URTEKO BOSGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Oinazetan den gizonaren deiadarra )

Joben liburutik 7, 1-4 . 6-7

Job hunela mintzatu zen:
1 “ Zinez, borroka da gizakiaren bizia lurrean,
langilearenak bezalakoak haren egunak.
2 Esklaboa itzal-gose den bezala,
eta langilea lan-sariaren beha bezala,
3 irabazirik gabeko hilabeteak iragan ditut,
eta sofrikariozko gauak ukan .
4 Oheratu orduko, erraiten diot nere buruari:
“ Noiz jeikiko ote naiz?”
Gauak ez du burutzerik, amesgaixtoz betea, goizeraino.
6 Ehuleen tuta baino arinago doaz nere egunak,
eta bururatzen dira haria eskasten denean.
7 Orroit zaite, Jauna, nere bizia hats bat dela,
nere begiek ez dutela berriz zoriona ikusiko.”

Mendeak jin mendeak joan, oihu bat : bere gorputzean, bere ariman urratua den gizakiarena;
erantzunik gabe eta zorigaitzpean dagon gizadiaren oihua. Joben liburua, oihu hori da. Ez du ixtorio bat
kondatzen, zuhurtziazko liburua da. Job, asmatu gizon bat da, bainan egiazki holako jendeak miliunka
badira. Job, oinazetan den jendea da, beraz, goiz edo berant, gutarik bakotxa. Dela ospitaletan, beldur edo
bakardadean; dela miseria gorrian edo gerlaren bortizkerian, oinazetan denak hitz berak erran lezazke eta
oihu min hauek berak egin.
Job, edozoin da beraz. Ahatik nehork ez du hoinbertze zorion eta hoinbertze zorigaitz ukan. Ipuina
iduri hasten da : Bazen Jordanian Job izeneko gizon bat. Dena ontasun eta zorion, laminek haren seaska
inguratu bazuten bezala. Fededun baitzen bazakien Jainkoak eta Jainkoak bakarrik ziola dena eman : haren
emaztea eta haurrak, eder, airos, argi eta elgarrekin ongi etorriak. Bera jendetasunez betea, oso errespetatua
eta aholkulari ezin hobea. Haren aberastasun harrigarria Ekialde guzian denek ezagutua. Eta oroz gainetik,
osasun ona.
Bainan egun batez, dena funditzen da. Joben fedeak zorigaitzari ez ziola gogor eginen erran zen:
gizon zuzena Job, segur, bainan merezimendu gabekoa, bere bizi osoa hain errexa izanik; orai ikusi behar,
arantzekin zer eginen duen. Zorigaitzak etorri dira, bat bertzea baino haundiagoak; makur guziek lehertu
dute. Azkenean deusik gabe gelditu zen : ez familiarik, ez etxerik, ez haurrik, ez ontasunik, ez osasunik, ez
indarrik; gorputz guzia zauri, denetaz haizatua. Gauza bat bazuen: emaztearen trufak, jenden laidoak,
haurren erasoak.
Erran bezala gertatu da. Ikusiko zer ikusiko, erran zen, eta ikusi da… bainan ez batere pentsatu zena.
Job itxaropenez beteko gizona da eta haren itxaropena : atxik, atxik. Igurikatzen du, eta zuzentasuna du
igurikatzen. Gertatzen zaiona, ez baita zuzena. Eta mintzo da: bizi baita, eta hitza bere baitu. Eta mintzo ahal
guziez, oihu, nigar, garrasi. Eta mintzazea manatzen dio Jainkoari : « Oihuz nago eta zu ixilik », eta bere
laguneri: « entzun ontsa nik errana, emadazue kontsolamendu hori …ixilik egon bazinezte, orduan bai zuek
zuhur. » (Jb 21,2; 13,5)
Jainkoa agertu arte ez da ixilduko; dohakabeen oihua entzuten du. Jobek badaki Jainkoak entzuten
