URTEKO 32. IGANDEA C 2019-11-10

SARRERA

Senideok, urte liturgikoa bukatzen ari gara. Gaur hamabost izango dugu azken igandea. Gaurko irakurgaiak, bai lehenengo irakurgaia, bai ebanjelioa, geure piztueraz, geure biziaz mintzo zaizkigu. Bizia bizitzera gonbidatzen gaitu Jesusek. «Bizitzea, alegia: elkartasunean kreazioarekin, adiskidetasunean anai-arrebekin, irekirik Jainkoaren egintzei eta gizakiaren egintzei, etengabeko esperientzian bizitzako dohainekin» (Hirutasun Santuaren Maria Ebanjelista ahizpa, O. Carm.). Horretan datza Jainkoaren bizia; horretan datza gure espiritualitatea.
Zer garen kontuan izan nahi badugu, hiru gauza hauek hartu behar ditugu aintzat: batetik, begiak ireki biziaren aurrean, geure historian Jainko kreatzailea bera kontenplatzeko; bigarren, Jainkoaren Hitzak eskaintzen digun argira jo, bide desberdinen artean egokia bereizteko; hirugarren, horrek guztiak mundua eraikitzera eragin behar digu maila desberdinetan.
Espiritualitateak, hain zuzen, Jainkoaren bizian parte hartzea esan nahi du, Jainkoaren lankide izatea. Eta Jainkoa bizia da. Bizia sortu du. Biziari bizirik eusten dio. Jainkoaren izaera kreatzaile edo sortzaile horixe du kristauak bere jokabiderako araua: bizia sortu, biziari bizirik eutsi. Izan dezagun gogoan: «Jainkoa bizien Jainkoa da».

LEHENENGO IRAKURGAIA Makabearren bigarren liburutik (7,1-2.9-14)

Bi Makabearrak izeneko liburu honen egileak sekulako garrantzia ematen die: bai otoitzari, bai tenpluari, bai Moisesen legea betetzeari.
Gaurko pasarte honetan piztuera, hau da, bizia azpimarratu nahi du. Moisesen Legea haustera eragin nahi dietenen aurrean, piztueran sinesteak ematen die heriotza bera onartzeko indarra zazpi semeei eta amari. Guztiek esaten dute hau torturatzen dituztenen aurrean: piztuera da neurria, eta ez mundu honetako ongizatea: Jainkoa errukituko da gutaz; Jainkoak piztuko gaitu, bizia emango digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik (2,16−3,5)

Segidan entzungo dugun pasarte honek hiru puntu dakartza: batetik, Jainkoari eskerrak ematen dizkio idazleak, tesalonikarrak federa deitu dituelako; bestetik, hainbeste maite gaituen Jesu Kristori, zailtasunen artean kontsola gaitzan eskatzen dio; azkenik, otoitz egiteko eskatzen die tesalonikarrei, Jainkoaren hitza gizon-emakume guztien artean zabalduz joan dadin. Gaur guri esandako hitzak dira.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (20,27-38)

Juduen artean, saduzearrek ez zuten sinesten piztueran, ez zuten sinesten betiko bizian. Eta Jesus barregarri utzi nahi dute, galdera maltzur bat eginez.
Legezkoa zuten juduek eginbehar hau: anaia bat seme-alabarik gabe hiltzen bazen, beste anaia batek ezkondu behar zuen haren alargunarekin. Eta alegiazko edo asmatutako kasu bat aurkeztu diote saduzear horiek: zazpi anaia ziren; zaharrena ezkondu eta ondorengorik gabe hil zen; ezkondu zen bigarren anaia alargunarekin, eta hura ere ondorengorik gabe hil zen; gauza bera beste bostak ere. Galdetu zioten orduan saduzearrek Jesusi: piztuerakoan zeinen emazte izango da halako emakume hura?
Jesusek ez zien erantzun zuzenean. Baizik eta bi adierazpen egin zizkien. Batetik, oraingo bizitza eta geroko bizitza era desberdinekoak izango dira; adibidez, gerokoan ez da ezkontzarik izango. Bestetik, piztuerarik ez dela izango diozue? Ba, zuek fedezkotzat hartzen dituzuen liburuetan dator piztuera badela: Abraham, Isaak eta Jakob hilak diren arren, haien Jainkoaz mintzo dira liburu horiek. Hilik ere bizi direla esan nahi du horrek. Beraz, Jainkoa ez da hildakoena, baizik bizi direnena.
Kristo gure Jauna piztu dela jakin dugunetik, seguru dakigu, fedez, betiko bizia dugula geuk ere geure xedea..

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: geure bizitzan eragile eta motibazio nagusia, beti, piztuera edo bizia, izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Jainkoaren hitza munduan, egiazko eran, gero eta ezagunagoa bihurtzen joan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Pobreen eta gaixoen alde: gugan laguntza eta Jainkoagan esperantza ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Geure elizbarrutiaren eguna ospatzen dugunetan, geure arteko elkartasuna handiagotzeko grazia eman diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.