ABENDUALDIKO 4. IGANDEA A 2010-12-19

SARRERA

Senideok, Eguberri-jaiak gainean ditugu. Eguberrik Jainkoaren misterio handia esan nahi du. Misterio handia, hau da, Jainkoaren maitasun-asmoa. Jainkoak gizadiaz izan duen eta duen asmoa. Eta asmo hori, gurekiko maitasun-asmoa da.
Baina Jainkoa ez da gelditu asmo hutsean, baizik eta, asmo horrek eraginik, bere Semea bidali digu.
Ez dadila gerta guregan San Joan ebanjelariak bere ebanjelioan esaten duen hau: Jainkoaren Semea mundura etorri da, baina munduko jendeak ez du onartu, ez dio harrerarik egin.
Meza honetan eska diezaiogun Jesusi berari grazia eta laguntza, bihotza irekirik bera onartzeko gai izan gaitezen.
Azkenik, gaur Caritas Eguna dugu. Saia gaitezen lanik gabe denaren larruan jartzen, etxerik gabe denaren, goseak direnen larruan jartzen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (7,14-14)

Gaurko testu honen testuingurua, gerla batena da. Judako, hau da, hegoaldeko Akaz erregeak ez du bat egin nahi Samariako, hau da, iparraldeko erregearekin, Asiriako inperioari aurre egiteko. Hartara, balizko bi etsai handiren aurrean dago Akaz Erregea. Estu eta larri. Kristo aurreko zortzigarren mendea da.
Isaias profetak Jainkoagan konfiantza izateko esaten dio Akaz erregeari. Eta Jainkoak lagunduko diola agertzeko, seinale bat ematen dio: semea emango dizu, esan dio Isaiasek erregeari. Isaiasek salbamena iragarri dio horrela erregeari.
Akazi agindutako seme hori, kristau-tradizioan, Mariaren eta Joseren bitartez Jainkoak eman digun Seme salbatzailearen sinboloa da. Jainkoak salbazioa agindu digu. Eta, horretarako, bere Semea bidali.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (1,1-7)

Erromatarrei egindako gutunaren hasiera da gaurko pasarte hau. Gutunaren gai nagusia galdera honi erantzutea da: Zein da gizakiak Jainkoaren aurrean izan behar duen jarrera? Eta hauxe da Pauloren erantzuna: Fedea, Jainkoarekiko konfiantza.
Gaurko pasarte honetan, Paulok honela agertzen du bere burua: zerbitzari da, apostolu da, Jainkoak aukeratua da.
Zerbitzari da. Jainkoaren zerbitzari izateko, gizadiaren zerbitzari da.
Apostolu da, gizon-emakumeei Jesusen Berri Ona munduan zabaltzeko.
Jainkoak aukeratua da. Paulok ez du aukeratu berak mundu honetan egiten ari den zeregina. Jainkok leporatu dio egiteko hori, amaren sabelean erne baino lehenagotik.
Senideok, horra Pauloren arabera gutako bakoitzak zer izan behar duen: zerbitzari, apostolu eta Jainkoak aukeratua dela uste izatea.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (1,18-24)

Lukasen haurtzaroko ebanjelioan Maria da protagonista. Mateoren ebanjelioan, berriz, Jose da protagonista. Joseri mintzo zaio Jainkoa ametsetan, eta Josek ez du dudarik izan Jainkoaren esanari men egiteko, obeditzeko.
Isaias profetaren aipamen bat dakar Mateok. Profeta horren arabera, Jainkoaren maitasunaren seinaletzat, seme bat agindu dio Akaz erregeari, eta semearen izena Emmanuel izango da, hau da, Jainkoa-gurekin.
Mariaren eta Joseren Semeak Jesus izango du izena. Eta Jesus, hain zuzen, «Jainkoa-gurekin» izango da. Halaxe dio Jesusek berak Mateoren ebanjelioaren azken aldean: «Begira! Zeuekin izango nauzue, egunero, munduaren azkena arte».

Herriaren eskariak

1.-Kristau guztien alde: san Josek bezala, jakin dezagula Jainkoaren hitza geure bihotzaren isilean entzuten eta, aitzakiarik gabe, gogo handiz haren esana betetzen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Herri-agintarien alde: saia daitezela munduan egiazko bakerako baldintzak sortzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen, etxerik gabekoen, lanik gabekoen, etorkinen, presoen, gaixoen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Lazkaoko herritar guztien alde: beharrean direnei laguntzeko eskuzabal izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.