Anai-arrebok, Jesusen garaiko saduzearrek askotan irakurtzen zituzten Itun Zaharreko lehen bost liburuak. Pentateuko deitzen dugun saila. Baina liburu haiek zer esaten duten konturatu gabe. Tentatzeko egin dioten galderari erantzunez, Jesusek esan die, betiko biziaren baieztapen hori liburu horietan argi eta garbi datorrela.

Guk geuk zenbat aldiz entzun dugu, bai Jesus bera piztu dela, bai gu geu ere piztuko garela? Baina baieztapen horrek ba al du eraginik gure bizitzan?

Garai batean oso arin hitz egin ohi genuen geure azkenaz. Heriotza, arima gorputzetik irtetea dela esaten genuen. Hil da berehala auzi pertsonala egingo digula Jainko epaile zorrotzak. Munduaren bukaeran guztion auzia egingo dela. Purgatorioa hau eta beste dela, zerua eta infernua hau eta beste direla. Gogoan dut gaztetan teologiako irakasle izan genuen aita Albertok, burla eginez, egin zigun komentarioa: behin batean, Beasaingo CAFeko bidetik Ordiziara zihoazela, apaiz batek esan omen zuen: «Bai izugarria infernura joaten direnen zoria: CAFeko su hau bezalako batean bizi beharra betikotasun osoan!»

Gaur lotsatu egiten gara horrelako gauzak sinetsi izanaz. Gizadiaren geroaz gauza sakonago pentsatzera eragiten digu gaur dakigun apurtxoak. Saduzear haiei bezala, ez al digu esango Jesusek, gure bihotzean isuri duen Espirituaren bidez: «ez dakizue zertaz ari zareten hitz egiten»? Ez al zaigu gertatuko San Paulori Atenasen gertatu zitzaion gauza bera? Bertan ziren jakintsuak bildu eta luze hitz egin zien. Baina hildakoen piztueraz hitz egiten hasi zitzaienean, esan zioten: «Beste batean entzungo dizugu» (Eginak 17,32). Paulo ordudanik beste modu batean hasi zen Kristoren berri ematen. Konturatu zen piztueraz ezin hitz egin dela arrazoibidez. Fedearen bideaz bakarrik hitz egin gaitezkeela. Eta fedeak hiruzpalau gauza bakarrik esaten dizkigu: Jainkoak kreatua direla mundua eta gizakia. Eta bizi izateko sortu duela gizakia. Jainkoa ez dela hildakoen Jainkoa. Gizakia Jainkoaz ahaztu izan bada ere, bera ez dela ahaztu gizakiaz. Mila eratan hitz egin diola bihotzera. Azkenean, bere Semea bera bidaliz hitz egin diola. Seme horrek, bere heriotzaz eta piztuera heriotza bera ere gaitu duela. Bai bere kasuan, bai gurean. Seme horrek esan digu, gure artetik joango denean, guretzat bizilekua prestatzera joango dela. Berriro etorriko dela, ez epaile zorrotz bezala, baizik munduan bizi izan denean agertu digun adiskidetasunez.

Jakintsu usteko jende batek beste gauza zehatz asko esango digu. Kontuz! Jesusek berak esan zigun: kontuz jende horrekin. Senideok ireki diezaiogun bihotza Jesusen Espirituari.

Dionisio Amundarain