AMA SORTZEZ GARBIA (A) 2016-12-08

SARRERA

Sortzez Garbia den Andre Mariaren eguna ospatzen dugu gaur. Itxaropenaren ama. Itxaropena era sakonean bizi izan duen ama. Itxaropena ematen digun ama. Itxaropena den ama. Nola itxaron erakutsi digun ama da Maria. Ikusten ez duena, ulertzen ez duena, uste eta konfiantza handiaz itxaron izan du Andre Mariak, eskaini zaiona Jainkoaren hitza delako. Itxaropen hori bera bizitzera dei egiten digu gaur modu berezian.
Bestetik, Seminarioaren eguna dugu gaur. Sar dezagun gogoan, Elizak, kristau-elkarteak, apaizaren beharra duela. Egin dezagun otoitz, gaur egungo apaiz-faltari Jainkoak irtenbidea eman diezaion; asma eta bila dezala gure Jaunak nahi duen bidea, baina atera gaitzala gaur egungo ataka ilun honetatik. Otoitz egiogun konfiantza handiaz Eukaristia honetan.
Andre Mariaren jaia ospatzean, zein Seminarioaren eguna ospatzean, izan dezagun hau gogoan: «Ama Birjinaren aintzarako eta gure kontsolamendurako, Andre Maria Elizaren Ama deklaratzen dugu, hau da, Jainkoaren Herri osoaren Ama, Ama maitekor deitzen dioten fededun eta artzainen guztien Ama» (Paulo VI.a, 1964). Jesusen gainetik ezarri gabe, izan dezagun gogoan, gure arazoak arazo, Ama handi bat dugula zeruan. Eta, nola ez?, baina geure artean ere Jesus berpiztuari atxikirik.

LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (3,9-15.20)

Bibliako Hasiera liburua, 12garren kapituluan hasten da salbamen-historia kontatzen; historiaren aldetik, badira aipatu 12garren kapitulu horretatik aurrera datu kontrolagarriak. Baina aurreko kapituluetan ez da historia-konturik; aurreko kapitulu horietan, gizakiaren sakoneko galderei erantzun nahi izan die egilea modu ez-historikoan: zeinek sortua da mundua?, eta zeinek sortua gizakia?, eta zer izan da munduan nabari den gaitzaren sustraia? Galdera horiei ematen dien erantzuna ez da historikoa. Gizakiak fedez jaso duen erantzuna da.
Gaurko pasarte honetan esaten digu: gizakiak bekatu egin duela, Jainkoaren aurka altxatu dela, eta horixe dela gizakiak bizi duen zoritxarraren sustraia. Baina Jainkoak ez du utzi nahi gizakia zoritxar horretan. Hasieratik beretik, Jainkoak gizakia salbatu egin nahi izan du. Gizonak eta emakumeak, biek egin dute bekatu. Eta letra handiz idazten dugun Gizonak, hau da, Kristok ez ezik, emakumeak, hau da, Andre Mariak ere parte handia izango du salbazio horretan. Eva kristauontzat Ama Mariaren irudi da: Eva (Adamekin) bekaturako bide; Andre Maria (Jesusekin) Jainkoaren onginahiaren ubide.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,3-6.11-12)

Efesoarrei egindako gutun honetan, kristau-fedea zer den agertu nahi izan du autoreak; modu berezian agertu du: Jainko Aitari egindako gorazarre edo gorespen bezala. «Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita», dio. Eta zer egin du Jainko Aita horrek? Hiru gauza aipatzen ditu autoreak: lehenengo, aukeratu egin gaitu; bigarren, mota askotako mesedeak eman dizkigu Jesu Kristogan; hirugarren, gainezka eman digu hori guztia.
Horren guztiaren hasieran Jainkoa da beti ekintzaile. Harena da ekimena, eta ez gizakiarena. Mundua sortu baino lehenagoko asmoa du hori Jainkoak. Betidaniko asmoa du gizakia salbatzea, askatzera, zorionera bideratzea.
Hona gure egitekoa zein eta zer den: haren asmoa betetzen saiatuz, Jainkoa gorestea, lagun hurkoa goretsiz. Izan ere, gizakia askatzean, gizakia zorionekoa egitean datza Jainkoari eman diezaiokegun gorespena.

EBANJELIOA Lukasen liburutik (1,26-38)

Andre Mariaren misterioa ez dugu ulertuko mundu honetan. Zer eta nola gertatu da Maria haurdun gelditzea? Ez da harritzekoa. Berak ere ez du ulertu. Jakina, gauza bat da Jesusen ama biologikoa izatea; beste gauza bat da, Jesusen fedezko ama izatea. Andre Mariak, bere sabelean baino lehenago sortu du Jesus bere bihotzean, fedearen bidez.
Bigarren hau da inporta zaiguna. «Gerta bedi zuk nahi bezala», esan du Mariak. Hau esan nahi du: gerta eta gauzatu bedi nire eta gure Seme honen bidez, munduaz eta gizadiaz betidanik izan duzun asmoa. Gerta nadila partaide munduaren salbazioan, esan nahi du Andre Mariak. Gerta eta izan dadila gure seme hau munduaren salbatzaile.
Horra gu guztiontzat eredu handi eta bikaina: Mariaren jarrera: izan dadila gutako bakoitza munduaren salbatzaile. Segidako honek izan beharko luke gaur gutako bakoitzaren otoitza: gerta nadila, gerta gaitezela partaide munduaren salbazioan, askapenean, bakean.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Eliztar guztien alde: nor bere bizieraz Jesusen Berri Onaren hots egile bizi eta eginkor izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Behartsu guztien alde, sufritzen ari diren guztien alde; beren zori txarretik ateratzeko, beren artean bat egin dezaten, eta borondate oneko beste guztiei laguntza eska diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gure elizbarrutiaren alde: gure artean, gure familietan, giro ona sor dadin jendeari apaiz, erlijioso, erlijiosa, lider erlijioso izatera eragiteko. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduko agintari politikoen alde: injustizia-mota guztiak gainditzen ahaleginak eta bost egin ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.