Ekainaren 24an

. JONDONI JOANI BATIXTAREN SORTZEA

Lehen irakurgaia

( Jainkoak maite duen profeta )

Izai profetaren liburutik 49, 1-6

1 Ugarteak, adi nezazue, urrungo herriek, entzun!
Sortu aitzin deitu ninduen Jaunak,
amaren sabelean nindagola, nere izena erran zuen.
2 Nere ahoa ezpata zorrotz egin zuen,
bere eskuaren itzalpean gerizatu ninduen;
bere hautuzko gezi egin ninduen, eta bere gezi-untzian gorde.
3 Erran zautan:
“ Zu nere zerbitzaria zira, Izrael,
Zure bidez agertuko dut nere ospea.”
4 Eta nik, nere baitan nion:
“ Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta alferrik erre ditut nere indarrak.”
Bainan Jaunaren baitan zagon nere eskubidea,
Jainkoaren eskuetan nere lansaria.
5 Orai hunela mintzo da Jauna,
amaren sabelean moldatu ninduena, haren zerbitzari izaiteko,
Jakob harenganat izularazteko eta Izrael biltzeko.
Ohorez jauntzi nau Jaunak, eta nere indarra Jainkoa da.
6 Hunela mintzo da:
“ Ez da aski zu nere zerbitzari izaitea
Jakoben leinuak berriz xutik ezartzeko,
eta Izraelen bizirik geldituak itzularazteko.
Jendaldeen argi ezarriko zaitut,
nere salbamendua lurraren azken mugetaraino hel dadin.”

Izairen liburua, orrialde batzuetan, misteriozko Jainkoaren zerbitzari batez mintzo da,
deusek bere helburutik bazterraraziko ez duen zerbitzari batez. Hau, etorri beharra zen
Mesiasen itxura bezala ikusia izan da. Bainan zerbitzari horrek, parte, gogora dakar ere, bertze
presuna baten itxura, bere bizi eta bere erakaspenaz ” etorri beharra ” zen hura ezagutaraztera
preparatua zena. Hori Jondoni Joanes Batista da. “…Sortu aintzinetik Jaunak gogoan izan
ninduen, amaren sabelean nintzela nere izenaz deitu …” Jeremi batek, adibidez, gazterik
senditu du, bere bokazionea zer zen garbiki ikusi aintzin, Jainkoak hari pentzatzen zuela .
Bainan, sortu aintzin, profeta ekarria den harek ere, berez deusik ez diro : “Ez naiz
Mesias » ( Jn 3, 28 ) zion Joanesek. Jaunaren eskuetan tresna bat da. Behar delarik erabiliko
dena. Profetaren indarra Jainkoaren hitzetik dator : ” Bizia baita Jainkoaren hitza, bizia eta
eragin haundikoa, bi ahotako espata baino zorrotzagoa…” (Heb 4,12). 0ndorioz Joanesen
ahoa ezpata zorrotz bilakatzen da .
Jainkoak hautatu zerbizariaren egitekoa egiteko zaila da, nekagarria, etsigarria ere bai :
” debaldetan naiz higatu…” Bizkitartean, bere bihotz barnean, sendi du Jainkoaren begietan
norbait balios dela eta ” amaren sabeletik moldatua ” izana dela, haren baitan Jainkoa ospatua
izan dadien …” Hortakotz ez da etsipenean erortzen “, badaki noren baitan duen bere fedea
finkatua ” (2 Tm 1,12) ” Ahul naizelarik, orduan naiz azkar. ” (2 Kor 12 ,10) Izairen
liburuaren arabera, apalenean delarik, orduan dio Jainkoak bere konfiantza berritzen eta,
gainerat ere, bere misioa zabaltzen…” Herrialdeen argi ezarriko zaitut ,nere salbamendua
lurraren azken bazterretaraino hel dadien …”
Edozein profetaren bizia laburra da eta hunek dioena ez da urrun zabaltzen. Nahiz
itxuraz eragin ttipia duen zerbitzariaren hitzak, Jainkoak hautatu tresna bat delakotz,
profetaren mezua lurraren azken mugeraraino hedatzen da.

