Iparraldeko anai-arrebek testigantza ederra kristau-ikasbideaz eta naturaz. DIONISIO

Katixima haurren elgarretaratzea Angelun : naturaren aberastasuna.

2019. otsailaren 18an, Angeluko seroren etxean elgarretaratu dira Euskal Herrian barna katixima euskaraz egiten duten haur batzu : haurrak berak 70 ziren goiti beheiti, eta beren burraso, aitatxi amatxi, katixima egile eta apezekin 100 bat.

Aurten hautatua ginuen gaia : « Naturaren aberastasuna ». Bi arrazoinen gatik : lehenik mundua ohartzen ari baita gizona biziko dela natura bizitzerat uzten balin badugu, eta ez orai artino bezala, bazterrak inarrosiz eta lehertuz. Eta ere, 19 garren mendean serora etxe horren eraikitzaileak, Edouard Cestac apezak, Baionako karriketan galtzen ari ziren neska gazteen salbatzeko, deliberatu baitzuen lurraren lanetik eta elgarren artean etxe batean bilduz, hoien berriz xutik ezartzea.

Aro zinez ederra ginuen ; haurrek kantuz, josteta eta otoitzean, zinez ongi baliatu dute egun hori.

Goizean, hiru lekuko entzun dituzte, naturarekin zerbait ikusteko duen ofizioan ari direnak. Huna hor entzun dituzten hiru gauza xinple : « Lehen ikasia ginuen natura behar ginuela hezi, gizonarentzat baliagarri izan zadin ; orai ohartzen gira natura biziki ongi antolatzen dela bakarrik utziz, bata bestearen ganik hartzen baitu behar duena » (Gabriel) ; « Gure laborantxa eskoletan ikasia ginuen belar tzar eta laparrak behar ginituela pozoinekin errautsi ; orai ohartzen ari gira molde garbiago batzuekin lan bera egin ditakela, gizonaren osagarria begiratuz » (Pantxo) ; « Baratzegintzan abiatu naiz, gure etxaldea ez zelarik batere hortan ari ; Ezpeletako biperra lehenik, eta orai baratzekari mota asko, hirurogoi erosle heldu zaizkit astezkenetan nere mozkinen erosterat. Heien atseginak kuraia emaiten daut, eta beti ideia berrien bila nabil. Senar emazteak hortarik bizi gira, ainitz oren, bainan lanaren eta lurraren balioa badakigu » (Maritxu)

Eguna otoitzean eta kantuz bururatu dugu. Bukatzean galdegin dugu zoin herritan egin beharko ginuen heldu den urteko elgarretaratzea : denek beren herrian ikusten zuten ! Beraz heldu den urte artio !

Jean-Michel Barnetche apeza.