duela eta agertuko zaiola. Azkenean, haren iraupena saristatua da: Jainkoa agertzen zaio, Jainkoa mintzo
zaio. Eta orduan da Job ixiltzen, orduan lasaitzen.
Ixtorio hunen erakaspena ? Jainkoak ez du gure kantiken musika goxoa bakarrik maite. Dohakabeen
oihuak entzuten ditu eta onartzen. Bainan hori ez zauku aski. Zertako sofrikarioa ? Nundik heldu da ? Nork
igortzen dauku ? Eta zergatik Jainkoaren ixiltasuna ? Hitz miragarriez denak salatzen ditu eta dagokion
zuzengabekeria errepikatzen.
Lagunek aldiz, beren argitasun eta gogoetak ateratzen dituzte, orain ere entzuten direnak:
– sofrikarioa, Jainkoaren gaztigua. Gaztigua, bekatuaren ondorioa; eta Jobek ezetz, ez duela bekatu
egin. Eta lagunek berriz : bi aldiz gaztigatua: bekatua egin eta gero hura uka ! Aski errana baita: onak
saristatuak eta gaixtoak gaztigatuak!
– Sofrikarioa, bertutea ikasteko bidea, edo bertzela erraiteko: ongi maitatua, ongi gaztigatua. Adibidez,
lagun batek dio: « Dohatsua Jainkoak zentzatzen duena! Ez mespretxa Ahaltsuaren heziketa. Harek
du zauritzen, eta harek zauria lotzen; harek jotzen eta haren eskuek sendatzen. » (Jb 5,17-18)
Liburu osoan zehar, Jobek arrazoin ahul horiek deusezten ditu. Bere bakardadean botatzen zaion
deusetako elasturi hori geldi dadin nahi luke, eta Jainkoa zuzena dela errepikatzen du. Berak bide ederra
eginen du: liburuaren hastapenean, beti eta beti errepikatzen du: « Ez dut bekatu egin! Jasaiten dutana ez da
zuzen », eta bere lagunen logika berean dela ez da ohartzen. Eta pittaka pittaka, bere biziaren esperientzia
heldu zaio gogorat: ez ote ditu ainitz gaixtagin uros bizitzen ikusi ? eta ainitz jende xuxen eta hobengabe
infernuko biziaren jasaiten? Ez, ez da zuzentasunik.
Azkenean Jainkoa mintzatzen zaio : ez du Job erasiatzen, haren lagunen arrazoinak ditu deuseztatzen .
Dio: « Job bakarrik da nitaz ongi mintzatu. » Erran nahi baita, oihu egitea, jazartzea, xuxen dela. Gero
Kreazionearen mirestera eta bere jakingabearen aitortzera gomitatzen du Job. Aita batek bere haurrari
erakasten dion bezala, goxoki bainan fermuki, Jainkoak dio: « nere gogoetak ez dira zuenak .» Haren
zuzentasuna ez baita gurea, ez dugu haren kontra egiterik. Job gizon zuzenk, ongi ulertzen du erakaspena;
aitortzen du: « Jakin gabe mintzatu naiz konprenitzen ez ditutan misterioez… Ni ez naiz on, zer ihardetsiko
dauzut ? » (Jb 42,3; 40,4)
Bururatzean, Joben liburuak ez du sofrikarioari argitasunik ekartzen. Bainan bidea erakusten dauku.
Geure oihuak ez ixil, bainan konfiantxa atxik eta Jainkoaren eskua tinka, gurekin baitago munduak dirauno.
Claudel-ek dion bezala: « Jesus ez da sofrikarioaren esplikatzera etorri bainan hartan bizitzera. »

Salmoa 146

Leloa : Mundu guziak Jaunari kantu,
bihotz hautsiak sendatzen ditu!
Aipa Jainkoa, ona baita: Zenbat izar den kondu baitu,
Hain baita gozo, hari kanta! Beren izenaz deitzen ditu.
Bihotz hautsiak piztu ditu, Handia Jauna, izigarri,
Eta zauriak berak lotu. Zuhurtasunaz ezin neurri.
Apalak ditu xut ezarri,
Buru harroak hits igorri.
Kanta Jaunari denek betan
Hari eskerrak soinuz eman!

