularik, Espiritu Santua ugari eman digularik, eta betiko biziaren oinordeko egin gaituelarik, non «Jaunarekin biziko baikara betiko» (1 Tesalonikarrei 4,17).

Abenduaren 25a
Eguneko Meza

Egunsentiko mezak, artzainek kontatu dutena hausnartzen aurkeztu digu Maria. Pena da, Lukas, Elisabeten hitzei erantzunez Magnificat-en erreakzioa helarazi diguna, kasu honetan isilik gelditu izana. Bi teologo kristauek, laugarren ebanjelioaren eta Hebrearrei gutunaren idazleek, bai, utzi digute nork bere gogoeta Jesusez eta beronen jaiotzaz. Liturgiak, horien aurretik, profeta-poeta baten ikuskaria jarri du.

«Jaunak kontsolatu du bere herria» (Isaias 52,7-10)

Egunsentiko Mezako Isaiasen testuak bere senarra eta seme-alabak berreskuratu dituen emazte eta ama bezala aurkeztu digu Jerusalem. Oraingo testu honek hiri bezala aurkezten digu, erregerik gabe eta, babiloniarren mende eroririk, hondamendi gelditu den hiri bezala. Baina lehengoa bera da esperantza-mezua: Jainkoa errege itzuliko da bertara, eta hondakinek, berreginik, poza abestuko dute. Honen aurreko kasuan bezala, Jainko-erregearen etorrera Jesusi aplikatu dio liturgiak, Mesias eta Salbatzaile jaio denari.

«Jaunak bere Semeaz hitz egin digu» (Hebrearrei 1,1-6)

Irudika dezagun gutunaren idazlea ganbelaren aurrean. Baina haurra ez da jada jaioberria, hainbat urte geroago ari da idazten. Ordurako, gauza asko esan izan da Jesusez eta eztabaida asko egin izan da. Idazle honek, berriz, laburpen handinahikoz hasi du gutuna: mendeen hasieratik Jaunaren aintzatzera bitarteko guztia hartzen du.

Hau da nabarmentzen duen lehen berritasuna: Jainkoak bere Semearen bidez hitz egin digula, eta ez profeten bidez. Gertaera hain handia da, non ezin baitugu espero ezer desberdinik eta handiagorik: «azken aroan» sartu gara.

Ondoren, hitz-saila bildu du Semearen duintasuna deskribatzeko. Dena heredatzen duen unetik (pentsatzekoa da piztueraz ari dela) atzera egiten du, Hitzak munduaren kreazioan parte hartu zuen unera. Jainkoarekin duen nortasun beraz eta berdintasunaz mintzo da esapide misteriotsuz baliatuz: «beraren [Jainkoaren] aintzaren isla, beraren arrastoa». Esaldi bat eskaini dio, bidenabar, lurreko bizitzari, zeinetan iradoki bakarrik egiten baitu, erdi ezkutuan, beraren heriotza, gure bekatuak garbitu dituena. Eta bukatzeko, beraren garaipena aipatzen du Jainkoaren Maiestatearen eskuinean egotea eta aingeruen gainetik gailurreratu izana.

Loiolako San Ignaziok, Jesusen jaiotzaz hitz egitean, gogo-jardunen egileari iradokitzen dio: pentsa dezala nola jaio den Jauna pobretasunik handienean «eta hainbeste lan, gose, egarri, bero eta hotz, irain eta laidoren ondoren gurutzean hiltzeko» (Gogo Jardunak 116). Hebrearrei gutunaren idazleak ikuspegi zabalagoa du. Ez ditu hemen sufrimenduak eta heriotza aipatzen (geroago garatuko du gai hau), baizik beraren garaipena eta aintza.

Jainkoaren Hitzaren historia (Joan 1,1-5.9-14) (era laburra)

Bi oharpen

1.- Komentariogile askoren arabera, laugarren ebanjelioaren idazlea, hasieran, Jainkoaren Hitzari dagokion gorazarreaz baliatu zen, bi unetan Joan Bataiatzaileari erreferentzia egiten dioten bi testu, zein bere lekuan, tartekatuz. Liturgiak bide ematen du hautatzeko, bai era luzea gaur egungo testu osoarekin, bai era laburra, Joanen erreferentziarik gabe. Azken hau dut komentatuko labur-labur, gorazarrea Jainkoaren Hitzaren historia bezala emanez, bost arotan.

