Senideok!

Joan Bataiatzaileak bezala, gure arteko askok ere duda handiak bizi ditu: zein da zorionerako bidea? Duda-muda asko. Eliztarren jokabideak ez ditu asetzen. Jesusi berari ere jende askok ukatzen dio fidagarritasuna. Jainkoari berari ere bai.

Beste askok, berriz, ikusirik jende asko urrundu dela kristautasunetik, fundamentalismora jo du, eta sektakeriara. Munduan ebanjelioa zabaltzera irten ordez, aspaldi samarreko bide hartara jo du beldurrak eraginda. Gure txikitako bide hartara. Frantzisko aita santuaren aro hau noiz bukatu den zain-zain jarri dira. Bide berriak sortzera jo ordez, garai bateko tradiziora jo nahi dute. Hondo-hondoan, konfiantza-falta da: konfiantza-falta gaur egungo eliz gidariekiko, konfiantza falta Kristorekiko.

Baina horrelako Eliza fundamentalista batek ez du etorkizunik. Egiazko sinesmen-falta da. Hogeigarren mendean bizi izan zen teologo handi batek, Karl Rahnerrek, esan zuen: hogeita batgarren mendeko Eliza mistikoa izango da, edota ez da kristaua izango. Mistikoa. Jainkoaz esperientzia pertsonala izatea esan nahi du. Uste guztia besteren esanetan izan gabe, norberak Jainkoaz izan duen esperientzia. Ez da nahikoa izango, ez erritualismoa, ez legalismoa, ez burokrazia, ez etsirik ohitura batzuei jarraitzea.

Eta duela gutxi hil den beste teologo handi batek, Metz-ek, Rahnerren ikasle izandakoak, konpromiso politikorako bidea zabalduko du, “teologia politikoa” izenekoa proposatuz; kritika egin dio «Eliza burgesari», hau da, ongizatearen gizartearen apopilo egin denari; begiak irekirik bizitzea proposatu du: sufritzen ari direnei begira jokatzea, goseak bizi direnei, emakume bortxatuei, eraildako emazteei etab-i begira bizitzea.

Azken batean, Jesusek egin zuen bidea. Zeruko Aitarekin harreman bizi eta pertsonalak bizi izan zituen: Jesus mistikoa izan zen. Sufritzen ari zirenei begira bizi izan zen: itsuak, herrenak, gorrak, aberatsen eta agintedunen menpean bizi zirenei begira. Jesus politikoa izan zen. Joan Bataiatzaileari erantzun horixe bidali zion. Egiten zuen bizierak adierazten zuen bera benetako Mesias zela. Jesus horren Espirituak argitu eta gidatu gaitzala.

Dionisio Amundarain