Bertso hauek Jainkoa ospatzen dute, bere herria libratu baitu. « Aipa Jainkoa, ona baita: hain baita
gozo, hari kanta! » eta gaur ez da alferretan irakurtzen : lehen irakurgaiari oihartzun egiten dio. Ondoko
bertsoek diote: « bihotz hautsiak piztu ditu eta zauriak berak lotu ». Bai, egiaz, Job bihotz hautsia zagon:
ezin konprenituzko sofrikariotan. Bihozminaren erdian, hor dugu Joben iraupena, haren ausartzia haundia
Jainkoari mintzatzeko. Eta ororen buru, aurkitzen duena ez da mirakuiluzko sendagailu zenbait, bainan
Jainkoa bera bere ondo ondoan.
Salmoak diolarik : « bihotz hautsiak piztu ditu, eta zauriak berak lotu » bihotzaz da mintzo, ez eta
gorputzaz. Jainkoaren hurbiltasuna jende umilen ondoan Testamendu Zaharraren aurkikuntza haundienetarik
da : geroztik, jendea ez da bakarrik bere atsegabe eta biziko makurrekin. Hemen aipatu bihotz hautsiak,
Jerusalemetik Babiloniarat Nabukodonosorek erbesteratu juduak daitezke. Salmo hunen hastapena heietaz
da mintzo : « Jaunak du Jerusaleme eraikitzen, Israelgo erbesteratuak biltzen ». Hastapeneko lehen
bertsuak hauek dira: « Alleluia! Bai eder, gure Jainkoa kantuz ospatzea, bai gozo, haren gorestea! Jaunak
du Jerusalem eraikitzen, Israelgo erbesteratuak biltzen. Bihotz hautsiak sendatzen, heien zauriak lotzen. »
Babiloniako desterruaren bururatzean, Alleluia hunek askatasuna ederki erraiten du. Etxeratzea,
politikazko askatasuna da, eta oroz gainetik izpiritual askatasuna: desterruan zagolarik, herriak bere ixtorioa
ber-irakurtu du eta bere gogoetak egin; profetek aitzinetik mezutua zuten: zorigaitza, ez bazirezte
bihozberritzen; eta Nabukodonosoren bitartez, zorigaitza etorri zen. Etxeratzeak, Jerusalem eraikitzeak
etorkizun berri bat idekitzen du : Jainkoak barkatu du. Lur Saindurat berriz etorririk, saindutasunean bizi
nahi dute.
Ondoko bertsoek ez dute bertzerik erraiten: « Izarrak ditu kondatzen eta bakotxa bere izenez
deitzen. » Kreazionea aipatzen da; fedearen lehen urratsa Izraelentzat hau da : « Jainko askatzailean sinesten
dut », eta bigarrena «Jainko kreatzailean sinesten dut ». Kreatzailearen baitan sinestea, Egiptotik libratu
esperiantziaren bidez eta bertze askatze guzien bitartez bizi du Izraelek : kreazionearen Jainkoa bere
boterean laudatua da, bainan oroz gainetik, bere jende guzien maitasunean. Izrael izarrez mintzo delarik,
Abrahameri egin agintza du gogoratzen : Abrahamek izar bezainbat ondoko izanen duela !

