Hiru jarrera urte berrirako
Andre Maria, Jainkoaren Ama (2016-01-01)

Aldaketa arraro bat 1970ean

Edozein juduk daki haur mutiko bat erdaindu egin behar dela jaio eta 8garren egunean. Hala agindu zion Jainkoak Abrahami: «Jaio eta zortzi egunera, belaunaldi bakoitzeko zuen haur mutikoak erdaindu egingo dituzue» (Hasiera 17,12). Ondorioz, Elizak, jaioteguntzat abenduaren 25a hartu zuenean, urtarrilaren 1a erdainkuntza-eguntzat eta Jesus izena ezartzearen eguntzat ospatzera pasatu zen.
Bazen Andre Mariaren, Jainkoaren Amaren, jai bat ere; Ekialdeko elizetan 500. urte inguruan eratua eta erromatar eliza katolikoan urriaren 11n ospatuko zena. Bidezkoa zela ematen zuen Mariaren amatasunaren jai hau Jesusen jaiotzaren egunarekin estuago lotzea. Hala, 1970az gero, urtarrilaren 1era aldatu zen.
Egundoko bi ospakizun batera ospatzea zekarren honek guztiak: Jesusen izena eta Mariaren jainkozko Amatasuna. Hori gutxi bailitzan, Bakearen aldeko Munduko Ekitaldia urtarrilaren 1ean ospatzea otu zitzaion Paulo VI.ari.
Kristaurik elizkoienek ere Urte Zaharra ospatzen dutelako eta biharamunean burua argiegi izaten ez dutelako, urtarrilaren 1eko ospakizuna apur bat arintzea erabaki da.
Gutxiena imajinatzen zuenak nozitu behar izan du. Jesusen Izenaren jaia urtarrilaren 3ra aldatu da; halere, erdainkuntzaren eta izena ezartzearen aipuak urtarrilaren 1ean jarraitzen du.

Bibliako Zenbakiak liburua ez zuen idatzi Asisko Frantziskok

Ezagutu dut jenderik, batez ere Argentinan, uste duena, lehen irakurgaian irakurtzen den bedeinkazioa Asisko san Frantziskok idatzia dela. Alabaina, mende asko lehenago idazle bibliko batek idatzi zuen, israeldarren gain apaizek esan zezaten. Zenbakiak izeneko liburuan dago pasarte hori: 6garren kapituluan, 22-27 txataletan. Hain laburra, argia eta sakona da, non edozein iruzkinek narrastu besterik ez bailuke egingo.

Hiru jarrera urte berrirako (Lukas 2,16-21)

Gaurko ebanjelioak bi testu oso desberdin erlazionatzen ditu, zortzi egunek bananduak. Lehena, artzainen bisita; abenduaren 25ean, bigarren mezan, goizekoan, irakurri genuena da. Eszenan hainbat pertsonaia desberdin ageri dira: hasteko eta bukatzeko, Betleemera lasterka doazen eta Jainkoa aintzatuz eta goratuz itzuli diren artzainak aipatzen dira; orobat ageri da talde anonimo bat, ostatuko gainerako jendeari egindako erreferentziatzat har genezake, baina segur aski kristau guztiok ordezkatzen gaituen jendea dateke, artzainek diotenaz harritzen dena. Azkenik, pertsonaiarik garrantzizkoena, Maria da: entzundakoa bihotzean gorde eta hausnartzen duena.
Hiru jarrera hauek batak bestea osatzen dute: harridurak hausnartzera zaramatza eta, segidan, Jainkoa gorestera. Hiru jarrera gomendagarri urte berrirako.
Bigarren eszena zortzigarren egunean gauzatu da. Guretzat hain garrantzizkoa eta gogokoa den Jesusen izenarena oso hitz gutxitan dakar Lukasek. Soiltasun horrek gogoeta egitera gonbidatzen gaitu eta eskerrak ematera Jesusek gure bizitzan esan nahi duen guztiarengatik.

Asmo eta desira onen ordez, lagunarte on bat

Urtats eguna aukera berezia izaten da kasik behin ere betetzen ez diren promesak egiteko. Orobat esaten dira zorion-agurrak, eskuarki ardaztzat formula klasikoa izaten dutenak: osasuna, dirua eta maitasuna. Liturgiak oso bestelako mundu batera garamatza. Urtea hasteko, lagunarte hau eskaintzen digu: bedeinkatzen eta babesten gaituen Jainko Aitaren, salbatzen gaituen Jesusen, gertatu guztiaz gogoeta egiten duen Mariaren lagunartea.

José Luis Sicre