URTEKO HOGEITA HAMAHIRUGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jaunaren eguna )

Malakias profetaren liburutik 3,19-20

19 Huna non heldu den Jaunaren eguna, labea bezain kizkalgarria.
Harro eta gaizkile guziak lasto izanen dira.
Etortzekoa den egunak kizkaliko ditu,
dio diren guzien Jaunak,
ez diote ez errorik, ez adarrik utziko.
20 Bainan zuentzat, nere Izenaren beldurra duzuenentzat,
zuzentasunaren Iguzkia agertuko da,
bere dirdiran salbamendua dakarrela.

Kristo aitzineko 450 inguruan gira eta fedea ttipitua Izraelen. Jerusalemeko apezak berak
ezazolkeriara eroriak dira.” Zer ari da Jainkoa ?” dio jendeak. “Nun da zuzentasuna? Gaizki egileek
denak alde dituzte !”
Orduan Malakiasek bere profetagintza hasiko du : jendea inarrosiko, apezak ere laikoak bezala
. Profetak dio Jainkoa zuzena dela eta “Haren eguna heldu dela…” Fededunak egun hori igurikatzen
du. Konprenituz geroz Jainkoa Aita dela, egun hori Berri On baten ekarle da.
Malakiasek iguzkiaren itxura erabiltzen du : iguzki hori ” labea bezain kizkalgarria” da. Ez
ikus hor mehatxu bat. Malakiasen liburua honela hasten baita : ” Maite zaituztet”, dio Jaunak. Eta
geroago Jainkoa Aita dela dio (Ml 1,6). “Labea” hitzak ederki erraiten du Jainkoaren Amodioaren
su garra. Guretzat ere buruz buru eginen dugun eguna jinen da, Amodioaren itsasoan sartuko giren
eguna ! “Maite zaituztet. ” Maitasunaren Iguzkiak erreko gaitu, garbituko. Miserikordia hitzean,
miseria hitza barne da, eta gure miseria aitortzen dugun hauk gaitu Jainkoak oroz gainetik maite.
Bainan Malakias jujamendu batez mintzo da : ” Harro eta gaizkile guziak lasto ezarriko dituena
…eta Haren Izenaren beldur direneri salbamendua ekarriko. ” Egia da buluzirik girela agertuko
Haren aintzinean eta ez dugula deusik gordetzen ahalko. Bainan nola jakin nolakoak giren, nor
giren ? Egia erran, erdi batean gaude gehienak segurik. Gutarik bakotxaren baitan bada ona eta bada
tzarra. Ez gira arras onak eta ez ere arras gaixtoak. Jaunaren egun hortan, zuzentasunaren iguzki
horrek ” lasto” eginen ditu gure hutsak, gu garbituko, “bere dirdiran salbamendua dakarrela.” Ez,
ez dugu “Jaunaren egun” horren beldur izaiterik!

Salmoa 97

Leloa : Heldu da Jauna, ikus dezan
Herriak zuzen badabiltzan.

Egin Jaunari soinu kantu:
Jo xirribika, jo salmo ttunttun eta xistu,
Adar-soinu jo, zilar-soinu,
Pitz eta kanta, lurrak errege Jauna baitu.
Itsas-uhainek hari kanta:
Lur guzia jauz: guzi guzien Jauna baita
Ibaiek egin esku zarta:
Mendi-buruek, irrintzin eta zinka bota.
Kanta Jaunari, heldu baita:
Bai, heldu baita, berak hartzeko lurraz arta.
Joanen du joanen lurra zuzen,

Herriak oro zuzenbidean joan ditezen.