Bigarren irakurgaia

( Apostolua osoki eta deneri emana )

Jondoni Paulok Korintiarreri 9, 16-19 . 22-23

Haurrideak,
16 Ebanjelioa iragarri dutala, ez dut zeren espantu egin,
nere egin beharra baitut nik hori;
zorigaitz neri, Ebanjelioa iragar ez baneza!
17 Nere baitarik ari banintz, mereziko nuke saria.
18 Bainan ez naiz nere baitarik ari,
Jaunaganik ukan dutan kargua dut betetzen.
Zer sari zor zait orduan?
Hau bakarrik: Ebanjelioa urririk iragartzea,
Ebanjelioak eman eskubideez baliatu gabe.
19 Guzietarik libre izanagatik, guzien esklabo egin naiz,
ahalik eta jende gehiena Kristorentzat irabazteko.
22 Ahul direnekin ahul egin naiz, ahulen irabazteko.
Guziekin guziekilako egin naiz, nolazpait batzuren salbatzeko.
23 Eta hori guzia Ebanjelioarengatik egiten dut,
nihaurek ere salbamenduan parte izan dezadan.

Bere gutunetan, nola esku lanetan artzen den bertzeen bizkar ez bizitzeko, Jondoni Paulok frangotan
errepikatzen du, iduriz urgullu pixka batekin. Eta iduri du, Korintoko elizan, kontrakoek hor aurkitu dutela
gaia: Paulok ez badu diru-saririk nahi, egiazko apostolua ote da orduan ? Hemen, Jondoni Paulok bere
jokamoldea erraiten du xeheki. Urririk ari da, bere buruaz griñarik gabe baita. Ebanjelioaren mezutzea ez da
haren ogibidea; ez du beraz lan-saririk. Eman zaion misioa da, eta horrek azkatasunez betetzen du.
« Berrionaren mezutzea, nere eginbeharra da. » Ez du hautatu. Judu kartsuaren, jakintsuna, farisaua.
Bere kartsutasunak berriki girixtinotuak pertsegitu ditu. Eta betbetan denak aldatu dira: bihozberritu da eta
bere karra Berrionaren zerbitzuan eman du. Harentzat, girixtino izaitea, apostolu izaitea eta predikatzea
doakion manamendua da. Jainkoak deituz geroz, bertzeentzat ari da, pagano deitzen dituenentzat.
Galaziarreri igorri gutunean erraiten du: « Bainan Jainkoak, sortu baino lehen hautatu eta bere onginahiaz
dei egin zautanak, gogoko ukan zuen bere Semea neri agertzea, hunen berriona paganoeri adiaraz
niezoten. Nik orduan ez nion nehori kontseilurik eskatu, … berehala joan nintzen. » (Ga 1,15)
Nolaz ez pentsa profeta batzuen bokazioneari ? Amos, eman dezagun: « Ni ez naiz profeta, ez eta
profeta-taldekidea. Abeltzaina naiz eta basapiku-biltzailea. Bainan Jaunak abereen gibeletik hartu nau eta
bere herri Izraeli bere mezuaren emaitera igorri » (Am 7,14). Edo Jeremias: « Hunela mintzatu zitzaitan
Jauna: amaren sabelean moldatu aitzin hautatu zintutan; sabeletik atera aitzin sagaratu zintutan eta profeta
izendatu nazioneentzat. » (Jr 1,4-5) Profeta beti bertzentzat da. Marken ebanjelioan, Jesusek argi erraiten du
Berrionaren mezutzerat etorri dela.
Paulok ere zoriona eta saria hor ditu : bere eginbeharra eginez. Predikuak ez ditu saltzen. Manua du
betetzen: « Nere eginbeharra da… nihaurek hautatu banu… bainan emana zaitan karguaren betetzen ari
naiz ». Azken hitz hauek esklaboentzat erabiltzen ziren; beraz erran ginezake : hori nihaurek hautatu banu,
saria mereziko nuke; bainan, egiaz, Jainkoaren esklabo nago eta esklaboa ez da sariztatua, jakina den bezala.
Bainan ene saria haundia da, zeren ospe haundia eta zoriona baita Berrionaren mezutzea: saririk ez ukaitea,
hori da ene saria!

