Badugu zertan pozik egon (Lukas 3,1-6)

Abendualdiko 2. igandea C 2018-12-09

Orain berean Erroman nago, nazioarteko elkarte batean, eta norberaren herrialdeko egoeraz hitz egitean, Italiatik Japoniara, Indiatik, Frantziatik, Ameriketako Estatu Batuetatik etab. pasatuz, apenas agertzen den inor oso baikor. Gure munduak, eguneroko hurbilak, eta urrunekoak, kezkatzeko eta triste agertzeko arrazoiak ematen dizkigu. Eta Abendualdiko igande batean eliza katoliko batera joatean, apaizaren kasulla moreak, ematen du, baietsi egiten duela tristura hori.

Alderantziz, igande honetako irakurgaiek poza eman nahi digute. Baruk profetarenak espresuki agindu dio Jerusalemi: «erantzi zeure dolu- eta atsekabe-jantzia». Eukaristian batzarburu den apaizak ekintza sinboliko bat egin nahi balu, antzinako profeten antzera, kentzen ahal luke kasulla morea zuria edo urrekara janzteko. Salmoa ere pozaz mintzo da: «mihia barrez blai zuen, kantuz gainezka»; «Jauna handi agertu zaigu eta pozik gaude». Paulok ere Filiposko kristauei idatzi die, beraien alde «poz handiz» ari dela erregutzen. Ebanjelioak, berriz, Joan Bataiatzailearen iragarpena dakar: «denek ikusiko dute Jainkoaren salbazioa». Igande honetako irakurgaiek ez dute, beraz, zuzentzat ematen «Gloria» baztertzea, baizik eta guztiz kontra. Aski baino arrazoi gehiago dugu Jainkoaren aintza abesteko.

Pozerako lehen arrazoia: erbestetuen itzulera (lehen irakurgaia: Baruk 5,1-9)

Baruken irakurgaiak beste testu profetikoetan sarri ageri diren ideiak dakartza. Jerusalem, amatzat aurkeztua, lutoz ageri da, bere seme-alabak galdu dituelako: batzuk Babiloniako erbestera joan dira, beste batzuk Egipton eta beste lurralde batzuetan barreiatu dira. Orain, ordea, dolu-jantziak beste pozezko batzuez trukatzera gonbidatu du Barukek, goialde batera igo eta begi-ematera nola datozen bere seme-alabak «errege-karrozetan», «jai eta festa» eginez, Jainkoak berak gidaturik.

Zer inpresio eragin ote zuen irakurgai honek profetaren garaikideengan? Badakigu, judu askori ez ziola ilusio handirik egiten erbestetuak itzultzeak; etxeak eta soroak eman beharko zizkieten, eta horrek, zituzten ondasun apurrak partekatzea esan nahiko zuen. Beste batzuek, ekonomiaz hobeto hornituek, itzulera horretan nazio-suspertze baten abiada ikusten zuten.

Horrek guztiak Baruken testu honen gaurkotasun handia agertzen digu. Lehen begiratuan, Baruken Jerusalem horretan Siria, Irak, Afrikako beste hainbat lurralde ikus ditzakegu gaur egun: beren seme-alabak galtzen ari dira, segurtasun edo lan bila erbestera jo beharrean gertatu dira. Guk geuk bat egin dezakegu Jerusalem horrekin, eta ehunka mila pertsona ikus dezakegu, ez gure gizartearen eta gure ekonomiaren mehatxu gisa, baizik eta anai-arreba gisa, beren zoritxarrean harrera eta laguntza eskaintzen ahal diegun jende bezala.

Pozerako bigarren arrazoia: elkartearen ontasuna (2. irakurgaia: Filipoarrei 1,4-6.8-11)

Paulok zaletasun berezia sentitzen zuen Filiposko elkartearekiko; Mazedonian sortu zuen lehenengo elkartea zen. Hari bakarrik onartzen zion laguntza ekonomikorik. Horregatik, bere otoitzean, pozik dakar gogora filipoarrek ebanjelioa zabaltzen eman zioten laguntza. Eta ordainetan, haien alde egiten du otoitz, egunetik egunera batak bestea gehiago maita dezaten eta sakondu dezaten beren kristau-esperientzia. Pauloren jarrera hau gonbita dugu inguruan dugun jendearekiko: beronen ontasuna gogoan hartzeko gonbita (sarritan kritikatu bakarrik egiten baitugu), beronen alde otoitz egitekoa eta beroni maitasuna agertzekoa.

Pozerako hirugarren arrazoia (ebanjelioa: Lukas 3,1-6)

Beste ebanjelariek ez bezala, Lukasek, kronologiari dagokionez, zehatz kokatu du Joan Bataiatzailearen jarduera. Lukas ez da ari harrokeriaz, bere burua historialari on agertzeko, baizik eta Itun Zaharreko liburu profetikoek antzeko zerbait egiten dutelako Isaias, Jeremias, Ezekielekin etab. Sarrera kronologiko handios horren ondoren, eta «etorri zen Jainkoaren hitza Joanengana» formula kontuan harturik, irakurleak garbi izan behar du Joan hau profeta handi bat dela, aurreko horien ildokoa. Itun Berriak ez du etenik eragin Itun Zaharrarekiko, honen jarraipen da hura. Joanengan gauzatu da Isaiasek antzina hartan iragarria.

Joanek, antzinako profetek bezala, konbertsiorako deia egin du; bi alde dituena: 1) garrantzizkoena Jainkoagana itzultzea dugu, aitortuz zapuztu egin dugula, parabolako seme hondatzaileak bezala; 2) aurreko horrekin estu loturik, biziera-aldaketa dago, Isaiasen testuak naturan ematen den aldaketaren metaforaz adierazia.

Baina, iraganeko profeta handien kasuan ez bezala, Joan ez da mugatu hitz egitera, konbertsioa exijituz. Bataio bat eratu du, bekatuen barkazioa adierazten duena. Horrela, Ezekiel profetak Jainkoaren izenean azaldutako promes hau bete da: «Garbituko zaituzten ur garbia isuri dizuet gainera».

Konbertsio biak

Ematen ahal zitzaion pertsona bati, penitentziatzat, agindu bat pozik egoteko? Kontraesana ematen du. Halaz guztiz, igande honetako eta Abendualdi guztiko irakurgaiek geure burua aztertzera eragiten digute geure pozari eta tristurari dagokienez, ea bietan zein den nagusi geure bizitzan: poza ala tristura. Gerta daiteke, maila gaixotietara iritsi gabe, geure bizitzan nagusi gora eta beherako jarrerak izatea, gailurrak eta ibarrak, poz biziak eta depresioak, gogora ekartzen ez dugulako, badela arrazoirik aski Jainkoaren salbazioa bare-bare bizi ahal izateko.

Aldi berean, lagun hurkoagana itzultzera gonbidatzen gaituzte irakurgaiek, onartuz, maitatuz eta beragatik otoitz eginez.

José Luis Sicre