Salmo hunek munduaren akabantzara geramatza; “heldu da Jauna…” Kreazione guzia
erreberritua da eta bere zoriona kantatzen du, eta ez bakarrik gizarteak, bainan ere ibaiek, mendiburuek…Paulok Efesoarreri ez ote zioten errana Jainkoaren egitasmoa zela denak batetaratzea,
Kristo buru ? Ez zena hori Izai profetaren amentsa : “Orduan otsoa eta bildotsa elgarrekin biziko
dira, lehoinabarra eta antxumea elgarren ondoan etzanen …” (Is 11,6) .
Bainan egun oraino ez gira hortan. Zein-gehiagoka, herra eta ere gerla da asko eta asko tokitan.
Lurra bera asaldatzen da artetan ainitz desmasia eginez lekuka, basabereen artean ez da bakerik.
Azkarrenak du legea egiten.
Bizkitartean salmo hau, goresmen kantu hau, etorri beharra dena hor balitz bezala ari da.
Jendeari esperantza emaiteko, luze iduri zaukuna iraganen dela dio. Esperantza horren piztea eta
bizirik atxikitzea izan da beti, mendetan zehar, profeten eginbidea bai eta salmoena ere. ” Bai, mila
urte zurezat atzoko egunaren pare, gaueko oren baten pare…” (Sal 90,4) Eta Jondoni Petrik,
pazientzia galtzen ari duten giristinoeri gauza bertsua diote : “…Jaunarentzat egun bat mila urte
bezala da, eta mila urte egun bat bezala…Jauna ez da hitzeman duenaren berantzen ari…gertatzen
dena da pazientzia baduela zuekin.” ( 2 P 3,8-9)
Mementoko Jaunaren pobreek dute salmo hau kantatzen eta bakarrik Jainkoak hautatu
populuak, Izraelek. Denborak beteko direnean, lur guziak du, eta ez bakarrik Izraelek, goresmen
hau aldarrikatuko ! Orduan ez da gehiago gerlarik izanen. Konprenitzen da zergatik Jesusek nahi
duen galda dezagun : ” Etor bedi zure Erreinua!”

Bigarren irakurgaia

( Egin lan, Jaunaren eguna etorri arte )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 3, 7-12

Haurrideak,
7 badakizue zer egin behar duzuen guk bezala egiteko.
Ez gira alferkerian bizi izan zuen artean;
8 ez diogu nehori galdatu jan dugun ogia;
aitzitik, gau eta egun lanean nekatu gira
zuetarik nehoren bizkar ez izaiteko.
9 Baginuen, bai, zuen kontura bizitzeko eskubidea,
bainan nahi ginuen zuentzat etsenplu bat izan.
10 Zuen artean ginenean, hau erraiten ginautzuen:
lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan.
11 Bada, jakin dugu zuetarik batzu alfer bizi direla,
deus egin gabe, non zer jakin berriketan.
12 Holakoeri Jesu Kristo Jaunaren izenean
manu hau eta dei hau egiten diotet,
bakean lan eginez irabaz dezaten beren ogia.

” Lanik ez, janik ez “, horra zer dion Paulok. Ez lezake hain segur gauza bera aldarrika gaurko
egunean. Lanik gabeko ainitz badelakotz egun. Orduan aldiz lana bazitaiken eskainka. Zenbait aste
baizik ez da, alabainan, Paulo herri hortan egoiten eta lana atxemaiten du. Korinton berdin egin
zuela badakigu. Ikus Apostoluen Egintzak liburua (18,1-3).
Paulok ikasia zuen oihal-etxolen egiten ahuntz ilea baliatuz. Ez zen baitezpada lan loriosa edo
ospetsua esku lan hori, bainan farisauek ez zuten gutiesten, nahiz ez izan lan intelektuala edo
artistikoa . “Gau eta egun lanean nekatu gira…” Eta zergatik ? Bertzeen bizkar ez bizitzeko eta ere
etsenplu emaiteko. Alabainan, dioenaz, alfer bizi dira zenbait, eta hori munduaren akabantza arras
hurbil dela sinesteagatik .
Bigarren arrazoin bat ere badu Paulok. Bai mundu hau iraganen da, bainan mundu huntarik du
Jainkoak bere Erreinua egiten. Hasiera liburuan ekarria da gizonari dagola lur hau menperatzea eta
hunen nagusi bilakatzea. Horrela da gizona gizonduko eta mundu hau gehiago Jainkoaren Erreinu
bilakatuko. Jainkoak nahi du guk ere parte har dezagun lan hortan.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Xuti zaitezte, goiti burua,
Hurbiltzen ari zaitzue zuen erospena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 21, 5-19