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jesusek gure ahuleziak hartu ditu
Eta gure gaitzak ereman.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 29-39

29 Kafarnaumeko zinagogatik ateratzean,
Jesus Simun eta Andresen etxerat joan zen, Jakobe eta Joanirekin.
30 Simunen amaginarreba ohean zagon sukarrarekin.
Berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi.
31 Hurbildurik, Jesusek eskutik hartu eta jeikiarazi zuen.
Sukarrak utzi zuen, eta zerbitzatzen hasi zitzaioten.
32 Arratsean, iguzkia sartu ondoan,
eri eta debrudun guziak ekarri ziozkaten Jesusi.
33 Herri guzia ate aitzinean bildua zagon.
34 Eri ainitz sendatu zituen edozein gaitzetakoak,
eta debru ainitz haizatu.
35 Ez zituen debruak mintzatzera uzten,
baitzakiten heiek nor zen.
Goizean goiz, oraino ilun zelarik, Jesus jeiki zen.
Herritik atera zen eta bazterleku baterat joan : han otoitzean ari zen.
36 Simun eta haren lagunak Jesusen bila hasi ziren.
37 Aurkitu zutenean, erran zioten:
“ Denak zure bila dabiltza.”
38 Bainan Jesusek ihardesten diote:
“ Goazen beste norapait, inguruko herrietarat,
horietan ere Berri Ona oihuka dezadan, hortarako atera bainaiz.
39 Galilea guzian barna ibili zen,
heien zinagogetan Berri Onaren predikatzen
eta debruen haizatzen.

