ANDRE MARIAREN JASOKUNDEA (2015-08-15)
Adssumpta = Jainkoak beragana hartua

Jerusalemen hasi ziren jai hau ospatzen, K.o. 5. mendearen bukaeran, «Dormitio» izenpean. Geroago, Erromako Elizak bere egin zuen «Assumptio» izenpean. Andre Maria, gorputz eta arima, “jainkotu”, zeruratu izana.

Gizadiari, azken esperantzaren ziurtasuna adierazten dion irudia eta testigantza kontsolatzailea da: festa bizia. Andre Mariaren aintza dirdaitsu eta bete hau, Kristok anai-arreba egin gaituen gizon-emakume guztien zoria da; Kristok eta Andre Mariak bezala, haragi zerutar eta odol zerutar eta arima zerutar izango garela.

Maria, salbatuen arteko lehenengoa da, hasikina. Spes nostra= gure esperantza; advocata nostra=gure babeslea; Jesum, benedictum, fructum, ventris tui ostende=Jesus, bedeinkatua, zure sabeleko fruitua, erakuts iezaguzu; sub tuum praesidium confugimus=zure babespera jo nahi dugu.

Mariak egin du haragi Jainkoaren Semea. Bere gizatasuna eman dio, mundu honetan jaio dadin. Eta Jesusek, Jainkoaren Semeak, Mariaren seme eginik, partaide egin du Maria bere jainkotasunean, zerurako jaio dadin.

Andre Maria zerutar bihurtzearekin, «geroko munduaren aintza», gizadiaren azken zoria, gauzatua da jada; ez gizon egindako jainkozko pertsonagan bakarrik, baita «jainkoturiko» gizatar pertsona batengan ere; ez Jesusengan bakarrik, baita Mariagan ere.

Harrigarri gertatzen zaigu esaten digutenean, Mariaren gorputza ez zela hauts bihurtu, beste edozein gizakiren gorputza bezala; baizik eta ezkutatu egin zela hilobitik, ikasleak txundituta utzirik (Urs von Balthasar). Hildako baten gorpuak lurpera edo sura joan behar duen ideia bortitza da oso; baina beste gauza bat da, zoragarria, hil ondoren gizakia Jainkoarekin biziko den esperantza. Baina ezer gutxi dakigu heriotzaren eta piztueraren erlazioaz.

Zer ideia zehatz izan dezakegu salbatuak izango garelakoaz eta nola izango garelakoaz?

Salbamen-historia guztian, Itun Zaharraz geroztik, Jainkoak bat egin nahi izan du gizakiarekin, egun batean ezin bereizizko batasuna lortuko duen konbentzimenduarekin. Hartarako, bere Hitza, bere Semea, txertatuko du gizadiaren haragi hilkor honetan; horrela, bere jainkozko biziaren partaide bihurtu du haragi hilkor hori.

Jainkoaren Hitza, Semea, gizon-emakumeen artera jaistea era bizian eta suharrean desiratu izan eta desiratzen duten guztiak ordezkatu ditu Andre Mariak. Jainkoa gorputzean jaiotze hori Mariaren bidez gauzatu da, haren fede- eta esperantza-prestasuna bete-betera iritsia zelarik.

Mariaren sabelean ez zen inolako oztoporik izan Jainkoa haragian txertatzeko. «Hona hemen Jainkoaren zerbitzaria» delakoak Mariaren prestasun-jarrera adierazi du: gorputz eta espiritu, osorik ireki zaio Jainkoari.

Funtsezkoa da gorputzak parte hartu izana. Guztiz sakona da amaren eta semearen arteko lotura. Jesusek amagandik hartu du bere prestasuna Jainkoarekiko. Kultura hebrearrak bere-berea du arimaren eta gorputzaren ezin hautsizko lotura, kultura greziarraren kontra.

Zer ospatzen du, beraz, Elizak gaurko jai honetan? Hauxe: gorputz batek, bere arimari loturik, adostasun osoa eskaini diola Jainkoaren eskaerari. Israel herriaren eta gizadi osoaren fedearen sintesia da Mariaren gorputz hori.

Ez dugu joan nahi Jainkoagana arimarekin bakarrik: «ez jantzi hau galdurik, baizik eta honen gainetik beste jantzi bat harturik, hilkor dena biziak bere egin dezan» (2 Ko 5,4).

Esperantzaren jaia da. Gorputzez piztu, ez da Jainkoaren Semea bakarrik piztu, baita Jainkoaren Seme hori gizon egin duen gorputza ere; baita Maria ere. Mariak hau agertu digu: gugatik egin ahal izan duela, guk, geure aldetik, egiten saiatu beharko genukeena, haren etsenpluari jarraituz: alegia, Jainkoaren Semeari gugan gorputzez bizitzen utziz.

Jesusek ez du sekula alde batera utzi egun batean aterpe eman zion sabela. Mariagandik hartu duen guztia, gorputza bakarrik ez, baizik Jainkoaren Hitzaren indar guztia gorde du Jesusek bere jainkotasun-gizatasunean.

Jesusek Amari izan dion maitasun osoa honetan biltzen da: Jainkoaren egitasmoan Maria betidanik izan dela norbait, eta nortasun hori agertu eta eman dio Jesusek Amari. Gizon-emakume guztientzat arketipo bihurtu du Andre Maria, gu guztiontzat altzo gozo izan dadin.

Mariaren «bai» hura gero eta gehiago sakondu zen bizitzan barna, gurutzearen oinean ezpata batek bihotza zulatu zion arte; horrela, beste inor ez bezala iritsi zen Maria heldutasunera, bere Semearekin munduaren betiko alderdi berrian, behin betiko forman, sartu ahal izateko.

Beti goaz «hurbiltzen Sion mendirantz, Jainko biziaren hirirantz, zerutar Jerusalemerantz» (Heb 12,22), «goiko geure Amaganantz», zeren «zeruko herritar baikara».

Dionisio Amundarain
(Urs von Balthasar-en laguntzaz)