Diognetori Gutuna

Kristauak ez dira bereizten gainerako gizon-emakumeengandik, ez bizilekuaz, ez hizkuntzaz, ez bizitzeko moduaz. Hain zuzen, ez dute hiri propiorik, ez hizketa ez-ohizkorik, ez bizitza-modu desberdinik. Beraien doktrina-sistema ez da gizon-emakume jakintsuek beren talentuaz eta espekulazioaz asmatua; ez dute bizi ere irakaspen bat, beste batzuek bezala, giza aginpidean oinarritua.

Hiri greko eta barbaroetan bizi dira, gertatu zaien zoriaren arabera; lurraldeko ohiturak jarraitzen dituzte, nola janzkerari hala bizierari dagokienez; halaz guztiz, bizi-jarrera miresgarri baten eta, guztien arabera, sinestezin baten seinaleak bistaratzen dituzte. Beren aberri propioan bizi dira, baina arrotz bezala; arazo guztietan esku hartzen dute hiritar gisa, baina atzerritar gisa jasaten dute guztia; atzerri-lur oro aberritzat dute, baina edozein aberritan lur arrotzean bezala bizi dira. Guztiak bezala, ezkontzen dira eta sortzen seme-alabak, baina ez dituzte desegiten sortu dituzten seme-alabak. Batera dute mahaia, baina ohea ez.

Haragian bizi dira, baina ez haragiaren arabera. Lurrean bizi dira, baina zeruan dute beren hiritartasuna. Obeditzen diete ezarritako legeei, eta beren bizieraz gainditu egiten dituzte lege horiek. Gizon-emakume guztiak maite dituzte, eta gizon-emakume guztien pertsekuzioa jasaten dute. Ezagutu gabe gaitzesten dituzte. Erailtzen dituzte, eta horrenbestez bizia jasotzen dute. Behartsu dira eta jende asko aberasten dute; gabezia dute gauza guztietan, eta ugaritasuna bizi dute gauza orotan. Desohorea jasaten dute, eta aintzarako izan dute hori; izen ona narrasten diete, eta beraien zuzentasuna testigatzen du horrek. Madarikatzen ditu jendeak, eta berek bedeinkatu egiten dute hura; irainka tratatzen ditu jendeak, eta beraiek ohoratu egiten dute hura. On egiten dute, eta zigorra ezartzen diete, gaizkile bailiran, eta heriotza-zigorra ezartzean dietenean, poztu egiten dira bizia emango bailiete bezala. Juduek kontra egiten diete atzerritar bailiran, eta jentilek pertsegitu egiten dituzte; halaz guztiz, nazka azaltzen dieten berek ezin argitu dute beren etsaigoaren arrazoia.

Hitz gutxitan esateko: arima gorputzean zer, horixe dira kristauak munduan. Arima, izan ere, gorputzeko atal guztietan dago zabaldurik; horrela, kristauak munduko hiri guztietan daude barreiaturik. Arima gorputzean bizi da, baina jatorria ez du gorputzean; kristauak munduan bizi dira, baina ez dira mundukoak. Arima ikusezina gorputz ikusgarriaren kartzelan dago hesitua; kristauak munduan bizi dira ikusgarri, baina ikusezina dute beren erlijioa. Gorputzak nazka dio arimari eta borroka egiten dio, honengandik irainik hartu ez badu ere, soilik plazerez gozatzea eragozten diolako; munduak ere nazka die kristauei, hauengandik irainik hartu ez badu ere, soilik beraren plazeren aurka daudelako.

Arimak maite du gorputza bere atal guztiekin, honek berari nazka dion arren; kristauek maite dituzte gorroto dietenak. Arima hesiturik dago gorputzean, baina berak dio eusten baturik gorputzari; kristauak ere kartzelan bezala daude atxikirik munduan, baina beraiek dira munduaren uztardura. Arima hilezkorra denda hilkor batean bizi da; kristauak ere erromes bezala bizi dira egoitza ustelkorretan, zeruan ustelezin izatera iritsi zain. Arima jan-edanean mortifikatuz perfekzionatzen da; kristauak ere, etengabe hilduraturik, gero eta gehiago ari dira biderkatzen. Hain garrantzizkoa dute Jainkoak esleitu dieten lekua, non ezin baitiote ihes egin (Liturgia de las Horas II, Pazkoaldiko 5. asteazkena).