ASUN koinataren zeruratze-ospakizuna (2015-08-08)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Asun emaztearen, amaren, ahizparen, amonaren, koinataren, izebaren, adiskidearen, lagunaren ZERURATZEA ospatzeko bildu gara. Jesus Artzain Onak lepoan hartu eta zeruko Aitaren altzora eraman izana.

Lurreko bizitzaldian kolpe gogorrak hartu ondoren etorri zaio bila Jesus gure ASUNi. Kolpe gogorra, batez ere, azken bi urte eta gehiagoan bizi izan duena. Mutu eta geldi, mugimendurik gabe, bi urte eta hilabete eta erdi. Hitz goxo bat esan ezinik. Maite zaitut esan ezinik.

Kolpe gogorra Asunena berarena. Eta kolpe gogorra familiarena.

1.- Zer esan horrelako gertaera latz baten inguruan?

Aitortu behar dut, oso gauza zaila gertatzen zaidala Meza batean batzarburu izatea, Meza batean hitz egin beharra. Zer esanik ez gaurko honetan.

Halere, zailtasunei aurre egiten jakin behar, Jesusen laguntzarekin, Andre Mariaren bizitza gogoan izanik.

2.- Bi arrisku

Honelako gerta baten aurrean, batzarburuak eta gainerakoek, besteak beste, bi arrisku izan genitzake.

Lehenengo arriskua. Bibliako JOB nobelako lehen jarrera hartzea izango litzateke: «Lasai bizi nintzen, eta birrindu egin nau [Jainkoak], lepotik heldu eta zati-zati egin nau [Jainkoak]… errukirik gabe zulatu dit gorputza eta lurrera isuri nire odola…» (16,12-13) dio Jobek bere zoritxarrean. Guretzat ere, hori izango litzateke jarrerarik errazena. Gauza bertsua aurpegiratu zioten Jesusi gurutzean zegoela: «Besteak salbatu ditu, eta bere burua ezin. Israelgo erregea omen da; jaitsi dadila orain gurutzetik… Jainkoarengan jarria du uste ona; libra dezala orain, maite badu…» (Mt 27,41-43).

Arrazoiketa errazegia, egia eta zuzena izateko. Irakurri berria dut Legorretako Patxi Ezkiagaren ipuintxo bat. Apaizgai batek dio: «Erretore jauna, lotu gabe utzi dut astoa; hain handia da Jainkoagan dudan konfiantza». Eta Matxinbentako erretoreak erantzun: «Babo arraioa! Hoa eta lotu ezak! Zertako sarrarazi nahi duk Jainkoa hik heuk egin ditzakean gauzetan?»

Bigarren arriskua. ASUNen eta familiaren kasua, bakanik eta isolaturik hartu nahi izatea izango litzateke. Baina, zenbat ASUNen kasu munduan! Zaharren Egoitzara joatea aski: zenbat pertsona bakarrik edota ia bakarrik, nahi etxe berean bizi!; eta zenbat urtez! Eta mundu zabalera jota, zenbat jende goseak hiltzen, gerlan hiltzen, itsasoa zeharkatzean hiltzen! Zenbat jende mundu hobe bat egin nahi eta ezinean eta pertsegitua!

Ez ote dugu ahaztua pertsona mugatuak garela? Ez ote dugu ahaztua, kasu askotan, munduko zoritxarra bekatuaren fruitua dela?

Batez ere, ez ote dugu ahaztua, jaiotzetik, betikotasunaren gosea dugula geure izatearen barruenean? Ez gaudela mundu honetan betiko?

3.- Gogoeta eta Gonbita

Neure baitan eginak ditudan GOGOETA eta GONBITA hauek agertu nahi dizkizuet guztioi, nagusiki ASUNen familiakoei.

Egin dezagun bat ASUNek orain, zeruko Aitaren altzoan, duen egoerarekin. Kristo berpiztuarekin bat egina dago ASUN. Aitaren eta Semearen Espirituaren argia bete-betean bizi du orain.

Eta entzuten ari naiz bihotzera, guztioi, esaten diguna, JOB nobelako azken hitzak berak erabiliz: Orain arte, «jakin gabe hitz egin dut ulertzen ez nituen misterioez…». Orain arte «Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan [ene Jainko]; orain, neure begiz ikusten zaitut».

Senideok, Jainkoaren argipean, Kristo berpiztuaren argipean, beste modu batean ikusten da mundua: mundua ez da ezereza joateko egina. Mundu berri bat, lur berri bat, bizitza berri bat espero dugu. Jaiotzetik, betikotasuna dugu jomuga, helburua. Ikusi ez dugun, baina Jesusen bizierak, Jesusen Ebanjelioak, Jesusen Piztuerak barruntarazten eta sumarazten digun betiko argi horren pean ikusi beharko genuke geure bizitza. Heriotza ez da bukaera, lurreko bizitzaren segimena da, baina beste orbita batean; Jainkoaren beraren orbitan.

Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Lagundu gaitzala Andre Mariak. Lagundu gaitzatela zerutar bihurtu diren guztiek.

DIONISIO AMUNDARAIN