Salmoa 138

Leloa: Eskerrak zuri, nere Jauna,
zoin miragarri zuk egina !

Zuk barnez barne dakizu, Jauna, nere berri,
Bai ni noiz jeiki, ni noiz jarri.
Urrundik duzu ikusten zer den, zer gogoan,
Nik pentsatua norat zoan.
Zuk nauzu egin, eta zuk neri bihotz eman,
Nere amaren sabelean.
Eskerrak zuri, miragarriki naiz egina,
Miragarria zure lana.
Ongi zinautan arima jada ezagutzen,
Nere hezurrak nun zer ziren.
Denen ixilik egina izan naizenean
Eta ontua lur barnean.

Salmo hau berez frango luzea da. Hemen jasta baizik ez zaiku emaiten. Damurik,
zeren salmotegiko poema ederrenetarik baita, xoragarria. Poetaren mirespena da Jainkoak
eginaren aitzinean : « Miragarria zure lana. » Hiru hitz horiek laburbiltzen dute dena.
“Miragarria egin nauzu, Jauna, amaren sabeladanik.”
Hala ere urrunago doa salmoa. Izrael herriari aplikatu behar zaio mirespen hori.
Jainkoak zer ez dio egin Izrael bere herriari ? Zer gauza miragarriak ez ditu egin haren bidez ?
Ez haatik beretzat atxik zitzan berekoiki, bainan gizadi guzirat zabal zitzan. Aitak, Izraelen
bidez Jesus emanik, dena eman dauku. Denak Jainkoaren seme-alabak gira. Bai, “Eskerrak
zuri, Jauna, zoin miragarri zuk egina !”

Bigarren irakurgaia

( Joanesek Jesusi bidea prestatu zion )

Apostoluen Egintzetarik 13, 22-26

Pizidia-Antiokiako zinagogan, Paulok Judueri erran zioten:
22 “ Jainkoak Dabid ezarri zuen errege,
eta huntaz aitormen hau egin zuen:
“Dabid, Jezeren semea aurkitu dut, nere gogoko gizona;
nik nahi guzia eginen du.”
23 Hitzeman bezala, Dabiden hazitik
sortu dio Jainkoak Izraeli salbatzaile bat, Jesus.
24 Hau etorri aitzin, bihozberritzeko bataioa
predikatu zion Joanesek Izrael herri osoari.
25 Bere ibilaldia bururatzean, hau zion Joanesek:
“ Ni ez naiz zuek uste duzuena.
Bainan huna heldu dela nere ondotik beste bat,
eta ni ez naiz on haren oinetakoen laxatzeko ere.”
26 Haurrideak, Abrahamen odoleko zireztenak,
eta zuek, gure Jainkoa adoratzen duzuenak,
gu guzieri igorria zaiku salbamen-mezu hau.”

Dabidi hitzemana eta Joanesen lekukotasuna. Salbamenduaren historioa nolakoa izan
den kondatzen dute apostoluek, hemen Paulok. Pizidiako Antiokian den zinagogan mintzo da
Paulo. Dabidi hitzemana izan zitzaionetik hasiz, igurikatua zen Salbatzailea Jesus dela
erraiten diote judueri .
Jezeren seme den Dabid, Jainkoak errege egin du. Hunen nahikunde guziak beteko
dituen gizona da hau. Ez ahatik itzalik gabekoa; bainan Jainkoak barkatuko dio bere bekatuaz
urrikitan sartu eta ,egin dituen obra on guzien gatik, bere populuaren batasuna egin du eta
ondoriotasun azkenik gabea hitzemana izan zaio. Dabid Mesias beraren itxura bilakatu da.
Paulok dio Dabiden hazitik sortu diola Jainkoak salbatzaile bat Izraeli, Jesus . Paulok aipatzen
diote ere Joanesen lekukotasuna : ” Ni ez naiz zuek uste duzuena, bainan huna heldu dela nere
ondotik beste bat .”

