ABENDUALDIKO 2. IGANDEA A 2016-12-04

SARRERA

Anai-arrebok!
Lehenengo irakurgaian mezu handi bat entzungo dugu; Isaias profetaren mezua: egoera utopiko bat dakarkigu: dena zorion, dena egia, dena zuzentasuna. Besteak beste profeta handi bat etorriko dela adierazten digu. Hona zer dioen profeta horretaz: «Haren gainean kokatuko da Espiritu Santua». Bere dohain guztiak emango dizkio.
Joan Bataiatzailearen eta Jesusen gainera bezalaxe, gutako bakoitzaren gainera ere, bihotzera ere, etorri da Espiritu Santua dohain guztiekin. Espirituaren presentzia horixe da gutako bakoitzak duen sakon-sakoneko errealitatea. Horretatik jarioko dira gainerako guztiak. Jakinduria eta adimena da Espiritua; kontseilaria eta adore-emailea da; Jainkoa ezagutarazten eta haren esaneko izaten irakasten duena; Jainkoari begirune izaten irakasten duena. Jainkoak gizakiaz dituen maitasuna eta asmoa agertzen dizkiguna.
Senideok, utopia aipatu dut hasieran. Utopiak, definizioz, existitzen ez den zerbait adierazten du. Baina existitzen ez bada ere, existi daitekeen zerbait da. Abendualdia esperantza bizitzeko aldia da, ez da esperoan egoteko aldia. Oraino ez den, baina izan daitekeen hori gauzatzen saiatzea esan nahi du esperantzak. Ireki diezaiogun Espiritu horri geure bihotza, bere arnasaz, bere adoreaz, bere ekimenaz bete gaitzan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (11,1-10)

Garaiko israeldarren ustean, ematen zuen, David errege handiaren familiako enbor handi hura lehortu egin zela, ihartu; biziaren izerdi guztia galdu egin zuela ematen zuen.
Baina Jainkoa ez zen ahaztu, sekula ere ez, gizadiaz. Eta kimu berri bat sortarazi nahi zuen. Berri hori dakarkigu Isaias profetak: kimu berria sortuko du Jainkoak, biziaren eta salbazioaren kimu berria.
Kimu hori errege zuzena izango da: gizakien artean zuzenbidea ereingo du.
Aldi berri bat hasiko da kimu berri horrekin, kreazio berria hasiko da. Gizakiak galdua-edo zuen Jainkoa ezagutzeko eta maitatzeko ahalmena. Eta berriro ezagutzeko ahalmena emango dio gizakiari kimu berri horren bidez.
Jainkoak nahi izan dezala gutako bakoitzak bihotza irekia izatea, kimu berri horri harrera ona egiteko.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (15,4-9)

Paulok guztiok bat egiteko eskatzen digu. Kristo imitatzetik etorri behar du bateratze horrek. Kristok denak besarkatu zituen bere salbazio-egintzan; inor bazter utzi gabe. Hain zuzen:
−Juduei bere salbazioa eskaini zien; horrela gauzatu zituen Aitak aspalditik eginak zizkien promesak
−Jentilei ere eskaini zien bere salbazioa; Jainkoak gizon-emakume guztiak salbatu nahi dituela agertzeko.
Senideok, jentilen artekoak gara gu guztiok. Onar dezagun Jainkoak luzatuko digun maitasunezko eskua.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (3,1-12)

Joan Bataiatzaileak Jainkoaren erregetza hurbil dela hots egin du. Jantzi berezia du. Bizilekua oso berezia; ez da bizi Jerusalemen, baizik basamortuan. Hizketa bereziagoa; tenplukoa ez bezalakoa. Horrekin guztiarekin hau agertu nahi du: garai hartan nagusi zen sistema erlijiosoa ez zela jatorra, ez zela Jainkoaren araberakoa, Jerusalemen agertzen eta bizi zuten biziera ez zela Jainkoaren araberakoa, ez zela gizakiari dagokiona bezalakoa.
Bihotz-berritzeko eskatzen du: bizitzan norabidez aldatzeko. Bakoitzak bere onari dagokion egiazko bidea hartzeko. Joanentzat ez da aski hitz hutsa, ez da aski bai esatea, ez da aski bataioa hartzea. Bihotz-berritzeak egintzat behar ditu: zuzenbidea gauzatzen saiatzea eskatzen du.
Batez ere, fariseuei eta saduzearrei eraso zien Joanek; haiek ere bataiatzera joan baitzitzaizkion. Hitz gogorrak esan zizkien. Baina haiei ere konbertitzeko eskatu zien.
Kristauak ezin du utzi bazterrera inor. Eta Espiritu Santuaz eta suaz bataiatuko gaituen beraren ondorengo bat aipatzen du Joanek. Jesusez ari da.
Har dezagula bihotz handiz Joanek aipatzen digun profeta handi hori..

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Gaurko gure Eliza osoaren alde: azterketa sakona egin dezan: Jesusen bideari segitzen dion ala ez; zertan bai eta zertan ez. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Elizan eta mundu osoan, Joan Bataiatzailearen antzeko profeta biziak sor daitezen: bateragarri izango diren bizitzeko modua eta predikua agertuko dituztenak. Eska diezaiogun Jaunari.

3.- Jesusen hitza azalduko eta hots egingo dien inor ez dutenen alde: besterik ezean, beren bihotzean bilatzen eta entzuten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Jesusen Eguberritako etorrera berezirako prestatzen ari garen guztion alde: arbolatxoez, jaiotzaz eta abarrez baino gehiago, geure bihotza berritzeaz ardura gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.