5 Jesusen dizipuluetarik zenbaitek Tenpluaz baitzioten
harri ederrez eta fededunen emaitzez egina zela,
Jesusek erran zioten:
6 “ Etorriko dira egunak, hor ikusten duzuenetik
harria harriaren gainean ez baita geldituko:
dena suntsituko dute.”
7 Galdegin zioten;
“ Irakasle jauna, noiz gertatuko da hori,
eta zer izanen da seinale gertatzera doala?
8 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Behautzue nehork engana!
Ainitz etorriko dira nere izenean, erranez:
‘ Ni naiz Mesias’ eta ere ‘ Hurbildua da tenorea’.
Ez joan holakoen ondotik!
9 Gerlak eta iraultzak badirela entzutean, ez ikara:
horiek lehenik gertatu behar dute,
bainan ez da berehala azkena .”
10 Erran zioten ere:
“ Nazionea nazionearen kontra
eta erresuma erresumaren kontra altxatuko dira.
11 Izanen dira lurrikara handiak,
eta izurrite eta goseteak han hemenka;
gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta zeruan seinale handiak.
12 Bainan horiek guziak baino lehen,
eskua gainean ezarriko dautzuete
eta gaizki erabiliko zaituztete,
zinagogetarat eta presondegietarat eremanen,
bai eta errege eta buruzagien aitzinerat nere Izenarengatik.
13 Horrek emanen dautzue nere lekuko izaiteko parada.
14 Har gogoan ez duzuela griñatzerik zuen burua nola xuri.
15 Nihaurek emanen dautzuet hitz eta zuhurtzia,
eta zuen etsai guziek ez dute ez ihardokitzen,
ez ihardesten ahalko.
16 Zuen burasoek berek, anaiek,
ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete,
eta zuetarik zenbait hilaraziko.
17 Denek hastiatuko zaituztete nere Izenarengatik.
18 Bainan zuen buruko ile bat ere ez da galduko.
19 Iraupenaren iraupenaz ardietsiko duzue bizia.”

” Etorriko dira egunak, hor ikusten duzuenetik harria harriaren gainean ez baita geldituko…”
Alta Jerusalemen izan denak ikusi ditu tenplo famatu horren harri zenbait bat bertzearen gainean
daudenak oraino. Horrek erran nahi du, Jesusen hitzak hemen, mintzatzeko manera bat direla. Ez
daukute gertatuko dena xehetasun guziekin emaiten, bainan laguntzen gaituzte gainean ditugun
hersturak jasaiten. Mezua hau da : ez izi, gertatzen dena gerta. Tenploaren etsenplua etsenplu ona
da. Biziki ederra zen tenploa, bainan hori ere denak iragaiten diren mundu huntakoa…
” Irakasle Jauna, noiz gertatuko da hori ? ” Galde horri Jesusek ez du errepusturik emaiten.
Bakarrik hauxe : ” Behautzue nehork engana…” Gure giristino bizia behar bezala eremaiteko, ez
dukegu xehetasun horien jakite beharrik. Lukek badaki, ebanjelio hau idaztean, Jesusen erran batzu
zein laster bete diren : “Eskua gainean ezarriko dautzuete, eta gaizki erabiliko zaituztete…” Juduen
partetik eta gero erromanoen aldetik, haste hastetik zer ez dute jasan behar ukan lehen giristinoek
Haren “Izena”ren gatik.
” Bainan zuen buruko ile bat ere ez da galduko…” Horrek erran nahi du gure izaite guzia,
gorputz eta arima, Jainkoren eskuetan dela. Hiltzen bagaituzte ere, Jainkoaren biziaz biziko gira.
Mementorik lazgarrienetan, atxik konfiantxa Jainkoa baitan. Gure lekukotasuna izanen da hori,
Lukek Apostoluen Egintzak liburuan idazten duen bezala : ” Apostoluak Biltzar Nagusitik
bozkariotan atera ziren, Jesusengatik sofritzeko gai aurkitu baitzituen Jainkoak. ” (Eg 5,41)
Jesusek errana zuen : ” Munduan izanen duzue atsegabe; bainan gora bihotzak! Mundua
garaitua dut.” (Jn 16,33). Paulok ere, bere gisan, gauza bera dio :”…Ez herio eta ez bizi, ez aingeru
eta ez goiko beste indar, ez oraiko, ez geroko, ez eta neholako botere, ez ortziko eta ez lurpeko
indar, ez beste edozoin kreaturak ez gaitu berexten ahalko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunaren
baitan agertu daukun maitasunetik “