Benito Amundarain Aitagana 2018-02-01
HOMILIA

Atzo, albistea emanez, adiskide eta lagun askori idatzi nienarekin hasiko naiz.

«Gure anaia Benito (Markos) Aitagana joan zaigu. Luze egin du gaixo. Aukera eman dio horrek, bere bizitza luze, tirabiratsu, malkortsu, murko-aldapa gorabeheratsuan, zein gidalerro nagusi izan duen familiartekoei eta adiskide batzuei agerian ipintzeko. Gaixoaldi honetan, batetik, elkarrekin otoitz labur bat eginik, berak bakarrik jardungo zuen beste otoitz laburren batekin jarraitzeko (ezin atera izan dut zein zen otoitz hori, baina “Espiritu Santua”ri dei egiten erreparatu izan diot; agur-mezarako ere abesti batzuk proposatu ditu; tartean, bat Espiritu Santuari deia. Bestetik, “Meza ez da aski”, esan digu, “kalean hitz egin behar da, hitz egin, hitz egin, batez ere inor ez dutenekin”. Behin baino gehiagotan aipatu digu “inor ez duten hauek” delakoa. “Ni pribilegiatu bat naiz: familia osoa inguruan; lagun asko… mimaturik… Beste askok inor ez”.
Samina asko leundu digu agertu duen jarrerak. Gura baduzu, luza ezazu espirituzko laino-adar birtual bat gure laudorio, eskerron eta eskari otoitzarekin bat egiteko; besteak beste, bihar, osteguna, otsailaren batean, arratseko 6etan egingo diogun “gero arteko” elizkizunean.
Ondo segi. DIONISIO.

Batetik, otoitz-gizon azaldu zaigu Benito. Otoitz egiteko, liburu-beharrik ez duela. Horren adierazgarri da beste hau ere: bera joatean egingo den agur-mezarako ere, abesti batzuk proposatu ditu. Mezaren hasierarako, Espiritu Santuari egindako deia; esan nahiz, goi-argiaren beharra dugula geure bizitza gizatar eta gizakoi egiteko. Salmotzat, Jaunaren errukia abesteko proposatu du; esan nahiz, geurez oso pertsona duin eta ohorezko izanik ere, maiuskulaz idazten dugun BESTE HORREN errukia behar dugula, eta, beharra izateaz gain, esku-eskura dugula, harrera egin nahi badiogu. Mezaren bukaerarako latinezko In paradisum kantua proposatu digu; esan nahiz, gizaki bat ezin izan dela pertsona bera bakarrik; bera bakarrik ez dela nor, baizik eta Eliza osoaren, gizon-emakume guztien lagunartea eta laguntza behar dituela eta nahi izan behar dituela. Hona labur-labur latinezko kantu horrek dioena: «Paradisura eraman zaitzatela Aingeruek; zu etortzean har zaitzatela Martiriek, eta eraman zaitzatela Jerusalem hiri santura. Aingeruen batzak har zaitzala, eta Lazarorekin, behinola pobrearekin, goza dezazula betiko atsedena».

Bestetik, bere familia eta Euskal Herria izan ditu amets. Horrek ez dio eragotzi aitorpen bihotzetiko hau egitea: Jainkoa maite dut bihotz-bihotzez, eta maite dut mundu osoa ere, Jainkoarena delako. Zehaztu nahi izan du: ez diot inori gorrotorik. Familia, Euskal Herria eta Mundua maite izate hori ez du bizi izan arantzarik gabeko arrosa artean. Baina esperantzari eusteko laguntza onartzen jakin du.

***

Hemendik 100 urtera munduak aurrera egingo du. Mundualdi honetako nire ametsak, nire irrikak, nire kezkak… inork ez ditu ezagutuko. Mundualdi honetan bizi izan dudan nire barrua inork ez du ezagutuko. Neure urruneko geroaz gogoeta egiteak lasaitasuna ematen dit. Jabetzen naiz mundu honetan ez naizela ezinbestekoa, ezta askotan uste izan nezakeen bezain inportantea ere. Ziurtasun horrek liberatu egiten nau neure antsia itsuaren estutasunetik. Neure neurera itzultzen naiz. Neure barne-barnera, neure hondoaren hondora. Ikusten dut, neure geroa liturgia zoragarri bat izango dela. Ospakizun bete-beteko bat. Gozamena eta zoriontasuna, gaur suma ezinak. Neure gogoeta horretan, ni neu bere baitan hartuz, letra handiz ezagutzen dugun BESTE HORI ikusten dut: ni neu berarekin bat bihurtuz. Gogoeta horrek neure barne oxigeno guztia berriztatze dit.Neure arnasa betikotzen dit. Espero ganoragabean egoteko dudan joera, letra handiz idatzitako ESPERANTZA bihurtzen dit. Bere gaixoaldian, behin batean, Benitok esan zidan: «itxaropena ez, esperantza bizi diat». Begi aurrean betiko maitasuna jartzen didan esperantza da. Munduko aseguru batek ematen ez didan betiko segurua da.

Jadanik geroaren ametsik ez baduzu, utopiarik ez baduzu, esperantza ostu eta harrapatu dizutelako da. Barnean bizi dudan irrika ezin gelditu da bete gabe. Letra handiz idazten dugun BESTE HORI ezin bizi da jada ni gabe: beretzat egin nau, beretzat kreatu nau, bere-bere egin nau, bere izatearen zati egin nau. Kalean eta munduan inork gabe ikusten dudan jendearen irrika eta esperantza ezin gelditu dira bete gabe. Hori guztia baino askoz hobea eta errukitsuagoa da letra handiz idazten dugun BESTE HORI. «Ahaztu ote dezake amak bere haurtxoa edo bere sabeleko umeari errukia ukatu? Ba, amak haurra ahaztuko balu ere, nik ez zaitut ahaztuko» (Isaias 49,15)
DIONISIO AMUNDARAIN

● Zeruratu 2018-01-30ean, 22:30ean
● Elizkizuneko irakurgaiak:
Lehen irakurgaia: Isaias profetaren liburutik (1 Joan 3,1-2) (Illetak liburua 129. or., 266 zenbakia)

Ebanjelioa: San Joanen ebanjeliotik (14,1-6) (Illetak liburua 141. or., 299 zenbakia)
● Benitok eskatutako abestiak:
Hasierakoa: Zatoz, Espiritua / zatoz gu laguntzera…
Salmokoa: Errukitsu Aita bezala,,,
Azkena: In paradisum (Graduale Romanum 697)
● Dionisiok gehituak:
Aleluia Zatoz Espiritu Santua (Gora Jainkoa 7,97)
Santu: Hosanna, hosanna (Bened.: Meza Abestiak 127)
Gure Aita
Jaunartzean: Jauna gure Jainkoa, bedeinkatua zu!