Beti tokatzen den loteria bat (Mateo 1,18-24)

Abendualdiko 4. igandea A urtea (2019-12-22)

Aurten, abendualdiko laugarren igandea, Espainian bederen, Eguberrietako Loteriaren zozketa egunean dator. Irakurgaiak zinezko loteriaz mintzo dira, munduko alde guztietan eta egunero tokatu izan den eta tokatzen jarraitzen duen loteriaz, alegia.

Saria

Ez da milioika euroren kontua. Saria handiagoa da: pertsona bat. Hasieran etsigarri gerta daiteke. Sari honekin ezin erosi da txalet handirik, ezta azken ereduko autorik ere. Ez digu emango itsas gurutzaldi baterako aukerarik, ezta ebaketa munduko ospitalik hoberenean egiteko ere. Baina sari pertsonal bat da, geure iragana ordaintzen eta geroa bermatzen diguna. Irakurgaiek esaldi gutxi eman dituzte pertsona hori deskribatzen: David erregearen ondorengoa da, neskatxa birjina batengandik jaio da eta Jesus izena ezarri diote, bekatutik salbatu gaituelako. Emmanuel ere deitzen ahal zaio, hau da, «Jainkoa gurekin». Jainkoaren hurbiltasun horrek ikara ere eragin dezake. Oraingo kasu honetan, ez. Haur aurkezten den Jainkoa da, gugatik hiltzeko konpromisoa hartuz.

Publizitatea (1. irakurgaia: Isaias 7,10-14)

Sari hau ez da iragarri udan, hilabete gutxi batzuk aurretik, Eguberrietako loteria bezala, baizik eta hainbat mende aurretik. K.a. 734. urtean Siriako eta Efraimgo erregeek bat egin zuten Juda konkistatu eta Jerusalemgo Akaz erregea botatzeko. Isaias profetak dio ezen, albisteak, iritsi zenean, «erregearen eta herriaren bihotza astindu egin zuela, zuhaitzen hostoak haizeak astintzen dituen bezala». Profeta, orduan, erregeagana aurkeztu da eta seinale bat eskaini dio, Jainkoak egindako zeinu miresgarri bat, lasai jarraitzeko. Akazek, ordea, Asiriari eskatu dio laguntza, Jainkoaz baino gehiago fidatzen baita inperio honetaz (garai hartako Ameriketako Estatu Batuak), eta erantzun dio ez duela nahi seinalerik. Halere, Isaiasek eman dio seinalea: «neskatxa haurdun dago eta seme bat izango du, eta Emmanuel izena ezarriko dio, hau da, Jainkoa gurekin». Haurraren jaiotzak bermatuko du Judaren eta Jerusalemen salbazioa.

Zozketa (ebanjelioa: Mateo 1,18-24)

Isaiasen garaian, zenbaitek pentsatu zuen neskatxa haurduna erregearen emaztea zela, eta Emmanuel handik gutxira jaioko zen semea: Ezekias, alegia. Haur hau errege ona izan zen, baina ez zuen ase beragan jarria zuten esperantza handia. Igaro ziren mendeak eta Emmanuel ez zen ageri. Harik eta kristauek promesa hura Jesus jaiotzean bete dela ikusi zuten arte. Espiritu Santuagandik dator Jesus hau eta izen hori ezarriko dio Josek «berak salbatuko duelako bere herria bekatutik». Ez gaitu salbatuko asiriatarrengandik, ezta erromatarrengandik ere, baizik eta geure bekatutik, gugatik bizia emanez. Eta Mateok gehitu du: «Hau guztia gertatu, Jaunak profetaren bidez esanik zuena bete zedin gertatu zen». Jada ezin jarraitu dugu esperoan. Irten da lehen saria.

Onuradunak (2. irakurgaia: Erromatarrei 1,1-7)

Loteria honetan jende guztiak du bere saria. Gerta daiteke hamarrena edo dezimoa erosi ahal izatea saria irten ondoren ere. Hori diotse Paulok erromatarrei. Saria ez da juduentzat bakarrik, baita paganoentzat ere. Ez da tokatzen Jerusalemen edo Betleemen bakarrik, baita Erroman ere. Han, paganoen artean, zabaldu da ebanjelioa eta «Jainkoak maite eta herri santuko partaide izatera deitu dituela» sentitu dute. Geuk ere, hogei menderen ondoren, Jainkoak onuradun egin gaituelako poza sentitu behar dugu. Joan den igandeko ebanjelioa Joan Bataiatzailearen nahasmenduaz mintzo zen, eta guk geuk Jesusen jokabideaz eta mezuaz senti genitzakeen nahasmenduaz eta eskandaluaz gogoeta egitera behartu gintuen. Laugarren igande honetako ebanjelioak urrats bat aurrera egitera gonbidatu gaitu. Nahasmendua eta eskandalua gainditu daitezke.. Misterioaren aurreko harridura, berriz, ez da bukatzen sekula, bizitza osoan irauten du.

