Andre Maria Sortzez Garbia (2015-12-08)

HOMILIA

Anai-arrebok:

Andre Mariaren jai handia ospatzen dugu gaur. Esan nahi da, Elizaren jai handia. Esan nahi da Kristoren jai handia.

Andre Maria da, izan ere, lehen kristau handia. Gure Elizako kide handia. Jesusen ikasle eta jarraitzaile handia.

Andre Mariaren jaiaren giro honetan beste bi gertaera handia ospatzen digu. Hobeto esan, hiru gertaera.

Batetik, duela 50 urte eman zuen bukatutzat Paulo VI.a aita santuak Vatikano II.a kontzilioa. Joan XXIII.a aita santuak eman zion hasiera Kontzilioari. Zertako? Kristoren Eliza gizon-emakume guztiei hurbilago egiteko. Jainkoaren deia biziago egiteko. Eliztar guztiak eta gizon-emakume guztiak Jainkoaren Hitza onartzera era biziagoan gonbidatzeko. Barrura begira, eliztar guztiei eskatu nahi zitzaien Jainkoaren Hitzari harrera ona egitea. Kanpora begira, gizon-emakume guztiei agertu nahi zitzaien eliztarren adiskidetasuna.

Bigarren, gaur hasi dugu JAINKOAREN ERRUKIAREN URTEA. Mende askotan ikusi izan da kristauen artean Jainkoa epaile zorrotz. Errukiaren urtea ospatzearekin, Jainkoa beste zerbait eta beste norbait dela ikustera iritsi nahi dugu: mendez mende, munduaren hasieratik, gizadia gogoan izan duen Jainkoa da. Pentsa:
−unibertsoa kreatu orduko, gizadia sortu nahi izan du;
−gizadiak askotan bide okerra hartu duelarik, profetak bidali dizkio egiazko zorionbidea zein den hots egitera;
−gizaki huts ziren profetei kasu gutxi egiten ziela ikusirik, bere Semea bidali du mundura.

Hirugarren, Seminarioaren eguna ospatzen dugu. Zertako? Gaur egun ere, gizadia profeten beharrean dagoela adierazteko. Kristoren berri emango dion pertsona berezi batzuen beharra duena adierazteko.

Senideok, horra, beste askoren artean, Jainkoaren hiru dei handi, hiru grazia handi. Bere onginahia agertuz egin dizkigun hiru eskaintza handi.

Zein da gizadiaren harrera, Jainkoak egiten dizkigun eskaintza guztien aurrean?

Eredua Andre Maria dugu. Munduaren hasieratik Jainkoak egindako eskaintza guztien artean, berezi-berezia izan da Andre Mariari egin dion eskaintza: Izan nahi al duzu Jainkoaren Semearen ama? Batez ere, izan nahi al duzu, ama biologikoa baino gehiago, ama psikologikoa, ama sostengua, ama jarraitzailea, ama entzulea, ama sufritzailea, ama osoa, ama besteri emana zeure Semea bezala?

Eta Andre Mariak baietz. Mariak Jainkoaren Hitzari harrera egiteko modu berri bat agertu digu. Jainkoaren Hitza bere bizi bihurtzeko modu berri bat.

Senideok, izan dezagun gogoan Jainkoa dei eta dei ari zaigula. Ez bakarrik aipatu ditugun hiru gertaera handi horien bidez. Baita eguneroko bizitzan ere. Andre Mariak erregutu diezaiola gure alde bere Semeari, Kanako ezteietan eta beti egin izan dion bezala. Eta guk suma eta senti dezagula amaren bitartekotza hori.

Dionisio Amundarain