Abenduaren 8a. Andre Maria. 2017
HOMILIA

Anai-arrebok!

Andre Mariaren jai handia ospatzen dugu gaur. Kristau-elkarte osoan errotuenetakoa. 1854-12-08an, Pio IX.a aita santuak dogmatzat eman zuen Andre Maria Sortzez Garbia delakoa.

Agian, eta niretzat seguru, inportanteagoa da beste hau; aingeruak esandakoa: «graziaz betea».

Andre Maria, funtsezkoa dut neure fede-bizitzan. Jatorriz bekaturik gabea dela eta horrelakoek urruneko pertsona bezala aurkezten didate. Oso urruneko. Gizon-emakumeetan beste inor ez bezalako.

Baina, begira: Andre Mariaren ezaugarri bat dogmatzat emateak, hondo-hondoan Maria hori beneragarri egitea esan nahi du. Eta nik benetan beneratzen dut Andre Maria, bihotz-bihotzez. Baina dogma horrena ez den beste arrazoi batengatik: Andre Maria hurbil-hurbileko amatzat hartzen dudalako.

Andre Maria, eredu handia dugu. Egunetik egunera bere fede-bizitzan haziz eta osatuz joan den emakumea da. Bere egoismo-joera guztiei uko egin, eta Jainkoari irekitzen joan den emakumea da. Bere buruaz husten joan da, bere gogoa alde batera uzten, Jainkoaren egitasmoari atxikitzen eta lotzen joateko. Jainkoari atxikitzen joan da; zergatik? Ba, Jainko hori gure historian sar dadin; Jainkoa haragitu dadin, gizon egin dadin; ez Jainkoa gure artera harro eta boteretsu etor dadin, baizik gure salbaziorako tresna izan dadin, betidaniko bere errukia eta maitasuna ageri-agerian jartzeko. Mariak Magnificat kantikan dioen bezala: «haren [Jainkoaren] maitasuna belaunez belau».

Alde honetatik, Andre Mariak gogorarazten dit, bera bezalako pertsonen bidez, Jainkoa gure munduan, gizon-emakumeon artean, sartzen ari dela: Berri Ona txertatzen ari dela gure gizartean bera bezalako beste pertsona askoren bidez.

Pena da. Askotan agertu ohi da dogma honelatsu: Jainkoa munduan zentzurik gabeko gauza eta jokabide berezi-bereziez ariko balitz bezala. Baina ez; Jainkoa ahalguztiduna da, baina ez egoismoz betea balitz bezala; baizik eta, egoismoa alde batera uzten ari diren pertsonen bidez ari da; hain zuzen ere, beren egoismoa utziz, beste jende bat maitasuna eta duintasuna lortu dezan.

Duela 21 mende bezala, gaur ere Maria asko ari dira sortzen munduan. Hori da, nire ustez, gaur bihotzez bizi beharko genukeena: poztuz, eskerrak emanez. Batez ere Jesu Kristori, baina baita Andre Mariari ere: eredu izan dugulako, aitzindari izan dugulako, erakutsi digulako gu geu ere graziaz beteak garela, Jainkoaren seme-alaba garela, munduan bata bestearen eragile izateko.

«Zure babesera gatoz ihesi, Jainkoaren [eta gure Ama]; gure otoitzei ez eman esker txarrik behar ordu estuan, baizik eta atera gaitzazu gaitzetik».

Dionisio Amundarain