***

Aurreko hori guztia eskema bat da, laugarren igande honetako mezua ulertzeko eta Eguberrietarako prestatzeko lagungarri. Ebanjelioa hobeto ulertzeko, datu batzuk hartuko ditut neure iruzkin honetatik: El evangelio de Mateo. Un drama con final feliz (Verbo Divino, Lizarra, 2019, 52-56 or.).

Mateok titulu bat ezarri dio kontatzera doanari: Jesusen jaiotza honela gertatu zen. Alabaina, ez da hori kontatu duena, misterio honetaz datu batzuk ematera mugatu da.

Ebanjelioaren kontaera ohiko osagaiek eratzen dute: planteamendua, korapiloa eta askaera. Edozein polizia-eleberri batean bezala. Baina bada alde bat. Agatha Christiek zatirik handiena korapiloari eskaintzen dio, Herkules Poirot-ek hiltzailearen bila bizi izandako gorabeherei. Mateo oso laburra jardun da lehen bi zatietan; berehala doa askaerara. Ez da kontaera dramatiko bat, baizik eta didaktiko bat.

Planteamendua

Irakurlearentzat ezaguntzat ematen dituen pertsonaia batzuetatik abiatu da Mateo: Maria eta Jose, eta juduen artean ezaguntzat eman duen ohitura batetik: ezkon hitza (ezkontzeko eskaria) eman ondoren, ezkongaiak ezkondutzat ematen dira, elkarrekiko leialtasunaren konpromisoa agindutakotzat, baina bereizirik bizitzen jarraitzen dutela. Bat-batean, Maria seme baten haurdun gertatu da, Espiritu Santuagandik. Mateok ez dio eskaini irakurleari segundo bateko ere dudarik. Espiritu Santuaren barkazioz, eta, polizia-konparazioari jarraituz, irakurleak hasieratik beretik daki zein den hiltzailea.

Korapiloa

Duda Joserena da, gizon on horrena. Deuteronomioaren arabera, gizonak emakume batekin ezkondu eta ez dela birjina konturatu eta salatzen badu, «neskatxa aitaren etxe-atarira atera eta hiriko gizonek harrika emango diote hil arte, Israelgo aitaren etxea prostituitzearen doilorkeria egin duelako» (Dt 22,20 hur.). Josek nahiago izan du interpretatu legea erarik faboragarrienean. Legeak salatzeko eskubidea ematen du, baina hartara behartu gabe. Horregatik, Maria isilpean uztea erabaki du, izen txarrik ez ezartzeko. Mateok sekulako soiltasunez deskribatu du guztia, ez ditu zehaztu Joseren duda-mudak eta estutasunak. Hau hobekienik nabaritzeko bidea, testu hau Qumranen aurkitutako Hasiera Apokrifoaren puska batekin konparatzea da; azken honetan antzeko zerbait irakur daiteke Lamek patriarkari dagokionez: konturatu da bere emaztea, Bitenos, haurdun dagoela eta dudak ditu seme hori berea duenaz (testuaren puska hutsa delako, ezin jakin da zergatik duen duda hori). Pertsonaiaren larritasuna modu kasik patetikoan islatu du autoreak:

«Orduan uste izan nuen sorkuntza Zaindarien lana zela, eta Haurduntzea Santuena, eta Erraldoiak zirela jabeak […] eta nire bihotza nahasi egin zen ene barnean haur hau zela eta. Orduan, ni, Lamek, izutu nintzen eta Betenosengana, nire emazteagana, jo nuen, eta esan nuen […]: zin egidazu Gorenekoagatik, Jaun Handiagatik, Unibertsoaren Erregeagatik […] benetan emango didazula jakitera, egiaz emango didazula ezagutzera eta gezurrik gabe, ea hau […]. Zin egidazu Unibertso osoaren Erregeagatik, benetan ari zatzaizkidala hitz egiten, eta gezurrik gabe. […] Orduan Bitenos, neure emaztea, oso irmo mintzatu zitzaidan, negar egin zuen eta esan zidan: Ai ene anaia eta jauna! Gogora zaitez ene atsegin-ordu hartaz, maitasunaren aldi hartaz, ene bularreko hatsaren arnasestu hartaz. […] Zin degizut Santu Handiagatik, zeruetako Erregeagatik, zugandik etorri dela hazi hau, zugandik etorri dela fruitu honen ereintza, eta ez inongo atzerritarragandik, ez inongo zaindariagandik, ez zeruko semeagandik. Zergatik duzu zeure aurpegiera bere onetik hain aterea eta desitxuratua, eta zeure espiritua han lur joa?» (1QapGn Coll. II. 1-17).

Ez da lasaitu Lamek bere emaztearen hitz hauekin ere, eta bere aitagana, Matusalengana, jo du, Henoki galdetu diezaion eta zinez jakin dezan. Tamalgarria da zutabea hain lardaskatua egotea une garrantzizkoenetan, argudioa ulertu ahal izateko. Mateoren kontakizunak Hasiera Apokrifoaren antitesia dela ematen du xehetasun askotan.

Askaera

Josek erabakia hartu orduko, aingerua agertu da arazoa askatzeko. Josek obeditu dio, eta Maria semeaz erditu da, semea izan du, eta Jesus izena ezarri dio Josek. Azken atal honetan, aingeruaren hitzen eta Joseren obedientziaren artean, Mateok hitz batzuk tartekatu ditu, misterioa argitzeko: Isaias 7,14ko profezia betetzea da arazoa (gaurko lehen irakurgaia da).

Mezua

Analisi literario honek azaltzen du, Mateok ez duela irakurlea tiranduran jarri nahi izan. Hasieratik daki irakurleak zergatik den misterioa. Hartara, zer adierazi nahi digu pasadizo honekin? Hiru oinarrizko gauza bere obrako protagonistaz.
Nor da Jesus? Ebanjelioaren hasieran, genealogian, adierazi berria digu Mateok egiazko israeldarra dela Jesus eta Daviden egiazko ondorengoa. Mesias dela esan nahi al du? Horretarako, beste zerbait gehiago behar da, zenbait judu-talderen tradizioaren arabera. Mesiasek birjina batengandik jaio behar du, Isaias 7,14an datorrenez. Gaurko pasadizo honek adierazten du, Jesusek bete duela betekizun hori. Baina bada beste datu bat, Isaiasen testuan ez datorrena: Jesus Espiritu Santuagandik dator; horrekin, Jesusek Jainkoarekin duen erlazio estua adierazi nahi da.

Zer egingo du Jesusek? Izenak berak adierazten du: bere herria salbatu bekatutik. Ez dira gauza bera bekatutik salbatzea eta bekatuak barkatzea. Bekatuak barkatzea era erosoan egin daiteke, aitorlekuan eserita, edota paseatuz edota kafe bat hartuz. Bekatutik salbatzea, berriz, nork bere bizia eskainiz bakarrik egin daiteke. Haurtzarotik dakigu, Jesusek, gu geure bekatutik salbatzeko, bere bizia eman zuela gugatik. Baina ezin gelditu gara harritzen jarraitu gabe. Izan ere, judu jainkozale baten jarrera arrunta, bekatuaren aurrean, ez zen jokabide gaizto hura ulertzen saiatzea, ezta hura zuritzen saiatzea ere; askoz gutxiago bekatariagatik hiltzea. Bekataria gaitzestea zen jarrera arrunta juduen artean.

Zer ondorio izan ditu Jesus agertu izanak? Mateo, bere ebanjelioa idaztean, bere elkartearen esperientziatik abiatu da, Jesus Mesiastzat onartzeagatik pertsegitua eta ukatua den elkartearen esperientziatik. Mateok hasieratik adierazi nahi dio elkarteari zailtasunak ezinbestekoak izango direla. Mesiasi atxikienik direnek berek, gurasoek, problemak jasan behar izan dituzte, semea sortu denetik. Kristauak Jose eredutzat hartu behar du, lagunduko eta bihotz emango dion eredutzat. Ez du beldur izan behar Jesus onartu eta berari jarraitzeko, «Espiritu Santuagandik baitator» eta «salbatuko baitu bere herria bekatutik».

José Luis Sicre