Iduri du kasetari baten artikulua : noiz, nor, nola, argitasun guziak hor dira. Bainan apostoluak ez
ziren berriketariak. Beraz, hainbertze xehetasun emanik, lerro hauek badukete bertze helbururik.
Markek Galilearat geramatza, Kafarnaum herrirat : Goiz bat, arrats bat, eta larunbat biharamuna aipu
dira. Juduentzat, egun bat ez da gauerditik gauerdiraino, bainan iguzki sartzetik iguzki sartzeraino. Larunbata
(edo Xabat) ostirale arratsean, iguzki sartzean hasten da eta larunbat arratsean, lehen izarrak agertzean
bururatzen. Larunbata Sinagogan edo etxean Idatzi Sainduen irakurtzeko eta otoitz egiteko eguna da.
Horrengatik dituzte, Kafarnaumeko jendeek, beren eriak iguzkia sartu ondoan Jesusi ekartzen. Markek dio:
« Arratsean, iguzkia sartu ondoan, eri eta debrudun guziak ekarri ziozkaten Jesusi. »
Egun hartan, Jesusek gauza bat baizik ez du egin: herriko sinagogarat joan eta handik atera bezain
laster etxerat itzuli. Jesus Legean zintzo dabilala erakusten du Markek. Goizean, sinagogan, « izpiritu gaixto
batek hartu gizon bat » libratu du, eta Jesusek izpiritu gaixtoeri manatzen diotelako berria ximixta bezala
zabaldu da. Arratsean, larunbata bururatu ondoan, eri eta debrudun guziak ekarri ziozkatela, ez da beraz
harritzekorik. Erran dezakegu Markek jadanik salatzen duela: Huna Mesias, Erreinua mezutu eta eraikitzen
duena.
Harritzekoa dena, debruek Jesus nor den badakitela. Bainan Jesusek ez ditu mintzatzera uzten: « Eri
ainitz sendatu zituen, edozein gaitzetakoak, eta debru ainitz haizatu ere. Ez zituen debruak mintzatzera
uzten, nor zen baitzakiten. » Jesusek zergatik ixilarazten ditu debruak ? Bera ez da gordetzeko etorri. Bainan
holako Berri baten entzuteko, Kafarnaumeko jendeak ez zitezkeen prest : Kristo nor den egiazki aurkitzeko
badute bide egitekorik. « Jainkoaren Saindua » erraitea ez da aski, hori izpiritu gaixtoek ere badakite. Eriek
Jesus ikusi nahi dute, bainan fededun izaiteko prest ote dira ? Hemen dugu mirakuiluen bikoiztasuna:
sendatua joaitea Jainkoa aurkitu gabe ! Eta Petrik, Jesus atxiki nahiz, diolarik: « Denak zure bila dabiltza »,
Jesusek bere bidean ezartzen du : « Goazen bertze norapait, inguruko herrietarat, horietan ere berriona
oihuka dezadan, hortarako atera bainaiz ». Jesusek ez du sekulan erran: « Mirakuilu egitera etorria naiz »,
bainan Berrionaren mezutzerat: « Jainkoaren erreinua hurbil duzue ». Jainkoaren erreinua gure artean
delako seinalea dira mirakuiluak; bakarrik harrigarriko zerbait ikustea, hor da arriskua.
Markek gertakariak biziki xeheki erraiten ditu: « Goizean goizik, oraino ilun zelarik, Jesus jeiki zen.
Herritik atera zen eta bazterleku baterat joan: han otoitzean ari zen. » Zertako hoinbertze xehetasun ?
Larunbat goizean, Jesusek eri bat eskutik hartu eta xutiarazi du ; ondoko gauean, asteko lehen eguneko
goizaldean (Juduen astearen arabera), bere Aita kausitzeko otoitzaren bidez, basamorturat doa. Zenbait
hilabeteren buruan, asteko lehen egunaren gauean, bere Aitak piztuko du. Bertze ohar bat: basamorturat doa
bere Aitaren aurkitzeko; eta itzuli bezain laster dizipulueri erraiten diote : « goazen ». Otoitzak bultza ote
dezake? Ixiltasunean eta bakardadean egoiteak ez du haren karra ahultzen, bainan bai bultzatzen. Hautua ez
da otoitza edo egintza ; biak lotuak dira. Ez da otoitzik egintzarik gabe ez eta egintzarik otoitzik gabe.
Jesusek egin sendatzeek sofrikarioari buruzko gure solasak aldatu behar lituzkete. Jesusek eriak
sendatu ditu, eritasuna gaitza delakotz. Sendatu eta ber denboran Erreinua oihukatzen du, gaitza Jainkoaren
xedearen kontra doalakotz eta kanporat bota behar dugulakotz. Lehen irakurgaian Job entzun dugu bere
oinazearen oihukatzen eta liburua bururatzean Jainkoak oihu hori onartzen duela ikusi dugu. Sofrikarioa beti
gaitza da, eta behar da salatu. Eri den jendeari, « gertatzen zauzuna ongi da » erraitea erokeria litaike.
Batzuk, Jainkoaren graziarekin, beren oinazeek haunditzen dituzte, bainan sofrikarioa beti gaitz. Minen eta
oinazeen kontra egiten ditugun indar guziek Jainkoaren xedea gauzatzen dute. Jainkoak jendeak salbatzen
ditu eta ez gorputzik gabeko arimak. Ebanjelioaren predikatzea ez da bakarrik adimenduari hitzak erraitea;
jendea sofriarazten duen guziaren kontra borrokatzea ere da.
Hain xuxen, Jainkoaren xedea nigarrik gabeko mundu berri baten eraikitzea da : « Hara, zeru berria
eta lur berria kreatuko ditut…Han ez da gehiago entzunen nigar-hotsik, ez oihurik. Han ez da izanen sortu
orduko hilen denik, ez eta bere adin betera helduko ez denik…. Nere mendi saindu osoan nehork ez du
kalterik, ez hondamenik eginen. Jaunak erran du. » (Is 65,17…) Eta Apokalipsia liburuak dio: « Heien
begietako nigarrak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzerik izanen, ez dolurik, ez oihurik, ez oinazerik,
lehengo mundua itzalia baita. Eta tronuan jarririk zagonak erran zuen : « Hara, gauza guziak berri egiten
ditut » (Ap 21,4)