KREDOAREN FUNTSA
HIRUTASUN SANTUA 2015-05-31
 
Mendetan barna, ikerketa sakonak egin dituzte kristau-teologoek Hirutasun Santuaz. Halaz guztiz, gaur egungo hainbat kristauk ezin ikusi du zer duten ikustekorik irakaspen horiek beren bizitzarekin.
Ematen du, gaur egun Jainkoaz hitz egitean, hitz apalez eta xumez behar dugula hitz egin, gure bihotz pobre, nahasi eta erdi-etsipenezko hau ukituko duten hitzez, gure fede koloka hau indartuko dutenez. Agian, geure kredoaren funtsa berreskuratu beharra dugu, hura poz berriaz bizitzen ikasteko.
«Sinesten dut Jainko Aitagan, zeru-lurrak kreatu dituen harengan». Geure arazo eta gatazka artean ez gara bizi geu bakarrik. Ez gara bizi bertan behera utzirik: gure «Aitta» da Jainkoa. Halaxe dei egiten zion Jesusek, eta halaxe dei egiten diogu geuk ere. Gure biziaren jatorria eta helmuga da Jainkoa. Guztiok kreatu gaitu, maitasun hutsez kreatu ere, eta guztion zain dugu, Aitta baten bihotzez, mundu honetako geure erromesaldiaren bukaeran.
Jende askok du ahantzia eta ukatua haren izena. Gure seme-alabak ere urrunduz doaz harengandik, eta fededunok ez gara gauza geure fedea kutsakor egiteko; halere, Jainkoak guztioi begira jarraitzen du, maitasunez. Duda-muda askok inguraturik bizi gara; halere, ez dezagun gal geure Jainko Kreatzaile eta Aittarekiko fedea; geure azken esperantza galtzea izango genuke hori.
«Sinesten dut Jesu Kristogan, haren Seme bakarra eta gure Jauna den horrengan». Jainkoak munduari egin dion erregalua da. Aitta hori nolakoa eta zer den adierazi digu Jesu Kristok. Guretzat, Jesus ez da izango sekula beste gizaki bat gehiago. Horri begiratuz, Aitta ikusiko dugu: Jesusen keinuetan Aittaren samurtasunaz eta ulergarritasunaz jabetuko gara. Jesusengan, gizon eginik, hurbileko, adiskide nabari dugu Jainkoa.
Jesus horrek, Jainkoaren Seme kuttun horrek, bizitza haurridetsuago egitera eragin digu, guztientzat zoriontsuago egitera. Horixe da Aittaren nahirik handiena. Gainera, zein bide egin agertu digu: «Izan errukitsu zuen Aitta errukitsu den bezala». Jesusez ahazten bagara, zeinek bete haren hutsunea? Zeinek eskain diezaguke haren argia eta haren esperantza?
«Sinesten dut Espiritu Santuagan, Jauna eta bizi-emailea den horrengan». Jainkoaren misterio hau ez da urruneko gauza. Gutako bakoitzaren barru-barruan presente da. Suma dezakegu, bai gure bizitza arnasten duen Espiritu bezala, bai sufritzen ari direnengana bultza egiten digun Maitasun bezala. Geure baitan dugun gauzarik hoberena dugu Espiritu hau.

Jose Antonio Pagola