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zu, haur saindua, Jaungoikoaren mezulari,
Bide apaintzen joanen zitzaio Jainkoari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 57-66. 80

57 Elixabeti bete zitzaion haur ukaiteko denbora,
eta seme bat sortu zuen.
58 Auzoek eta ahaideek jakin zuten zein urrikalkorra
izan zen Jauna haren alderat, eta bozkariatu ziren harekin.
59 Zortzigarren egunean, haurraren ebakitzeko etorri ziren,
eta aitaren izena eman nahi zioten, Zakarias.
60 Bainan amak erran zuen: “ Ez , Joanes izanen du izena.”
61 Erran zioten: “ Ez da nehor zure jendakian izen hortakorik.”
62 Orduan, aitari keinuka galdatu zioten zer izen eman nahi zion.
63 Harek oholtxo bat eskatu eta izkiriatu zuen: “Joanes du izena.”
Eta denak harritu ziren.
64 Bat-batean ahoa ideki zitzaion, eta mihia libratu:
mintzo zen, Jainkoa goresten zuela.
65 Beldurrak hartu zituen auzo guziak,
eta Judeako mendialde guzian jendea gertakari hortaz mintzo zen.
66 Jakin zuten guziek bihotzean zaukaten, ziotela:
“ Zer izanen ote da haur hori?”
Alabainan, Jaunaren eskua berekin zuen.
80 Haurra handituz zoan, eta azkartuz haren izpiritua.
Basamortuan bizi izan zen,
Izrael herriaren aitzinean agertu zen eguna arte.

San Lukek Jesusen eta Joanesen sortzea eta haur denbora, biak elgarri lotuz kondatzen ditu .
Elixabetek, bere xaharrean, haur bat ukaiten du eta denak sortze hortaz bozkariatzen
dira. Biblian, haur ukaitea Jainkoaren benedizione bat bezala ikusia da eta hemen, kasu
huntan, mirakulu bat bezala, Elixabet, adinean han harat joana baita . ” Zortzigarren egunean
haurraren ebakitzeko etorri ziren ” eta dela Elixabet amak, dela Zakarias aitak, biek haurraren
izena ” Joanes ” izanen dela diote. Hori aingeruak errana baitzion Zakariasi : ” Joanes emanen
diozu izena .” (Lk 1,13)
“Bat-batean ,(Zakariasi ) ahoa ideki zitzaion eta mihia libratu, mintzo zen Jainkoa
goresten zuela ” Jainkoak bere fede eskasa barkatzen dio eta berriz elea emaiten. Lehena
izanen da Jainkoak igorri salbamenduaren berri onaz bozkariatuko den presuna. ” Beldurrak
hartu zituen auzo guziak …” Horra beraz beldurra, Jainkoaren aintzinean senditzen den
errespetuzko beldurra, Jesus piztuaren mirakuluek apostoluen baitan sortuko duten
harridurazko beldur hura : ” Zer izanen ote da haur hori ? Sortu aintzin, Jainkoarn graziaz, ”
Jainkoaren eskua berekin zuen …Basamortuan bizi izan zen …” Basamortua edo desertua ez
da bakarrik leku bat : Han ditu Jainkoak hautatu dituenak frogatzen, moldatzen, beren
misioari buruz prestatzen. Moisek, basamortuan zagola, erretzen ez zen sasia sugarretan ikusi
zuen (Jal 3 ,1-2) . Jesus, predikatzen hasi aintzin, 40 egunez desertuan egon zen (Lk 4, 1-2) .
Jondoni Joanes Batista, jendeari agertuko delarik eta bataiatzen hasiko, desertuan iragan bizi
gogor haren itxura eskainiko du .