JESUSEKIN ZERBAIT BERRIA HASI DA (Markos 1,1-8)
Abendualdiko 2. igandea B (2017-12-10)

Urte liturgiko berri honen joan-etorrian, Markosen ebanjelioa irakurriko dugu kristauek. Titulu honekin hasten da liburu hori: «Jesu Kristo Jainkoaren Semearen Berri Onaren hasiera». Hitz hauek iradokitzen digute jada, kontakizun horretan aurkituko dugun zerbait.

Jesusekin zerbait berri «hasi da». Horixe da Markosek argi jarri nahi duen lehenengo gauza. Aurreko guztia iraganeko gauza da. Zerbait berriren eta nahastezinen hasiera da Jesus. Kontakizunean, «aldia bete dela» esango digu Jesusek. Jainkoaren Berri Ona iritsi da berarekin.

Horixe ari dira bizitzen lehen kristauak. Jesusekin biziro topo egin eta beraren misterioan hein batean murgiltzen denak badaki bizi berria hasi duela, ordu arte sekula esperimentatu ez zuen zerbait.
«Berri Ona» da Jesusengan aurkitzen duena. Zerbait berri eta on. Markosek darabilen «Ebanjelio» hitza oso sarri erabiltzen zuten Jesusen lehen jarraitzaileek, eta berarekin topo egitean sentitzen zutena adierazten du. Liberazio-sentipena, poza, segurtasuna eta beldurra galtzea. «Jainkoaren salbazioarekin» egiten dute topo Jesusen baitan.

Jesusengan gizakiaren adiskideen Jainkoa, herri guztien Aita, azkenak direnen defendatzailea, galduak direnen esperantza aurkitzen duenak ondo daki ez duela albiste hoberik aurkituko. Mundua gizatarrago, duinago eta zoriontsuago egiteko Jesusen lan-egitasmoa ezagutzen duenak badaki ez duela izango zeregin handiagorik.

Jesus bera da, Markosek idatzi duen kontakizunaren protagonista, Berri On hori. Horregatik, bere lehenengo asmoa Markosek ez du Jesusez ikasbide bat ematea, ezta hartaz informazio biografikoa ematea ere, baizik eta gu liluratzea, Jesusen baitan bakarrik aurkitu ahal izango dugun Berri Onari geure bihotza ireki diezaiogun.

Bi titulu ematen dizkio Markosek Jesusi: bat bereziki judua, bestea unibertsala. Halere, badu irakurlearentzat ezustekorik. Juduek beren herriaren askatzailetzat espero zuten «Mesias» da Jesus. Baina erromatarrak suntsitzeko espero zuten lider gerlaria ez bezalako Mesias da, guztiz. Bere kontakizunean, Jainkoak bidalitakotzat ematen du Jesus Markosek, gizadiaren bizia gizatartzeko eta haren historia behin betiko salbaziora bideratzeko. Horra lehenengo ezustekoa.

«Jainkoaren Semea» da Jesus, baina ez batzuek imajinatu izan zuten botereaz eta aintzaz hornituriko hura. Jainkoaren Semea guztiz gizatarra da, hartaraino non Jainkoa bakarrik izan baitaiteke horrelakoa. Guztientzat izan duen zerbitzu-bizitza bukatzean bakarrik, gurutzean josi dutenean alegia, aitortu ahal izango du erromatar ehuntariak: «Zinez, Jainkoaren Semea zen gizon hau». Horra bigarren ezustekoa.

Jose Antonio Pagola