2.- Historia hau ulertzeko, Jesusen aurreko bi mendeetan Jainkoaren Jakinduriaz egindako gogoetak ezagutu beharko lirateke. Eguberri ondoko bigarren igandean Joanen Hitzaurrea irakurtzen da berriro, eta lagun duen irakurgaia Eklesiastiko (Ben Sirak) liburutik hartua da, arrazoi osoz.

Lehen aroa: Jakinduria Jainkoaren ondoan

Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zegoen eta Hitza Jainko zen. Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza.

«Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak kreatu zituen». Horrela hasten da Hasiera liburua. Hitzaurrearen idazlearentzat, une horretan bazen jada Hitza, Jainkoaren ondoan. Esaera Zaharrak liburuan eta Eklesiastiko liburuan Jakinduriaz esaten den gauza bera da.

Bigarren aroa: Hitza eta kreazioa

Gauza guztiak beronen bidez egin ziren, eta egindakotik ezer ez da berau gabe egin. Hitzarengan zegoen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argi horrek ilunpean egiten du argi, baina ilunek ez zuten onartu.

Hasiera liburuaren ñabardura berria dela ematen duen arren, garapena du bere baitan. Hasiera liburuan esaten da bere hitzaz («Jainkoak esan zuen») eta bere egintzaz kreatu duela Jainkoak. Hemen, hitz hori beraren ezinbesteko lagun bihurtzen da, kreazio-ekintzan. Dena Hitzak kreatu zuen: eguzkia, ilargia, izarrak, mendiak, itsasoa, espezie guztietako animaliak, gizakia. Gu kreatzeaz gainera, gure bizia da eta gure argia. Bi termino giltzarri laugarren ebanjelioaren teologian, Jesus «bide, egia eta bizi» bezala emango baitu. Teologia horretan bertan ahokatzen da ilunaren erreferentzia ere, Jesusen eta Jainkoaren aurka agertzearen sinbolo bezala.

Hirugarren aroa: munduak, Hitzak kreatua denak, ez du onartu.

Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina izan arren, mundukoek ez zuten onartu.

Mundua esatean, ez da ari izaki bizigabeez, baizik eta Jainkoari ez ezagutuarena egiten dioten, adoratzen ez duten eta bazter uzten duten pertsonez. Hitzaurrearen idazleak herri paganoak ditu buruan, egiazko Jainkoa ezagutzen ahal zutenak, baina idolatriaren era desberdinetara jo zutenak.

Laugarren aroa: Hitzak bizilekua Israelen jartzea erabaki du; batzuek uko egin diote, beste batzuek onartu.

Zer egingo du Hitzak munduak ezjakinarena egin dionean. Judu batentzat bistakoa da erantzuna: Israelen babestuko da, herri hautatuan, Jakinduriak egin zuen bezala: «Herri aintzatsu batean ezarri nituen sustraiak, Jaunaren taldean, haren ondarean». Baina Hitzak ezusteko atsekabe batekin egin du topo: «bereek ez zuten onartu». Ematen du geroagoko autoreren batek baieztapen hau ezkorregitzat hartu eta batzuek onartu zutela gehitu zuela, Jainkoaren seme-alaba bilakatuz. Baina itxurazko gehigarri honek jatorrizko gorazarrearen dramatismoa hautsi egin du.

Bosgarren aroa: Hitza haragi egin da eta gure artean bizitzen jarri.

Bi galera edo porrot jasan ditu Hitzak: munduak ezjakinarena egin dio, bere herriak uko egin dio. Zer egingo luke gutako edozeinek haren lekuan? Jainkoaren ondoan gelditu eta beste guztiez ahaztu. Zorionez, Jainkoa ez da horrelakoa. Imajina daitekeen erabakirik harrigarriena hartu du Hitzak.

Eta Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen. Ikusi dugu haren jainkozko aintza, Aitarengandik maitasun eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

Azken gogoeta

Kristau fededunak, elizara joan denak, pentsatuz Jesus haurraz eta artzainez irakurgai polit eta xumeak entzungo dituela, Eguneko Mezan irakurgai oso teologikorekin egingo du topo, baina ganbelan ikusten duen haur horren duintasuna eta garrantzia gogora dakarzkiotenak.

José Luis Sicre