Hiru etsenplu eta iragarpen bat
Abendualdiko 4. igandea C (2015-12-20)

Eguberrietarako egun gutxi falta direla, irakurgaiek hiru etsenplu bikain dakarzkigute jai horren zentzua bizitzeko, eta esperantzazko mezu bat.

Elisabeten etsenplua: gorespena, harridura, poza

Ebanjelioaren kontakizunean ekimena Mariarena da: Judako herrixka baterako bideari ekin dio. Halere, egiazko protagonistak Elisabet, mintzo den bakarra, eta bere sabelean daraman Joan semea dira. Elisabeten erreakzioaren eta hitzen bidez agertu digu Lukasek, edozein kristauk Jesusen eta Mariaren aurrean izan beharko lituzkeen sentimenduak: gorespena («Bedeinkatua zu andre guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!»), harridura («Nor naiz ni neure Jaunaren ama bisitan etor dakidan?»), poza («haurrak pozik jauzi egin du nire sabelean»). Hiru sentimendu hauek, Lukasen arabera, Espiritu Santuak eragin dizkio. Espiritu hori eskuarki behar bezala kontuan izaten ez dugunez, une egokia dugu egun hauetako hau berari eskatzeko sentimendu horiek gugana ere isur ditzan.

Mariaren etsenplua: fedea

Maria eta Jesus goratuz hasi diren Elisabeten hitzen ondoren, Mariari egindako beste gorespen bat dator: «Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!» Honek zer pentsatua eman beharko liguke ospatzera goazen misterio handiaz. Ezin ulertu da misterio hori argudio filosofikoez, ezin frogatu da zientifikoki. Fedea eskatzen duen misterioa da. Eta misterioaren bide honetan, eredu dugu Andre Maria.

Jesusen etsenplua: Jainkoaren nahia bete

Israelgo herriaren eta kleroaren zati handi baten pentsaeran, Jainkoarekiko harremanetan gauzarik garrantzizkoena animaliak eta opariak eskaintzea zen. Hondo-hondoan, ezkutuan, ideia hau bizi zuten: Jainkoak jan beharra duela gizon-emakumeok bezala. Profetek, eta zenbait salmogilek, gogor kritikatu zuten pentsaera hori: Jainkoak nahi duena, ez da berari idi bat edo bildots bat eskaintzea, baizik beraren nahia betetzea. Ideia hau jaso du Hebrearrei egindako idazkiaren idazleak eta Jesusen mihian ipini du («Hona hemen ni zure nahia betetzeko»), eta beste honekin osatu du: animaliak eskaintzeak ez zuen balio handirik, etengabe errepikatu behar ziren. Aitzitik, Jesusek bere burua eskainiz egin duen opariak hartarainoko balioa du, non ez baita zertan errepikatu. Animaliak eskainiz, Jainkoarekiko harremanak berrezarri nahi izaten zituzten, baina helburua ezin lortu. Jesusen opariak harreman hori bete-betean berrezarri du, gu santu eginez.
Aldi berean, Jesusen etsenpluak, Jainkoaren nahia betetzea gauza guztien gainetik jartzen erakutsi digu, sarritan errepikatzen dugunez: «Egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere».

Iragarpena

Lehen irakurgaia, Mikeas profetaren liburuko orakulu labur bat da. Famatua, Mateoren ebanjelioak aipatzen duelako, Ekialdeko magoek galdetzen dutenean non jaiotzekoa zen Mesias. Testua jende-mota berezi bati zuzendua da: babiloniarren mendean hondamenaren esperientzia izugarria izan du jende horrek, Jerusalem eta tenplua erretzen, erbestera joaten, Daviden leinua ezkutatze ikusi du jende horrek. Errua, pentsatzen zuen jende askok, erregeena izan zela, artzainena, ez zirelako duintasunez bizi izan eta politika galgarria egin zutelako. Etsipenaren eta eszeptizismoaren giro horretan, profetak beste buruzagi bat datorrela iragarri die, buruzagi miresgarria, bere handitasuna munduaren azken ertzeraino zabalduko duena, herriei baketa eta patxada ekarriko dizkiena. Baina ez da izango aurreko erregeak bezalakoa, David berri bat izango da. Horregatik, ez da jaioko Jerusalemen, baizik Betleemen.

José Luis Sicre