Abendualdiko 4. larunbata eta igandea.
Meza eta Elkarteko penitentzia (2016-12-17)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Duela bi mila urte eta ordudanik uneoro eta Eguberrietan… Jesusek egin dituen eta egiten ari zaigun bisitak bestelako mundu bat egitera gonbidatzen gaituzte. Jesusen beraren hitzean, Jainkoaren Erreinua bere betera eramatera gonbidatzen gaituzte. Jesusekin hasi den, baina gu guztiokin garatu beharra den Jainkoaren Erregetza gauzatzeko deia egin digu Jesusek.

Beste hitz batzuekin esanda, bihotz-berritzera gonbidatzen gaitu. Gure burubideak aldatu eta Jesusek bizi eta agertu dizkigun pentsaera, sentimenduak, jokabidea, biziera… bizitzera.

Bihotz-berritu. Duela egun batzuk, abenduaren 1ean, Frantzisko aita santuak gogoeta labur bat egin digu honetaz. Bihotz-berritzea eragozten duten hiru aurkaritza, hiru erresistentzia aipatu ditu. Hona.

1.- «Hitz hutsalen» aurkaritza edo erresistentzia.

Aurkaritza hau argitzeko, bi anaien parabolaz baliatu da. Biei eskatu die aitak mahastira lanera joateko. Batak ezetz esan dio, baina azkenean joan egin da. Besteak baietz esan dio, baina azkenean ez da joan.

Azken honen jokabidea: gauza guztiei bai esatea da, diplomatiko bai esatea, egiaz «ez, ez, ez» esaten ari delarik.

Esatea gauza erraza da. Egitea zailagoa. Egiazko «bai»arekin mundua aldatuko genuke. Baina…

2.- «Hitz zuritzaileen» aurkaritza edo erresistentzia.

Beti bere burua zuritzen edo justifikatzen ari denaren kasua da. Beti izaten du arrazoiren bat aurka egoteko, Jaunak esana ez egiteko.

Hainbat zuritze dituen pertsonak «ez du Jainkoaren usain onik, baizik eta deabruaren usain txarra» du, dio Aita Santuak.

Hainbat zuritzeren kontu hori honetan datza azken batean: «neure jarrera zuritu nahi izatean, Jaunak adierazten digunari ez jarraitzeko».

3.- «Hitz salatzaileen» aurkaritza edo erresistentzia.

Geure buruari begiratu gabe, besteak salatzen jardutea da. Ez dugu sentitzen bihotz-berritu beharrik. Hartara, aurka egiten diogu Jainkoaren graziari, Jainkoaren onginahiari; garbi ageri da hori tenplura otoitz egitera joan diren fariseuaren eta zerga-biltzailearen parabolan: fariseuak harro hitz egiten dio Jainkoari, zorduna ez da fariseua bera baizik Jainkoa: den-dena egin du fariseuak; fariseua ez da tenpluan atzean gelditu den zerga-biltzailea bezalakoa ere; odolkiak ordainetan eskatzen dizkio Jaunari; zerga-biltzailea, berriz, ez da ausartzen begiak altxatzera ere, «barkatu eta barkatu» esaten dio Jaunari.

Aurkaritza edo erresistentzia hau guztion kontua da; esango litzateke, berezkoa dugula. Baina, ez. Jesusek, gizon egin-eginak, bai osoa eman dio Jainkoari. Andre Mariak «bai» betea eman dio Jainkoari. Eguberrietan modu berezian datorkigun Jesus berpiztuak «bai» esaten dio Jainkoari gure barnetik, gure bihotzetik.

Hautsi dezagun Paulok bere baitan sentitzen eta aitortzen duen bitasun hori: nahi dudana ez dut egiten eta nahi ez dudana dut egiten. Kristori estu atxikirik, hautsia dukegu bitasun hori: BAT IZANGO GARA GEURE BAITA ETA JESUSEKIN.

Dionisio Amundarain