Urteko 33. Igande B 2018-11-18
HOMILIA

Anai-arrebok!

Igandeetako mezularietako batek, Biblian oso aditua den batek, aste honetako komentarioan, hau esan digu: igande honetako bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, fikziozko zientzia-itxura dutela. Halere, berehala gehitu du: hiru ebanjelio sinoptikoek ¬Mateok, Markosek eta Lukasek¬ dakartela gaurko ebanjelioko pasadizo hau, eta horrek esan nahi duela, lehen kristauentzat oso inportantea izan zela.

Pentsatu behar dugu, lehen kristauek ez zirela jende zozoa eta zoroa. Benetan ulertu zuten pasadizoak zer esan nahi zuen. Benetan ulertu zuten mezua. Eta labur esateko, hau ulertu zuten testuaren jantzi apokaliptiko berezi horren pean: bizi zuten krisialdiaren, bizi zituzten pertsekuzioen, bizi zituzten gerla eta hondamendien artean, Jesus esperantza-iturri ageri zela. Jesusen hitz hauetan ikusi zuten testu osoaren muina: hodeien artean Gizonaren Semea ikusiko dute, aintza handian etortzen. Hau da, gurutzean hil duten eta Aitak piztu duen Jesus hori aintzatsu etorriko da, gizon-emakume guztiok berekin Aitagana eramateko.

Lehen irakurgaiari (Daniel 12,1-3) dagokionez, K.a. 2. mendean idatzia da. Makabearren matxinadaren urteen inguruan (167-164). Pertsekuzio handia jasaten ari ziren israeldarrak. Egoera horrek bi erreakzio desberdin eragin zituen. Batzuek gerlara jo zuten. Beste batzuek, tartean gure idazleak, teologia hausnartzera. Idazleak ikusten du mundu honek ez duela erremediorik; gerora etorriko dela erremedioa: batzuk saria jasotzeko piztuko dira eta beste batzuk zigorra jasotzeko. Jende onaren artean jakintsuak nabarmendu ditu. Hau da, iraganari eta geroari begira bizitzeaz gain, orainaldian profetek irakatsitako bidea jarraitzen dutenak.

Bi puntu dira nabarmentzekoak Danielen pasadizo honetan. Batetik, Itun Zahar guztian lehen aldiz aipatzen eta aitortzen da piztuera; ordu arte, Itun Zaharrean, herriaren biziraupena zuten gogoan, baina ez pertsona bakoitzarena; Danielen liburuan, urrats bat aurrera egin da: batzuk saria jasotzeko piztuko dira. Urrats handia, benetan. Halere, Jesusek aldarrikatuko duen gizon-emakume guztien piztueraren aldean, hankamotz gelditu da: beste batzuk zigortuak izateko piztuko dira, esan du. Bestetik, idazlea Makabearren jokabidearen aurka ageri zaigu: pertsekuzioen eta ezbeharren artean, irtenbidea ez da gerla, baizik jakintsuki jokatzea.

Ebanjelioari dagokionez, kristauek bizi zuten krisialdiari erantzun nahi dio. Lehen mendeko 60. hamarkadan, gerla eta hondamendi askoren esperientzia bizi zuten kristauek. Tartean Jerusalem hiria eta Tenplua suntsitu izana. Egoera horretan, kontsolamendua eta esperantza eragin nahi ditu Markos ebanjelariak.

Horretarako, hizkuntza bereziaz baliatu da. Hizkuntza apokaliptikoaz: eguzkia eta ilargia ilundu, izarrak erori etab.

Hizkuntza berezi hau, askotan, jendeagan izua sortzeko aitzakiatzat hartu izan da. Garai bateko mezako hitzaldiak lekuko. Baita hainbat jendek munduaren azkenaz egindako iragarpenak ere. Nork ez ditu gogoan, «mundua halako urtean bukatuko da» bezalako iragarpenak?

San Joan XXIII.a aita santuaren hitzok gogoratu eta geure egin beharko genituzke: «Ez gatoz bat ezbeharrez mintzo diren profeta horiekin: beti zoritxarrak iragartzen dituzte, munduaren azkena gainean bagenu bezala» (Gaudet Mater Ecclesia hitzaldia, 10. zenb.).

Jesusi ez zaio axola munduaren azkena noiz izango den. Garbi diosku: inork ez daki noiz gertatuko den. Hau da adierazi nahi diguna: Gizonaren Semea ikusiko dute aintzatsu etortzen. Eta gehitu du: mundu honetako gauzak aldatuko eta igaroko dira; «baina nire hitzak ez dira geldituko bete gabe».

Ezbeharrez hitz egitea gustatzen zaienek hau izaten dute joera: iraganaz, izandako munduaz, eta geroaz, etorriko denaz, hitz egiten dute; oraina, ordea, ez zaie axola.

Jesusek seinaleei begira bizitzeko eskatu digu. Eta pikondoaren irudia eman digu: adarrak eta hostoak samurtzen hasten zaizkionean, antzematen duzue uda hurbil dela. Etorkizunaren esperantzak, oraina jakintsuki bizitzera eragin behar digu. Etorkizuna, gurutzean hil baina piztu den Jesus gure bila etortzea izango da. Oraina, gurutzean hil den Jesus imitatzea dugu; hitz batean esateko, on eginez bizi izan zen Jesus imitatzea.

Geroa eta esperantza orainaren eragile izan behar ditugu. Beti ere, Jesus bera geure bidelagun dugula uste izanik.

Dionisio Amundarain